«Erre koadro hau, eta begiratu kea». Gisa horretako esaldiz betetako artelanekin jarri zituen oinak artearen mugan Yoko Onok (Tokio, 1933), eta urrats bat egin zuen aurrera gero. Baina 1961 zen, eta ez zioten denek jarraitu. Saminik ez, ordea, haren hitzetan. «Niri interesatzen zitzaidana zen zerbait sortzea, ez sortutakoa erakustea. Nire lana garai hartan artetzat jotzen zen artearen aldean, ezberdina zen. Nik banekien jende askok ez zuela ulertuko, eta ez ninduen horregatik gaiak askorik kezkatzen. Sortzen jarraitu nuen. Baina nik pentsatzen nuen egunen batean, agian 50 urteren buruan, edo 100 urteren buruan jendeak deskubritu egingo zuela lan hori. Egun batean, nire lana behar zutenean, jendeak deskubritu egingo zuela eta ulertu». Bilboko Guggenheim museoan ireki diote orain erakusketa, eta aurkezpen ekitaldian eman du azalpena sortzaileak. Arte kontzeptualaren erreferente, performancearen aitzindari, zinemagile, musikari eta bakearen aldeko aktibista da, eta haren ibilbide oparoa bildu nahi izan du museoak Half-A-Wind Show atzera begirako erakusketarekin. Orain urtebete erakutsi zuten lehenengoz Frankfurteko Schirn Kunsthalle galerian, artistaren 80. urtebetetzearen aitzakian, eta orain heldu da Euskal Herrira, 81 urte bete zituenetik hilabete denean. 60 urteko ibilbidean sortutako 200 pieza inguru bildu dituzte bilduman, guztira, eta irailaren 1era arte izango dira ikusgai.
Onok hasierako mesfidantza onartu du. Ez zen guztiz fio Bilboko Guggenheim museoaz. «Maiz hitz egin zidaten museo honi buruz, eta artista iraultzailetzat hartu ohi nautenez, ziur nengoen ezin zela hain ona izan. Ziur nengoen promozio kanpaina edo gisakoren bat zela. Oso zinikoki onartu nuen hona etortzeko gonbita». Baina orduan sorpresa. «Maitemindu egin naiz leku honetaz, eta kasik gaizki sentitu naiz aurreko jarrera horregatik. Sekulako poza sortzen du haren zati bat ikusteak ere. Ez dut uste halako poza transmiti dezakeen beste museorik izango denik». Baina berriz ere Onoren mesfidantza: «Barruan ezin da ona izan». Eta berriz sorpresa. «Sartu nintzen, eta ikaragarri ederra iruditu zitzaidan. Museo hau askoz gehiago gustatzen zait New Yorkekoa baino. Hara joatean, argi ikusten dut arkitekturaren egoa, baina hemen ez da halako ezer. Horma guztiak dira atseginak, eta ez dirudi dena kalkulatuta zegoenik». Eta horregatik poza. Berriz ikusi ditu Bilbon pieza zaharrak. «Oso ongi sentiarazi nau erakusketak neure buruarekin».
Hirugarren solairua osorik hartzen du erakusketak, eta sei aretotan banatu dituzte artelanak. Baina gainditu egiten du banaketa hori sortzailearen arteak, eta aretotik aretorako ibilbidean ere hainbat artelan topatuko ditu bisitariak. Horma batera begiratu, eta bertan, Onok arte piezak sortzeko idatzitako instrukzio horietariko bat. Eseri aulki batean, eta hor beste pieza bat. Eztul pieza. Etengabe parte hartze bila. Ikusleari ikusle izatea ukatu nahian. Nahikoa zaio esaldi bat idaztea, eta hortxe bere lana. Bertan, 1961ean aipatutako kea, orain Bilbon, aulki batean idatzita. «Egin eztul urtebetez». Baina zeharbideak zeharbide, kronologikoki antolatu dute ibilbidea, eta lehen instalazio, film eta objektuekin hasten da erakusketa.
Eta bertan John Lennonen lehen erreferentzia ere. Izan ere, handia da Onoren senar eta sorkuntza kide izandakoak erakusketan duen presentzia. Lehen pieza horretan, adibidez. 1961ean New Yorkeko AG galerian jarri zuten aurrenekoz Ceiling Painting izenekoa ikusgai. Han ezagutu zuen Lennonek Onoren artea; gustatu, eta hala ezagutu zuen Ono bera ere. Eta hori da orain Bilbon erakusketa zabaltzen duen lehen lana. 1961ean bisitariari eskailerak igo eta lupa baten bidez sabaian idatzitakoa irakurtzeko gonbita egiten zion artelana. Sabaian, hitz bakar bat: «Yes». Eta Onok azaldua duenez, hitz bakar horren baikortasunak bultzatu omen zuen Lennon artista ezagutu nahi izatera.
Onoren performancerik esanguratsuenak hartzen ditu bigarren aretoak, eta haien artean da 1964ko Cut Piece ezaguna. Ono, geldi, oholtzan, jendeak guraizeekin arropa puskak mozten dizkion bitartean. New Yorken egindako saioaren bideoa osorik ikusi daiteke orain, baina aretoan badira beste hainbat performanceren argazki eta lekukotzak ere. Bag piece izenekoarenak, adibidez. Hirugarren aretoan, berriz, zinema lanak batu dituzte komisarioek. Eta tartean da euli batek emakume biluzi baten gorputzean egiten duen ibilbideari jarraitzen dion Fly bideoa ere, 1970ekoa.
Yoko Onoren euskara
Instalazioak daude laugarren aretoan, eta Bilborako espresuki moldatu ditu horietariko batzuk artistak. Euskaraz idatzi ditu, adibidez, Blue Room Event piezako mezuak museoko hormetan [Irudian ikusi daiteke adibidea]. Berriz ere Onoren esaldi horietako batzuk dira artelanaren funtsa. Lerro zuzen luze bat, adibidez, horma zurian, eta haren azpian, mezua. «Lerro zuzen hau zirkulu handi baten parte da». Euskara hutsean dena, eta Onoren hizkiz idatzita. Baina izan du beste keinurik ere. 1971n egin bezala, hainbat sortzaileri eskatu die laguntza orain ere Water Event pieza egiteko. Ur eskultura bana sortzeko eskatu zieten ordukoan Onok eta Lennonek gertuko zituzten hainbat artista, musikari, aktore eta laguni. Ura biltzeko edukiontzi bana bidaltzea proposatu zieten orduan, eta, besteak beste, John Cagek, Barbara Moorek eta Jack Nicholsonek erantzun zuten deia. Eta eguneratu egin dute orain prozesua. Bilboko museoan izan diren hainbat artistari eskatu diote ontzi bana bidaltzeko oraingoan, eta baita zenbait euskal artistari ere. Eta, beraz, bertan dira, besteak beste, Jeff Koons, Anish Kapoor, Ernesto Neto, Asier Mendizabal eta Txuspo Poyok igorritako ontziak. Ur eskulturak dira guztiak, ontziak, baina urik gabe. 1971n sortutakoak bezalakoak.
Arkitektura laztantzen duten piezak daude bosgarren gunean, eta artistaren musika ibilbide osoa laburtzen duen aretoa da azkena. Baina aurrera begira amaitzen da bilduma. Horregatik da Wish tree izeneko lana erakusketako azkena. Urtebete badu piezak, baina, lekuaren arabera, aldatu egiten dute. Zuhaitz bat da berez pieza, eta ohar batzuk ditu zintzilik. Beren desirak bertan idatzi eta adarretan uzteko gonbita egiten die bisitariei Onok. Euskal Herrian baino lehen ere egin du pieza hori artistak atzera begirakoa hartu duten beste hirietan, baina aldatu egiten du zuhaitza mota lekuaren arabera, eta olibondoa hautatu du Bilborako. Bertan zintzilikatu ditzakete bisitariek beren desirak, eta horiekin amaitzen da atzera begirakoa. Aurrera begira, nolabait.
Hirira era zabaldu du bere lana Onok, kartel erraldoiak jarri ditu kalean Dream (Amestu), Fly (Hegan egin), eta Imagine (Imajinatu) hitzekin.
Koadroak erre osteko kea
Yoko Onoren ibilbide artistiko osoa hartzen duen 200 pieza inguruko atzera begirakoa ireki du Bilboko Guggenheim museoak60ko hamarkadan hasi, eta gaur egungo lanekin amaitzen da bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu