Isiltasuna da liburutegien baliorik preziatuenetako bat, baina gaur, goizean eta iluntzean, musikak isiltasuna urratuko du Euskal Herriko liburutegi garrantzitsuenetako batean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak 20. urteurreneko ospakizunak musika emanaldiekin hastea erabaki baitu; arratsaldean, berriz, Dantzaz konpainiak Ni espioi koreografia eskainiko du, kulturunearen atarian (edo erakusketa aretoan, euria ari badu). Ondorengo egunetan ere hainbat dantza, antzerki, poesia eta musika emanaldi izango dira, eta Itziar Okarizen performance bat azaroaren 13an. Horrez gain, 20 urteotan KMKn egin diren erakusketa guztien katalogoak eta bideoak ikus daitezke egunotan erakusketa aretoan.
Ekitaldietara joateaz gain, erabiltzaileek zuzenean ere parte har dezakete urteurreneko ekitaldietan, nork bere liburu kuttunaren azalaren argazki bat bidaliz, edo argazkia liburutegian eginez, horretarako prestatutako txokoan. KMKk webgune bat sortuko du (www.liburubatistoriobat.com) liburu horien berri emateko, eta azaroaren 25etik aurrera gune hori bisitatu ahal izango da, eta liburuak irakurri edota maileguan eraman. Erabiltzaileek hautatutako liburuen artean KMKren funtsetan ez daudenak baldin badaude, KMKk haiek eskuratzeko ahalegina egingo du.
Komikien arloari bultzada
Aurrera begira, bereziki hiru ildotan egin nahi ditu urrats berriak KMKk, Ikerne Badiola Kultura diputatuak azaldu duenez: «Lehena, Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea, eta alor horretan dagoen hutsunea betetzea, Gasca Funtsak irekitako bideari esker; bilduma hori gizarteratzeko espazio bat sortuko da KMKko liburutegian. Bigarrenik, liburutegiaren funtzioak, zerbitzuak, baliabideak eta funtsak lantzea migrazioaren, aniztasuna eta berdintasunaren perspektibatik. Eta hirugarrenik, Euskal Herriko liburutegi digitalaren bidean pausoak ematea».
KMKk askotariko ekitaldiekin ospatuko du 20. urteurrena
Musika, dantza, antzerkia, poesia eta performance bat izango dira egunotan Donostiako gunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu