Hamarkada bat hastearekin batera, beste musika eta kultura estilo bat iritsi ziren 1990eko lehen urteetan. Disco musika boladan zegoen, baina,urte horietan, gogor jo zuen musika elektronikoak, eta, besteak beste, Txitxarro kluba izan zen haren sehaska Euskal Herrian. Dantz jaialdiak Euskal Herriko musika elektronikoaren historia eta iragana mahai ingurua antolatu zuen herenegun, Donostiako Tabakalera zentroan, eta hizlari aritu ziren Xabier Erkizia soinu artista eta ikertzailea, Oier Korta Txitxarro eta Itzela klubetako gerente ohia, eta Juan Carlos Sanchez DJa, Ion Andoni del Amok gidatuta.
Kontatu dutenez, garai hartan, DJak atzerrira joaten ziren musika berriaren bila. Zaila eta garestia zen DJ izatea; izan ere, biniloekin egiten zuten lan, eta maiz ez zuten horiek erosteko adina dirurik. Digitalizazioak, ordea, erraztu egin zien musika berrietara iristeko bidea.
Jendeak ez zuen edozer gauza eskatzen: «Disko bat kalean entzuten zenerako, zaharra zen Kun». Lelo bat bihurtu zen hori, Sanchezen hitzetan. 25 urte eman zituen DJ lanean Eivissako Ku klubean —gaur egungo Privilegen—, Herrialde Katalanetan, eta munduko onenekin batera aritu izan da: «Amerikarra zen guztia erosten nuen nik, soinu kalitateagatik. Punka eta housea uztartzen hasiak ziren orduan, eta oso erakargarria iruditzen zitzaidan».
Garai hartan jendearengana iristea ere ez zen batere erraza: «Publizitate basatia egin behar zen jendea etortzeko: kartelak, flyer-ak, harreman publikoak, telebista, irratia... eta oso garesti ateratzen zen. Orain errazagoa da jendearengana iristea, Interneti esker», azaldu du Kortak.
Euskal Herria, erreferente
Txitxarro zen Euskal Herriko klubik ezagunena; 1976an ireki zuten, Itziarren (Deba, Gipuzkoa). Berbenak egiten zituzten hasieran, eta 1990eko hamarkadan elektronika gauak iritsi ziren. Hiru urtez bizi izan ziren elkarrekin bi estiloak han, eta milaka pertsona joaten ziren: «Txitxarroren alde rockeroa bai baina elektronikoa gustuko ez zuen jendea zegoen, baita alde batetik bestera zebilena ere», azaldu du Kortak. Itzelak ere berebiziko garrantzia hartu zuen garai hartan; 1986an ireki zuten, Oiartzunen (Gipuzkoa).
Orduan sortu zen 12h Non Stop izeneko korrontea: hamabi DJ, hamabi orduz, gelditu gabe. Musika elektronikoaren hastapenekin lotuta zegoen fenomeno hori, eta «garaira egokitu beharra zegoen». Beraz, 1991n, Txitxi after-a ireki zuten Txitxarrokoek.
Euskal Herria erreferente zen klubetan. «Madrildik eta Bartzelonatik zetorren jendea txundituta geratzen zen Euskal Herrian zegoen eszena indartsuarekin», Kortaren hitzetan. Txitxarron eta Itzelan, giroa desberdina zen. «Txitxarrora gehiago zihoan jende euskalduna, eta Itzela kapitalekoagoa zen». Hala ere, Kortak adierazi duenez, ez zegoen zehaztutako estereotiporik. Kura joaten zirenen erdiak, ordea, frantsesak ziren: «Puntakoak ginen Kun, musikalki, Frantzian kultuak zirelako horretan, eta DJ batek aurrean duenari eutsi behar diolako», kontatu du Sanchezek.
Erkiziak azaldu duenez, musikak berak ez du ideologiarik: hori norberak jartzen dio. «Denbora luzea behar izan da jendea musika elektronikoan hezteko; soinu hutsekin, ez zuten ezer ulertzen», Sanchezen hitzetan. Hitzak zituzten kantuak aditzera ohitutako entzuleek ez zekiten zer jarrera hartu musika horren aurrean.
Elektronikaren inguruan, drogek eta politikak pisu handia hartu zuten garai hartan. Kortak azaldu duenez, Txitxarrora joaten ziren askok ez zekiten «ezertxo ere» politikaz. Era askotako jendeak bat egiten zuen, Erkiziaren arabera: «Klubak maila soziokulturaleko aukera guneak ziren; han, tribuek ez zuten axola».
2000ko irailaren 10ean, ETAk Txitxarro leherrarazi zuen. «ETAren helburua dena zapuztea baldin bazen, kontrakoa lortu zuen; hurrengo bi urteetan, inoiz baino lan gehiago egin genuen», azaldu du Kortak. Itzelak hartu zuen orduan Txitxarroren lekua, eta aretoa handitu behar izan zuten, jendea sartu ahal izateko. Txitxarro espiritua delakoa sortu zen orduan, eta 2003ko irekiera festa «ikaragarria» izan zen, Kortaren hitzetan. «Ez dakit aretoren batek etengabeko mugimendu hori izan duen inoiz».
«Gaueko erresumek» jende askoren bizitza markatu zuten. Datozen egunetan, Dantz jaialdiak elektronikaren orainean sakonduko du bere egitarauan.
Klubak, gaueko erresumak
Elektronikaren munduaz eta diskotekek izan duten bilakaeraz jardun dira 'Euskal Herriko musika elektronikoaren historia eta iragana' mahai inguruan, Dantz jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu