Berrikuntza itzela ekarri zuen argazkigintzak XIX. mendearen hasieran. Ilustrazioak albo batera utzi, eta errealitatea bertatik bertara islatzeko tresna gisa ulertzen zuten askok praktika hori. Diziplinaren garrantziaz jabetuta, bilduma bat osatzen hasi ziren Enrique Ordoñez eta Isabel Falcon senar-emazteak. Nazioartean esku pribatuetan den argazki bildumarik garrantzitsuenetakoa daukate egun, eta horietako 110 argazki dohaintzan eman dizkiote orain Bilboko Arte Ederren Museoari. Mundu berri bat ikusteke deitu dute erakusketa, eta 2024ko otsailaren 18ra arte bisitatu ahal izango da, museoaren 6., 7., 8., 9. eta 10. aretoetan.
Zehazki, 1970eko hamarkadaren amaieran hasi ziren Ordoñez eta Falcon bilduma osatzen. Guztira, bi mila obratik gora bildu dituzte urte hauetan guztietan, eta horietatik 110 argazki jaso ditu Arte Ederren Museoak. Aurrez, beste 61 eta 47 argazki eman zizkieten dohaintzan, 2007. eta 2009. urteetan, hurrenez hurren. Beste mila obratik gora, berriz, Tenerifeko (Kanariak, Espainia) Arte Espazioan daude. Aurrerantzean, beraz, bi espazioek elkarrekin kolaboratzeko aukera izango dutela nabarmendu du Miguel Zugaza museoko zuzendariak.
Erakusketako obrei dagokienez, 1850 eta 2010 bitartekoak dira irudi guztiak. Edukiari dagokionez, berriz, gai asko tartekatzen dira: paisaiak, erretratuak, emakume biluziak, eszena kostunbristak, monumentuak... Hala ere, erakusketa ez dago kronologikoki antolatuta; hiru eremutan banatu dute: Zientzia eta natura; Arkitektura eta hiria; eta Erretratuak eta pertsonak. Guillermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko Diseinu eta Arkitektura kontserbatzaileak kontatu duenez, bi helburu bete nahi izan dituzte erabaki horrekin: «Obren naturaltasuna erakutsi nahi izan dugu, batetik; eta bisitariei irudi bakoitzaren berezitasunak erakutsi nahi izan dizkiegu, bestetik. Izan ere, mundua goitik behera eraldatu zuen argazkigintzaren kontzientzia optiko berriak». Nazioarteko 63 egileren lanak bildu dituzte denera, eta obra horietako hamalau artista ezezagunenak dira.
Edad de la luna argazkiak irekitzen du Zientzia eta natura atala. Henry Freresek 1890. urtean egindako irudi bat da, eta, izenburuak aurreratzen duen bezala,ilargia ageri da. Hondo beltzaren gainean kokatu dituzte gaiaren inguruko irudi guztiak, eta XIX. mendean argazkilaritzak izandako bilakaera aztertzea izan da asmoa, Zuaznabarren hitzetan: «XIX. mendera arte ez zen garatu argia mekanikoki finka zezakeen teknikarik. Prozedura horren lehen laginen bidez, irudiak ilustratzea eta hedatzea zen helburua». Hala, bi gela hartzen dituen espazio horrek aukera ematen du argazkigintzaren garapen teknikoa ulertzeko. Besteak beste, Olympe Aguado, Eugene Cuvelier eta Peter Henry Emerson argazkilarien lanak daude ikusgai eremu horretan.
Arkitekturari eta hiriari begiratzen die erakusketaren bigarren parteak. Izan ere, hiriek eraldaketa nabarmena izan zuten XIX. mendean. Aldaketa horietako batzuk erregistratu dituzte atal horretan, Zuaznabarrek aurreratu duenez: «Monumentuak eta haien historia motibo zentral bihurtu ziren, hirigintzan gertatzen ari ziren aldaketak proiektatzeko». Horren erakusgarri da Egiptoko Alexandriako kolomaren irudia. Garai hartakoak dira Veneziako zein Parisko bisten «lehen irudi prototuristikoak» ere: «Hiri eta industria argazkiak ageri dira maiz, eta eraikuntza berriak, makinak eta hirigintza aldaketak ere islatzen dituzte».
Bestalde, askotariko erretratuak biltzen ditu azken aretoak. «Burgesiaren esku egotetik, gizarte osora zabaldu ziren erretratuak argazkigintzari esker», azaldu du Zuaznabarrek. Roger Fentonen eta Leon Cremierren argazkiak ikus daitezke eremu honetan, baita Victor Hugo eta George Sand idazleen erretratu klasikoak ere.
Euskal artistak ere presente
Argazkiez gainera, Alain Urrutia artista bilbotarraren hamabi marrazki ere bildu dituzte erakusketan. Katamalo izena du bildumak, eta artistak 2010. urtean marraztutako ikatzezko irudiak biltzen ditu. Horiek ere dohaintzan jaso ditu Arte Ederren Museoak.
Alabaina, ez da Urrutia erakusketako euskal artista bakarra. Isabel Azkarate lehen euskal emakume fotokazetariaren irudi bat, Xabier Alkortaren Soldaduak bildumako hiru irudi, Jose Ramon Amondarainen argazki bat eta Aritz Loiolaren beste bat ikusi ahal izango dira.
Klik bat, eraldaketaren ikur
Enrique Ordoñezek eta Isabel Falconek hainbat artistaren 110 argazki eman dizkiote, dohaintzan, Bilboko Arte Ederren Museoari. Otsailaren 18ra arte egongo dira ikusgai, museoko bost aretotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu