Klasikoen kosmosean

Gaizka Insunzak bakarkako debuta egin du, 1960. eta 1970. urteetako airea duten zortzi abestirekin. Kafe Antzokian ariko da gaur, Bilbon

Insunzak berak jo ditu bere bakarkako lehen diskoan ageri diren instrumentu gehienak. GAIZKA INSUNZA.
itziar ugarte irizar
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
My dream come true (Nire ametsa egia bihurtua). «Asmo-deklarazio» horrekin abiatzen da Gaizka Insunzaren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1978) bakarkako lehen diskoa, egilearen izen berekoa. Kantuek denbora dute, eta denbora igaro da grabatu zituenetik plazaratu dituen arte. Urteetan, Audience taldearekin ondu dituen lanetan «kanpoan» geratuz joan zaizkio zenbait kantu, «Audienceren dinamikan sartzen ez zirenak». Alboan eraman ditu, halere, eta Capsulako Martin Guevarak bultzatuta grabatu ditu azkenean, haren Bilboko Silver Studios estudioan. 2016an izan zen hori, baina 2019aren bigarren erdira arte ez du ikusi lan berria aurkezteko tarte onik: «2017an proiektu oso potolo bat izan genuen Audiencen: Kaki Arkarazorekin Kubara joan ginen, hango musikariekin disko bat grabatzera; 2018a izan zen Isla diskoaren aurkezpena; 2019 hasieran Kalaportu biran egon ginen murgilduta. Eta ez nuen ikusten aldi berean proiektu biak aurrera eramateko modurik. Hau produkzio txiki bat da, eta oso kopia gutxi atera ditut, baina, kaleratutakoan, behar duen mimoa eskaini nahi nion».

Hogeita hamar segundo inguruko kantua da My dream come true, eta ondo egiten dio sarrera ondoren datorrenari, Insunzaren ustez: «Diskoa ere laburra da, eta soinu aldetik badu lotura ametsekin, nire mundu propioarekin, bakardadean egotearekin...».

Zortzi kantu dira denera, ingelesez zortziak. Bidehutsek kaleratu du lana, eta, bakarkako lehen diskoa izanik, Insunzak izkin egin nahi izan dio «pretentzioso» jokatzeari. Horregatik konposatu ditu iraupen laburreko eta egitura «sinpleko» abestiak. «Audiencerekin alderatuta, nire kantuek badute estrofa eta estribillo bezala bereiz daitezkeen zatiak. Kantu hauek Audiencera eramanda bost minutu iraungo zuten, instrumentu gehiago izango zuten... Bakarka edo taldean hartu, erabakiak ezberdinak dira, eta hori ez da bakarrik edukiaren alde sakonean nabaritzen, baita iraupena bezalako alde azalekoetan ere».

Berak jo ditu, gainera, diskoko instrumentu gehienak —Mariana Perezek eta Ruben Garateak ere hartu dute parte, baterian eta akordeoian, hurrenez hurren—, eta horrek ere eman die forma kantuei. Randy Newman, Elvis Costello, Brian Wilson eta parekoen eragina aipatu du musikariak, eta hogei urte atzera izan zuen «musika background-era» itzuli dela: «Ni oso maiteminduta nago 1950eko hamarkadarekin, 1960ko eta 1970eko musikarekin. Erosten ditut gaurko diskoak ere, baina azken urteko lan onenetako asko ere ez dira hain modernoak: Joe Henry, Nick Cave... Klasiko moderno bihurtu dira. Gaurko joera esperimentalekin baino gehiago, artista tradizionalekin eta rock klasikoan aritzen direnekin sentitzen naiz oso identifikatuta».

Baita Audiencerekin ere

Datozen hiletan, Insunzak paraleloan egingo ditu bakarkako bidea eta Audiencerena. Taldea 20. urtemugara heldu zen abenduan, gainera, eta kantu berriak grabatzen ari direla iragarri du musikariak. Horrekin bat, lehen lana aurkezten segituko du, lekuak eta datak zainduta. «Uste dut xumetasunean hartzen duela balioa nire diskoak». Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean izango da gaur, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.