Kritika-Dantza

Klasikoaren abangoardian

Agus Perez.
2024ko irailaren 19a
05:05
Entzun

'La mégère apprivoisée'

Konpainia: Monte-Carloko Balletak. Koreografia: Jean-Christophe Maillot. Koreografia-laguntzailea: Bernide Coppieters. Musika: Dimitri Xostakovitx. Eszenografia: Ernest Pignon-Ernest. Argiak: Dominique Grillot. Jantziak: Augustin Maillot. Argumentuaren moldaketa: Jean Rouaud. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi. Eguna: Irailaren 14a.

Monte-Carloko Balletei egokitu zaie aurtengo Dantza Maitaldia ixteko ohorea, eta duela gutxi zendu zen Jakes Abeberriri eskaini zioten emanaldia, publikoki eskertuz festibala berak fundatu izana.

Jean-Christophe Maillot Monte-Carloko Balleten zuzendari eta koreografoak 80 ballet diseinatu ditu, eta horrek asko dio bere sormen gaitasunaz eta kategoriaz. Oraingo honetan La mégère apprivoisée ekarri digu William Shakespeareren The Taming of the Shrew komedian oinarrituta eta Jean Rouauden argumentu-moldaketarekin. Jakitun izanik, obra klasiko askotan bezala, gizonen balio matxistak nagusitzen direla, beste ikuspegi bat eman nahi izan dio planteamenduari: Catarina eta Petruchio izaki independente eta arau sozialei ondo egokitzen ez diren pertsonaiak bezala diseinatu ditu, eta bien arteko ezkontzan bi pertsona libreren elkartzea ikusi du.

Eskailera kurbatu bikoitz batek presiditu du hasierako eszena. Haren erdiko atetik irten dira lehen pertsonaiak –zerbitzariak, etxeko jauna, haren bi alabak (Catarina eta Bianca) eta hasierako hiru ezkongaiak–, eta eremu eszeniko zuri baina aldakor hori baliagarria izan da eszena guztietarako, basoarena barne, atzeko sei zutabe altu eta dotoreen laguntzaz. Argien diseinua argumentuaren zerbitzura jarri eta zurian oinarritu da gehienbat, urdin tonuekin batzuetan. Jantziek, berriz, klasikotasun abangoardista erakutsi dute, gehienetan zurian eta beltzean, baina Biancaren eta hiru ezkongaien kasuetan kolore bana erakutsiz.

Dimitri Xostakovitxen konposizio asko izan dira dantzaren laguntzaile, eta proposamenak pantomima arin eta estilizatu baten itxura hartu du, edo bestela, Hollywoodeko musikalen izaera jostaria, distantziak distantzia. Ez da harritzekoa, gero, kontuan izanda konpositore sobietarrak bere herriko film askotako soinu-bandak sortu zituela. Horren adibide dugu azken eszenan entzun dugun Tea for Two famatua, Xostakovitxek bere opera baterako Tahiti Trot (Tea for Two) izenburuarekin moldatu zuena.

Ez dakigu nola, baina dantzak argi azaldu digu istorioa, dantzaren mailarik altuenari une oro eutsita. Munduko konpainia handietan solistak izan zitezkeenek beste mailako rolak jokatu badituzte hemen, zer esan protagonista egon direnei buruz? Emanaldian zehar duo eta trio harrigarri asko ikusi ditugu eta dantzarien prestakuntza gaindiezinak edertasun gorenera eraman du Monte-Carloko balletek eskaini diguten gaualdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.