Hilabeteak eman ditu Alex Gerediaga antzerki zuzendariak William Shakespeareren Macbeth obrari lotuta. «Uda osoa pasatu dut testua aztertzen», esan du, burla doinuan. 1606. urtearen inguruan idatzi zuen idazle ingelesak Macbeth, eta gehien interpretatu diren klasikoen artean dago: hamazazpi film baino gehiago egin dira obra ardatz hartuta, eta operara ere eraman dute behin baino gehiagotan. Antzerkian ere, ehunka aldiz antzeztu da traizioari eta handinahikeriari buruzko tragedia hori. Bada, bertsio propioa ontzen aritu da Gerediaga, Bilboko Arriaga antzokiaren eskariz. Testua bere egin, eta «modernizatu» egin duela dio, eta Jon Gerediagak moldatu du euskarara. «Jonek [Gerediagak] egin duen lana izugarria da. Jakin izan banu, haren testua itzuli eta gaztelaniara ekarriko nuke orain», aitortu du, umorez. Hamabi aktoreko lantaldea bildu du antzezlanerako, eta otsailaren 7an erakutsiko dute emaitza. Euskaraz eta gaztelaniaz emango dute, Bilboko Arriaga antzokian. Familia osoa elkartu eta egi- tasmoa aurkeztu zuten, atzo bertan.
Ez du lan erraza izan Alex Gerediagak. «Sorpresaz hartu nuen proposamena, normalean ez baititugu taularatzen gureak ez diren testuak; are gutxiago Macbeth bezalako klasiko bat. Nolanahi ere, lanean hasi ahala, ikusi nuen posible zela obra gure egiteko moduetara ekartzea; gure estetikara, alegia». Macbeth «garaikidea» dela dio. «Ez dago toki eta denbora jakin batean kokatuta». Baina, aitortu duenez, hiltzaile familia batean girotu du bertsioa.
Shakespeareren testua errespetatu du zuzendariak. «Narratiba errespetatu dut, eta oinarrizko testuak ere bai. Baina Shakespearek asko errepikatzen du; informazio asko ematen du. Hori dena sintetizatu dut». Zailtasunak izan ditu, hala ere; jatorrizko testuan 27 pertsonaia azaltzen baitira. «Ez dut gustuko aktore batek pertsonaia bat baino gehiago antzeztea; beraz, pertsona berarengan elkartu ditut horietako asko». Pertsonaia bakar batengan bildu ditu, kasurako, Macbeth obran azaltzen diren mezularia, hiltzailea eta ezkutaria.
Zehazki, jatorrizko 27 horiek hamabi aktoreren esku utzi ditu: Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxebarria, Sandra Fernandez, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urzelai izango dira taula gainean.
«Istorioa ez galtzea izan da zailena: testua laburtuz eta informazioa sintetizatuz narratiba mantentzea». Gerediagak aitortu du lagungarri izan zaizkiola Orson Welles eta Roman Polanski zinema zuzendariek Macbeth obrarekin ondutako filmak, besteak beste. «Istorioaren zer zati aukeratzen duten eta istorioa nola kontatzen duten aztertu dut, eta oso interesgarria izan da».
Losada eta Gaztañaga aktoreak dira protagonista nagusiak: Macbethen eta Lady Macbethen roletan ariko dira. Shakespeareren hizkerara egokitzeko prozesuan daudela aitortu dute biek ala biek. «Shakespeare antzeztea beti da desafioa. Pertsonaien sentimenduak zehatzak izan arren, oso poetiko eta luze azaltzen ditu idazleak, eta erronka handia da hark duen poesia hori era natural batean interpretatzea», aitortu du Losadak. Baietz erantzun dio Gaztañagak, bat egiten duela. «Erronka handia da, bai, eta arduraz hartzen dugu. Saiatu gara estereotipoetatik harago egiten, pertsonaia guztiei ahalik eta gizatasun handiena ematen, eta ahalik eta osoen antzezten».
Pantailak lagunduta
Ikus-entzunezko baliabideak ere erabiliko dituzte antzezlanean. Zuzendariak azaldu duenez, berek sortutako zinema proiekzioak gehitu dizkiote. «Shakespearek testua eman digu, eta oso garrantzitsua da. Baina testua ez den guztia ere aintzat hartu behar da antzezlanean: isiltasuna, ekintzak eta begietatik sartzen den edozer. Kodeak oso garrantzitsuak dira, eta paisaiak, zuzeneko irudiak... denetik sartu dugu horregatik». Orotara, 90 minutu iraungo du.
Belako musika taldearen doinuekin girotu dute antzezlana. «Banda sortzeko eskatu genien, baina esan ziguten ezinezko zutela. Hala ere, haien musika bilduma osoa erabiltzeko askatasun osoa izan dugu», aitortu du Gerediagak.
Klasiko «modernizatua»
Shakespeareren 'Macbeth' antzezlana taularatuko du Bilboko Arriaga antzokiak. Alex Gerediagak zuzendu du klasikoa, eta Jon Gerediagak moldatu du euskarara. Otsailaren 7an estreinatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu