Klasiko gautar bat eguerdian

Rafael Berriok 'Diarios' aurkeztu du Donostian, pianoan eta orkestrako musikan oinarrituriko 11 kantuko lana

Rafael Berrio, atzo Donostiako Kaxilda dendan egindako aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ez da ardoari kantatzen dion aurreneko aldia. Eta ez da izango azkenekoa ere ziur asko. «Bizi osorako ardoak markaturik geratu direnen ardoa/ babesa eta kulunka ematen dien etxerik gabekoen ardoa/ altare eta erritu profanoetako ardoa /samariar onaren ardoa», esaten du Rafael Berrio kantugile donostiarrak Saturno kantuan. Atzo kantatu zuen Donostian, Kaxilda liburu dendan, Diarios lan berria aurkezteko egindako agerpenean. Ardoari kantatzen dio, emakumeei, denboraren iragateari, garrantzizko zaizkion gauzei, lagun desagertuei...

Ardoa baino edari klasikoagorik ez da izango Mendebaldeko kulturetanbehinik behin. Rafael Berrioren kantagintzari klasikotasuna dario, antigoaleko usain bat, chanson-ean (Brassens, Brell, Barbara) eta gaztelaniako literatura klasikoan oinarrituriko klasikotasun kontziente bat. Fernando Neira kontrabaxu jotzailea lagun zuela, eta bere gitarra akustiko hutsaren laguntzaz kantatu zituen lan berriko lau pieza: Saturno-z gain, La alegría de vivir ironiko-gordina eta lehen singlea izan dena; heroinaren atzaparretan zendutako lagunei eskainitako omenaldia, Santos Mártires Yonkies, zeina klasiko bihurtzeko bidean den, eta Mi reputación, zeina bere ospeari buruz ironiaz diharduen. Eguerdiko hamabiak ez da ordurik onena izaten gau giroan ohituta dauden musikarientzat, baina erraietaraino iristen den teatralitate sinesgarriz jo zituen lau piezak, eta giro berezia sortu zuen areto txikian, nahiz eta argi arinegia izan. Kantuen ondoren etorri zen hurbildu zirenekin batera ardoa edatea, ospakizun erritu modura.

Lehenago diskoa Madrilen aurkeztua zuen Berriok. Hala ere, lagun sorta hurbildu zen atzoko ekitaldira ere. Tartean zegoen Joserra Senperena piano jotzaile eta musikari donostiarra. Hark ekoitzi du Berrioren lan berria, duela bi urte kaleraturiko 1971 hura bezalaxe. Eta Senperena bera arduratu da pianoa eta akordeoia jotzeaz, baita moldaketak egiteaz eta orkestra zuzentzeaz ere.

Aurreko diskoaren «jarraipena» da Diarios, 1971 laudatuarena. Hura bezala bere kabuz argitaratu du lana, baina Warner etxearen lizentziarekin. Aurreko lana argitaratu arte gauza interesgarriak egindakoa zen Berrio, Amor a Traicion eta Deriva izeneko proiektuetan, baina bere izenez egindako lehen lanarekin lortu zuen oihartzun eta onespen zabala, edo zabalagoa behintzat. «Ordukoaren segida da, bai. Hainbat kantu nituen aurrekoan sartu ez zirenak eta bigarren hau egitea erabaki nuen. Bakarren batek esan dit aurrerago biak batera plazaratuko dituela norbaitek disko bikoitz modura, eta ez litzaidake inportako», adierazi zuen atzo, etorkizunak eman dezakeena aurreikusiz.

Desberdintasunik bada, ordea, lehen diskoarekin alderatuz. Orduko hartan kantu askok gitarraren akordeetan zuten oinarri nagusia. Bigarren honetan gitarrarik ez da. Pianoa da sostengu eta gidaria, nahiz eta zuzenekoetan bestelako formazioan ariko den. Atzoko bikoa laukote bihurtuko da emanaldi gehienetan.Diskoan grabaturiko orkestra osotik bi musika tresna berreskuratuko ditu. Ander Mujikak joko du fagota eta haren anaia Andonik joko du tronpa. «Horrez gainera, neu bakarrik eta gitarraren laguntza soilaz ere arituko naiz. Gaur egun musikari gehienok gaude beharturik kantautore moduan aritzera eta».

Letren pisuan, kantaera eta fraseo markatuan, vals, tango eta Frantzia nahiz Italiako kantuen moldean oinarrituriko bi disko egin ditu Berriok, «letra amaigabez beterik», berak dioen moduan. Hurrengoa, beste modu batekoa izango dela uste du. « Aldarte ziklikoa izaten dugu. Aspaldidanik ari naiz esaten disko erritmikoago bat, elektrikoago bat egiteko gogoa dudala, bi gitarra elektriko, baxu eta bateriarekin, ohiko rock formatuarekin, alegia».

Kantuetako hitzak, liburuan

Letra «arinagoak» bildu nahiko lituzke disko horretarako. Hura iritsi artean azken bi lanetako hitzak, eta Mursegorekin batera ondutako Phantasma egitasmorako idatzitakoak liburu batean bildu ditu. Golpes de fortuna y tiros de gracia du izenburutzat lan berriak eta Zaragozako Eclipsados argitaletxearekin plazaratu du. Orotara 32 testu dira. 10 dira 1971 lanekoak eta hamaikana beste bi lanetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.