Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberria irakurriko dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVII. Irakurraldi Jarraitua egingo dute ostegunean. Euskal literaturaren «nazioartekotzea» agerian utzi nahi dute antolatzaileek.

Klasikoen irakurraldia etenik gabe
Klasikoen irakurraldiaren aurtengo aldiaren aurkezpena. BILBO ZAHARRA EUSKALTEGIA
edurne begiristain
2024ko ekainaren 4a
13:54
Entzun

Klasikoen irakurketa jarraitua antolatzen du urtero Bilbo Zaharra euskaltegiak, eta aurten Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberria izango du protagonista. Berrehundik gora pertsonak etenik gabe irakurriko dute Uriberen nobela, ostegunean, Arriaga antzokian. Sei orduko irakurraldia izango da: goizeko zortzietan hasiko dira eleberria ahots goran irakurtzen, eta sei ordu geroago amaituko dute, ordu bietan.

Kirmen Uribe idazleak irakurriko ditu liburuaren lehenengo lerroak, eta, ondoren, euskal gizarteko arlo guztietako kideek irakurriko dituzte Bilbao-New York-Bilbao-ren pasarteak, jendaurrean. Kultura eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak, elkarteetako ordezkariak eta beste izango dira. Gainera, tarteka, diasporako kideak eta mundu osoko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere agertuko dira irakurtzen, bideo proiektatuetan. Irakurraldiaren amaieran, Munduari begiratzeko modu bat abestuko dute, Rafa Rueda musikariak lagunduta.

Arriaga plazan pantaila erraldoia paratuko dute irakurraldia zuzenean ikusi eta entzuteko, eta EITBren webgunetik ere ikusi ahalko da. Egunotan, bestalde, Zazpikaleetako eta Abandoko metro geltokietan ikusgai egongo da aurreko aldietako argazki eta kartelez osatutako erakusketa.

Euskal literaturaren nazioartekotzea

Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren hautaketarekin euskal idazleak nazioartean ere presente daudela eta euskarazko obrak hizkuntza askotan irakurtzen direla nabarmendu nahi du Bilbo Zaharra euskaltegiak. Uriberen eleberria hamahiru hizkuntzatara itzuli da jada. «Nazioartekotzea izan da azken urteotan euskal literaturan izandako fenomeno aipagarrienetakoa. Bi noranzkotan gertatu da: batetik, ugaldu egin dira atzerriko egileen itzulpenak eta, bestetik, euskaraz idatzitako liburuak hizkuntza askotara itzuli dira», azaldu dute antolatzaileek.

2013. urtean Bernando Atxagaren Obabakoak eleberria aukeratu zuten, liburuaren 25. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Hogei urteren aldea dute Obabakoak eta Bilbao-New York-Bilbao lanek; lehenak 1989an irabazi zuen Espainiako Narratiba Saria, eta bigarrenak, berriz, 2009an. «Denbora tarte horretan euskal literatura nabarmen handitu da. Alabaina, nazioartekotzearen isla izateaz gain, Uriberen eleberriaabangoardiaren sinboloa ere bada. Euskal idazleak nazioarteko zirkuituan daude, eta sortze prozesu berritzaileenetan parte hartzen dute. Horren erakusgarri dugu Bilbao-New York-Bilbao izan zela aitzindaria autofikzioa deritzon generoa lantzen».

Hitzaldiak ere antolatu dituzte, Uriberen eleberriak euskal gizarteari eginiko ekarpenaz eta egun duen garrantziaz gogoeta egiteko. Gaur, Mari Jose Olaziregi eta Miren Ibarluzea arituko dira, Memoria historikoa Kirmen Uriberen lanetan izeneko hitzaldian; Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan arituko dira, 19:00etan. Bihar, Uribek berak hartuko du hitza, Nondik datoz istorioak? Izenburupean antolatutako mintzaldian.

Aurreko irakurraldiak

Klasikoen irakurraldiaren aurreko aldietan, liburu hauek irakurri  dituzte: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat; Ramon Saizarbitoriaren Martutene; Axularren Gero; Juan Antonio Mogelen Peru Abarca; Jon Miranderen Haur besoetakoa; Saizarbitoriaren Hamaika pauso; Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox; Bernardo Atxagaren Obabakoak; Gabriel Arestiren Harri eta herri; Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak; Franz Kafkaren Metamorfosia; Itxaro Bordaren %100 Basque; Txomin Agirreren Kresala; Anjel Lertxundiren Otto Pette; Mariasun Landaren Ipuinak eta Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.