«Ez da egia. Ez naiz aldatu./ Nire ametsetan/ hogei urte duzu beti». 1999an idatzitako hiru lerroko poema hori baliatu du Kirmen Uribek gaur arteraino luzatzen den bere 25 urteko ibilbide poetikoaren errepasoa hasteko. Antologia elebiduna kaleratu berri du idazleak Espainiako Visor argitaletxe espainiarrarekin, eta poema horretatik hartu du titulua ere: En mis sueños siempre tienes veinte años. Selección de poemas y libreto (1999-2024). Egileak poesia bildumetan, zuzeneko emanaldietan zein diskoetan kaleratutako testuak biltzen ditu liburuak, bai eta egileak haiei buruz egindako oharrak ere. Horrez gainera, Juan Carlos Perez musikariarekin batera sortutako Saturraran operarentzat idatzitako libretoa ere badakar bildumak, euskaraz ere, orain artean argitaratu gabe zegoena. Uribek berak, Gerardo Markuletak eta Ana Arregik egin dituzte itzulpen lanak, eta Luis Garcia Montero poeta eta Granadako Unibertsitateko Espainiako Literaturako katedradunak idatzi du hitzaurrea.
Egileak hiru ataletan antolatu du liburua. Nagusiki, hasierako urteetako poemak biltzen ditu Ondarroa izeneko atalak. Libreto osoa dakar gero Saturraran izenburuko atalak, eta, azkenik, New York atalean datoz idazlearen poemarik berrienak. Eta, idazlearen beraren nondik norakoa ere biltzen du, hortaz, antolaketa horrek, Ondarroan jaio bazen ere, New Yorken bizi baita egun, eta handik bidaltzen ditu BERRIA egunkariarentzako audio kolaborazioak ere. Eta, hain zuzen ere, Uribek bi gune horien artean egiten duen zubi lana aipatzen du Monterok ere hitzaurrean. Haren hitzetan, Uriberen poesiak «batu» egiten dituelako, mutur batean, «Iowako ibaiertzak» eta beste muturrean, «Euskal Herriko gau izartsuak».
Uribek poesia ulertzeko duen moduaren berri ematen dute liburuko oharrek. Eta, hain zuzen ere, bere lehen testuak nola idatzi zituen azaltzen du liburua irekitzen duen poemari buruzko oharrean. «Nire lehen testuak kasete formatuan eman nituen argitara 1987an. Nire anaiak indie elektronikoa egiten zuen talde bat zuen (TU-K) eta lapurtu egin zizkidan poemak kantuak osatzeko. Horren truke Leonard Cohenen poema liburu bat oparitu zidan, betirako markatuko ninduena. Gero plaketak eta fanzineak kaleratu nituen. Poema liburua kontu serioa iruditzen zitzaidan, akademizista. Urte askoren eta Gorka Arrese editoreak asko tematu ondoren bakarrik bildu nituen poemak liburu forman».
«Plaketak eta fanzineak kaleratu nituen. Poema liburua kontu serioa iruditzen zitzaidan, akademizista»
KIRMEN URIBEIdazlea
Liburuz liburu ez ezik, emanaldiz emanaldi ere egin du ibilbidea Uribek. Esate baterako, 2001ean eman zuen argitara Bitartean heldu eskutik (Susa), bere lehen poesia liburua, eta 2019an heldu zen bigarrena eta oraingoz azkena: 17 segundo (Susa). Baina diziplinarteko beste proiektuen bidez ere zabaldu izan ditu bere testuak. Bar Puerto izeneko emanaldia sortu zuen Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarin musikariekin batera, eta disko-liburu formatuan eman ditu hala Zaharregia, txikiegia agian (2003, Gaztelupeko Hotsak) zein Jainko txiki eta jostalari hura ere (2014, Elkar), kasu horretan, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariaren zein Mikel Valverde artista plastikoaren laguntzarekin.
Ofizioa irakatsi zion liburua
Edonola ere, antologian bildutako oharretan zehazten duenez, mugarria izan zen Uriberentzat bere lehen poema liburua. «Oso berezia da liburu hori nire bizitzan», azaltzen du bertan. «Lehena izan zen, baina ez da horregatik bakarrik. Ofizio bat irakatsi zidan, idazlearena. Aita falta nuen eta, neurri batean, liburuak hartu zuen aita papera. Eskutik heldu ninduen eta aurrerantz ibil nedin egin zuen: nire bidea irakatsi zidan».
Idazlearen lanak nazioartean izan duen oihartzunaren berri ere ematen dute oharrek, bestalde. Eta, kasu honetan, liburu amaieran topa daitekeen Udako gau epela da horren froga. «Udako gau epela./ Musika tabernatik/ Neure barrura ihes egin nahi dut./ Droga onbera sentitzen dut zainetan barrena./ Badoa, badoa,/ sugeak ezagutzen baitit/ hobekien nire bazter ilunenak./ Barrutik besarkatzen/ nauen gauza bakarra da».
Uribek liburuko oharretan dioenez, «gizontasun berriak» zerabiltzan buruan poema hori idazterakoan. 17 segundo liburuan eman zuen argitara testu hori lehenik, baina The Paris Review aldizkarian eman zuten gerora ingelesera itzulita, eta, idazleak libururako idatzitako oharretan zehazten denez, han irakurri zuen Cate Blanchett aktoreak. «Times Magazine aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean aipatu zuen Tàr filmeko pertsonaia lantzeko inspirazio iturri izan zuela. Poz handia izan zen Cateri poema iritsi egin zitzaiola jakitea. Idazten duzunean inoiz ez dakizu nor dagoen beste aldean. Botiletan sartuta itsasora botatzen dituzun mezuak bezalakoak dira poemak».
Alegiak eta gauza errealak
Saturraran operako libretoa da antologiako testurik berriena. Ekainean aurkeztu zuten Bilboko Arriaga antzokian. Hamarkadak ziren euskaraz sortutako opera oso bat estreinatzen ez zela, eta bi emanaldi eskaini zituzten, guztira. Juan Carlos Perez konpositoreak sortu zuen musika, eta Uribek idatzitako hitzak dira orain liburuan bildutakoak. 1980ko hamarkadan benetan existitutako bi emakumeren arteko amodioa kontatzen du lanak.
«Idazten duzunean inoiz ez dakizu nor dagoen beste aldean. Botiletan sartuta itsasora botatzen dituzun mezuak bezalakoak dira poemak»
KIRMEN URIBEIdazlea
Saturrarango bi haitzei buruzko kondaira kontatzen hasten da Jose izeneko arrantzalea operan. «Badioe bi maitale zirela harritzarrak,/ handiena gizona, txikerra emakumea./ Ez genien utzi elkar maitatzen,/ eta ito egin ziren hondartzan». Ane izeneko alaba hurbildu, eta kontu eske hasten zaio. «Umezaroan alegiak baino ez zenizkidan kontatzen./ Mundu erreal honen berri eman gabe». Eta hor hasten da aita-alaben arteko dialektika. «Zertarako hitz egin gauza errealez?/ Zertarako eman infernu honen berri?». Eta alabak: «Hemen ditugulako oinak, aita».
Uribek liburuko oharretan kontatzen duenez, Perezek eskatu zion libretoa idazteko, eta inolako baldintzarik jarri gabe, hitz bakar bat aipatu zion: «Saturraran». 2017an hasi zen testua sortzen eta 2019an eman zuen amaitutzat, eta, gero, hura jasota, lau urte eman zituen Perezek musika konposatzen. Eta orain eman dute testua argitara lehenengoz.
Hurrengo astean aurkeztuko du liburua Euskal Herrian. Abenduaren 11n, Donostiako San Telmo museoan errezitala eskainiko du Aizpea Goenaga aktorearekin batera. Poemak irakurtzeaz gainera, bestelako azalpenak ere eskainiko ditu Uribek, eta, zehaztu dutenez, gaztelania zein euskara tartekatuko dituzte horretarako. Doakoa izango da sarrera, eserlekuak bete artean. Eta hurrengo egunean, abenduaren 12an, Bilboko Bidebarrietan izango da, Jon Kortazar literatur ikerlariarekin eta Almudena Cacho kazetariarekin batera.