Gauean telefonoa itzalia izaten du, eta gaur goizean «albistearekin esnatu» da Kirmen Uribe New Yorken. Idazleak irabazi du aurtengo Laboral Kutxa-Eusko Ikaskuntza saria. «Nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen lan bikainari esker, Kirmen Uribek curriculum nabarmenena irabazi du», epaimahaiak gaur iragarri duenez.
XXI. mendean euskal literaturaren «berritzaile nagusietako bat» izateagatik eta nazioartean euskararen eta euskal kulturaren «enbaxadore argia» izateagatik eman diote saria, epaileen arabera. «Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna», adierazi dute. «Eta, umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko».
Uribek eskertu egin ditu hitzok, baina esan nahi izan du «saria belaunaldi osoarentzat» dela; idazle belaunaldiarentzat, batez ere. Gaineratu duenez, bere belaunaldian (1970. urtean jaio zen) idazle, musikari eta zinemagile «bikainak» daude.
Uriberen lanaren «izaera humanista eta irekia» nabarmendu dute epaileek, eta «ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua» egin duela goraipatu dute. Haren «mundu ikuskera guztiz euskal» dela gaineratu dute.
Horrez gain, idazlearen lanaren nazioarteko proiekzioa nabarmendu dute. «Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Haren ospea Txina eta Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan».
Izan ere, «hanka bat New Yorken eta beste bat Euskal Herrian» duela jarraitzen du idazleak. «Gaur mundua zabalik dago euskararekiko: ez da lehen bezala, ez baitzen baloratzen gauzak euskaraz egitea. Planetak osasungarri gisa hartzen du gureak bezalako hizkuntzak erabiltzea. Ekologian bezala hartzen da», adierazi du. «Euskarak balio erantsia ematen dio zure lanari».
Gaineratu duenez, beste nobela bat idazten ari da orain. «Berritzaile izaten saiatuko naiz, gauzak beste modu batean egiten, eta, orain arte bezala, Euskal Herrian errotuta».
Hizkuntza eta sari ugari
Ondarroako idazlea (Bizkaia) arrantzale sendi batean jaio zen, eta poesia lantzen hasi zen; besteak beste, inguruko musika taldeentzako hitzak sortu zituen gaztetan. Landu zituen gaien artean antimilitarismoa zegoen, intsumisoa izan baitzen.
Bitartean heldu eskutik (2001) poesia bildumarekin egin zen ezagun. Kritika Saria eskuratu zuen, eta hainbat hizkuntzatara itzuli zuten. Horietan, ingelesezkoak ireki zizkion AEBetako literatura munduko ateak. Apaltasunari eginiko gorazarrea dago horretan, besteak beste, kritikariek nabarmendu dutenez.
Bilbao-New York- Bilbao lehenengo eleberrian, berriz, autofikzioa landu zuen. Idazlea protagonista bihurtuta, familiaren historia, benetako bizipenak eta fikzioa nahastu zituen, baina nostalgiatik urrun.
Tokian tokikoaren eta globalaren arteko dikotomia faltsua dela erakutsi du bere lanarekin: Ondarroa jaioterria eta New York txanpon bereko bi aurpegi izan daitezkeela, alegia.
Horrez gain, goraipatu izan diote komunikatzeko bide berriak jorratu izana, irakurlearen, literaturaren eta munduaren arteko zubiak eraikitzeko.
Horren adibidea da, esaterako, Uribek BERRIAn duen podcasta: New Yorkeko munduak. Astero argitaratzen ditu etxe orratzen hirian bizitzeak eragiten dizkion hausnarketak.
Bere burua, gainera, euskal literaturaren testuinguruaren barruan ikusten du, ez aparteko izar bakarti gisa. Hainbatetan esan du bere erreferentziak Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Iñigo Aranbarri, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano direla, besteak beste. «Hainbat dira asko gustatzen zaizkidan idazleak. Ez naiz ezer aurreko idazlerik gabe; kritika literarioa idazle gehiagok merezi dute».
Lehen ere, sari ugari irabazitakoa da. 2007an, finalista izan zen AEBetako PEN sarian, poesia itzuliaren atalean, Bitartean heldu eskutik lanarengatik. Meanwhile Take My Hand itzuli zuten.
Horrez gain, Kritikaren Saria eskuratu zuen 2002an, 2009an eta 2016an, eta Espainiako Literatura Sari Nazionala 2009an. 111 Akademiaren saria ere jaso zuen 2016an.