Literatura

Kirmen Uribek eta Itziar Ugartek jaso dute Espainiako Kritikaren Saria

Izurdeen aurreko bizitza nobelagatik jaso du aitortza Uribek, eta Gu gabe ere poema bildumagatik Ugartek. Bi lanak Susa argitaletxeak plazaratu zituen iaz.

Kirmen Uribe idazlea, artxiboko argazki batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2022ko apirilaren 9a
17:44
Entzun

Espainiako Kritika Literarioaren sariak jakinarazi dituzte, eta, euskarazko lanen artetik, Kirmen Uriberen eleberria eta Itziar Ugarteren poema liburua hautatu dituzte kritikariek. Narratiban, Uriberen Izurdeen aurreko bizitza nobelari egin diote aitortza, eta poesian, berriz, Ugarteren Gu gabe ere poema bildumari. Bi liburuak Susa argitaletxeak plazaratu zituen, iaz.

Uribek Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzari tiraka idatzi zuen bere laugarren nobela dena, Izurdeen aurreko bizitza, eta emakumeek bere bizitzan duten garrantziari buruzko lana ondu zuen. «Emakumezko asko dago liburuan, baina nire bizitzan ere hala izan da. Haurra nintzela gizonak itsasoan zeuden, eta ni emakumeen inguruan hazi nintzen. Asko egoten nintzen amarekin, izekorekin eta haien lagunekin, eta kontatu nahi izan dut garai hura», adierazi zuen BERRIAri emandako elkarrizketan. New Yorkeko Liburutegi Publikoko Cullam sormen bekaren bultzadaz idatzi zuen eleberria, hiri hartan bertan. Lehenago ere irabazia zuen kritikarien aitortza Uribek: Bitartean, heldu eskutik bildumako olerkiengatik 2002an, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriagatik 2016an, eta Bilbao-New York-Bilbao nobelagatik 2009an.

Ugarte idazle eta BERRIAko kazetariak lehen poema liburua du Gu gabe ere. Bertan, «aurretik gertatu denak leku horretara gero heltzen denari nola eragiten dion» aztertzea izan zuen ardatz nagusietako bat, BERRIAri emandako elkarrizketan azaldu zuenez. Gai gehiago ere badira liburuan, hala nola «plazera ospatzeko gogo bat, baina horren engranaje problematikoa ahaztu gabe».

Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak urtero banatzen ditu sariok, aurreko urtean gazteleraz, katalanez, galegoz eta euskaraz argitaratu ziren lanik behinenei aitortza egiteko, bai narrazioan bai poesian. Gaztelerazko lanen artetik, Jordi Ibañezen Infierno, Purgatorio, Paraíso nobela eta Maria Angeles Perez Lopezen Incendio mineral poemarioa aukeratu dituzte. Katalanezko letretan, berriz, Borja Bagunyaren Els angles morts eleberria eta Joan Todoren La vista als dits poema bilduma. Eta galegozko lanen artetik, Diego Ameixeirasen O cervo e a sombra nobela eta Medos Romeroren E o sol era Ela poema liburua izan dira sarituak. Berritasun gisa, atzerriko hizkuntzaren modalitatea sartu dute aurten, eta Maggie O'Farrell irlandarraren Hamnet saritu.

Fernando Valls kritikarien elkarteko presidentea izan da aurtengo epaimahaiburua, eta harekin batera epaile lanetan aritu dira Angel Basanta, ohorezko presidente gisa, eta honako batzordekide hauek: Xelo Candel Vila, Enrique Turpin, Pilar Castro, Olivia Rodriguez, Araceli Iravedra, Selena Millares, Jose Belmonte Serrano, Julia Barella, Rafael Morales, Manuel Angel Morales Escudero, Jon Kortazar, Simona Skravec, Jose Jurado Morales, Jose Luis Gomez Tore, Dolores Vilavedra, Carmen Maria Lopez, Jose Miguel Segura, Carmen Peire, Jose Luis Vicente Ferris, Guillermo Carnero y Jose Luis Martin Nogales.

Aurten, elkarteak Valentziako Udalarekin eta Unibertsitatearekin lankidetzan antolatu ditu sariak. Vall presidentearen hitzetan, 70 urtetik gorako tradizioa duten sariok «ibiltariak, apalak eta prestigiotsuak» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.