Kim Ki-Duken 'Pietà'-k harrera ona izan du Venezian

Valeria Sarmientok 'Linhas de Wellington' aurkeztu du, Raoul Ruiz senarrak hasi zuen proiektu erraldoia

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Joan zen urtean Donostiako Zinemaldian Amen filmarekin lortu ez zuen erantzun ona jaso zuen Kim Ki-Duk zinemagile hegokorearrak atzo Veneziako Mostran. Samaritan Girl-en egileak Pietà aurkeztu zuen lehiaketan, kapitalismoak giza harremanetan duen eraginari buruzko film gogorra. «Muturreko kapitalismoaz hitz egin nahi dut», adierazi zuen filmaren emanaldiaren ostean eta txalo ugari jaso ondotik. «Giza harremanak nola desitxuratzen dituen, nola aldatzen dituen modu oso txarrean».

Filmeko protagonista Seulen bizi da, eta zorrak kobratzeaz arduratzen da. Horretarako, zordunei soin atalak ebakitzen dizkie modu ez-ortodoxoan. Une batean, baina, txikitan alde egin zuen ama azalduko zaio, eta horrek bestelako sentimenduak izatera eramango du. Protagonistak Lee Jung-jin eta Cho Min-soo dira, eta azken hori emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko hautagaia da jadanik.

Azkeneko filmekin kritika aurrez aurre izan zuen Kim Ki-Dukek, baina Pietà-rekin galdutako prestigioa berreskuratzeko moduan azaldu da. Nolanahi ere, bere herrialdean baino harrera hobea jasotzen du oraindik ere kontinente zaharrean: «Europan arrakasta duen zinemagile moduan ezagutzen naute Korean».

Raoul Ruizen proiektua

Linhas de Wellington Raoul Ruizen proiektua zen, baina portugaldartutako zinemagile txiletarra duela urtebete hil zen, eta haren alargunak hartu zuen bere gain proiektua, Valeria Sarmientok. Napoleonen indarrek Portugal hartu zuteneko garaian dago girotua filma, eta ekoizpen handia da, Arte telebista kateak eskainiko duen telesail baten abiapuntua. «Raoulen itzala gainean izan genuen, eta onerako izan zen», aitortu zuen Sarmientok emanaldi osteko prentsaurrekoan. Filma, ordea, beretzat jotzen du Ruizen alargunak. «Hark beste film bat egingo zukeen. Ziur aski sei ordu iraungo zuena [bi ordu eta erdi irauten du zehazki] eta istorio gehiago bilduko zituena».

Filmean Europako zinemaren izen ezagun ugarik parte hartu dute (Catherine Deneuve, Isabelle Huppert, Vincent Perez, Marisa Paredes, Mathieu Amalric, Michel Piccoli), baita John Malkovich estatubatuarrak ere. «Guztiek Raouli egin nahi izan dioten omenaldia da. Oso keinu polita. Hark buruan zuen filmean parte hartu nahi izan zuten», esan zuen Sarmientok. Hala ere, izen ezagun eta ospetsuen gainetik, Nuno Lopes eta Soraia Chaves dira filmeko protagonista nagusiak.

Sarmientok urte luzez egin zituen muntatzaile lanak Ruizekin, baina hainbat dokumental eta fikzio lan ere egin ditu zinemarako nahiz telebistarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.