Kritika. Antzerkia

Zero kilometroko musikala

'ITSAS-7' antzerkiko une bat, ostiralean, Barañaingo auditoriumean. IDOIA ZABALETA / FOKU
'ITSAS-7' antzerkiko une bat, ostiralean, Barañaingo auditoriumean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2024ko maiatzaren 12a
05:05
Entzun

'itsas-7'

Zuzendaritza taldea: Imanol Janices, Irantzu Zabalza, Eva Lopez de Lahoz eta Dabid Albira.Orkestra zuzendaria: Alvaro Diaz. Musika moldaketak: Gorka Pastor, Ramon Garcia. Lekua: Barañaingo Auditoriuma. Eguna: Maiatzak 10.

Jaso ikastolako kurtso amaierako emanaldira joatea errituala bihurtu zaigu, pastoraletara joatea bezalakoxea. Badakigu maiatzeko hitzordu horretatik energiaz ase eta pozez blai itzuliko garela etxera, eta baita harriduraz beteta ere. Urtero miresmena pizten zaigu; nola da posible ITSAS-7 bezalako musikal erraldoiak ikasturtero taularatzea? Gainera, aurtengo berrikuntza ez da makala izan: zuzeneko musika ikastetxeko orkestrak jo du estreinakoz, eta nola gainera! Horregatik guztiagatik, ez dut lehenbiziko lerrokada hau bukatu nahi zuen pasioa eredugarria dela esan gabe.

ITSAS-7-n antropozenok ekarritako kalteei eutsi diete ikasleek hondamendi ekologikoaz eta herrien despopulazioaz hitz egiteko. Kezka horiek distopia baten fabulan txirikordatu dituzte. Kutsadura dela eta, lurreko biztanleak itsaso azpian bizi dira, eta enpresari gaizto batek agintzen du. Itsastarrek ez dute kanpokoari buruzko berririk edo gezurrez betetako informazioa helarazten diete agintariek. Lurrazalean, berriz, bada herri txiki bat tinko eutsi diona bizimodu tradizionalari; biztanleek bizi baldintzak onak dituzte, nahiz eta zahartzen ari direla kexu diren, eta gazteak bertan lekutu daitezen kezka handia duten. Eta hori gutxi balitz bezala, oxigeno faltan dauden munduan emoziozainek poz maila kontrolatzen diete eskumuturreko txipari esker, zoriontasunaren diktadura moduko bat ezarriz. Ikasleek aukeratutako gaiek zer pentsatua ematen dute, ez dira arinkerietan ibiltzen euren hausnarketekin.

Pastoraletan bezala badaude —txikiak badira ere— aipatzeko berrikuntzak. Aipatu hamabost lagunek osaturiko orkestraren presentziaz gain, arizale gehiago izan direla ematen du: 25 abeslari-aktore, zortzi dantzari, zazpi akrobata, hamaika gonbidatu. Imajina ezazue, foku ia guztiak erabiltzen dituztela, denak batera dantzan eta kantuketan. Itzela. Ohiko musikaletan bezala, badaude duetoak, soloak, une diskurtsiboak... eta jende kopuru handiari egokitzen zaion eszenen handitasuna erakusteko eszenak. Horien artean, bisualki bereziki deigarria izan dugu koloretako sokekin saltoka eta Iruñeko Hemendik Attaldearen Goazen abestiaz osatu dutena. Zoramena.Badaude zuzeneko grabazioak ere bideopodcasten tankerakoak.Hainbat ikasleren adinak behera egin duela ematen du: zenbat urte daukate txikitxo horiek? 6? 7?

Zazpi jostunek lan handia izan dute, atrezzoaz arduratu diren hiru lagunena bezalakoa; hala gertatzen da multimediaz arduratzen diren zazpi teknikariekin edota muntaketaz arta duten zortzi lagunekin ere. Denak aipatu nahi zaituztet, baita txartelaren egilea ere, Naroa Agirre.

ITSAS-7-n sortzaileek Nafarroako despopulazioaz ikertu dutela irakurri dugu eskuorrian, ez dute jo Londreseko West-End-era hizpideen bila. Gazte hauek ekologistak ditugu, eta, horregatik, zero kilometroaz elikatzen dira. Aizue: amaierarako ikusleak emozioak jota utzi gaituzue. Lehenago ez bada, datorren urtean egongo gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.