Erabat kontra dute fabula. Eguneroko lan erregular eta neurgarrian dabilen inurri errespetagarriaren aldean, alferkerian irudikatzen du kontakizunak kilker kantaria, eta maiz irudi horrexen kontra aritu behar izaten dute borrokan sortzaileek. Etengabe suertatzen zaie eurena ere lana dela aldarrikatu beharra. Langileen Egunean kilker izate horrek dakartzan inurri lanei buruz hizketan jarri nahi izan ditu BERRIAk Maite Gurrutxaga ilustratzailea, Pako Aristi idazlea, Gaizka Insunza musikaria, Oihana Iguaran bertsolaria eta Jurgi Ekiza musikaria. Fabulazkoa izatetik urrun dagoen lanbide bat darabilte ahotan: prekaritateak irentsitako bizimodu bat, ziurtasunik batere gabekoa eta burokraziak blaitutakoa.
GAIZKA INSUNZA Musikaria
«Musikariak aipatzean, Bruce Springsteen irudikatzen du jendeak»
«Zu jotzen gustura zaude-eta!». Audience taldeko musikaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Gaizka Insunza (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1978), eta argi du, «zalantzarik gabe», sortzaileak ere langileak direla. Ikerlaria ere bada, gainera, eta, hain zuzen ere, koronabirusak musikariei eragindako kaltea ikertu zuen iaz Musikari elkartearen enkarguz, Izaskun Alvarez eta Aitor Basañezekin batera. Inkesta bat bidali zieten elkarteko 310 bazkideei, eta iazko abenduan aurkeztu zuten haietako 55ek erantzundakoekin osatutako ikerketa. Ondorioa argia zen: zuzeneko emanaldiek izandako etenaren ondorioz, eta ziurgabetasuna areagotu denez, lehendik ere prekarioa zen lanbidea are prekarioago bilakatu du pandemiak. Insunzak dioenez, ordea, bokazioa da motor nagusia, eta oso gutxitan dirua. Eta ondorio bera azaldu dute gaiari buruz egindako beste ikerketa guztiek ere, eta, hain justu, horregatik kosta ohi zaio jendeari sorkuntza lantzat hartzea. Jotzen gustura egote horregatik.
2000. urtean sortu zen Audience, Gernikan, eta Insunza hasieratik izan da taldeko kide. Ingelesez abestu izan dute beti, eta euskara ere tartekatzen dute egun. Badu izena taldeak, eta izan dituzte kontzertu askoko sasoiak ere, baina, Insunzak dioenez, musika ez du sekula ogibide izan. Taldearen urterik oparoenetan ere, taldearen proiektuetara joan dira irabaziak. Eta, halere, mugitutako diru kopurua oso handia ez izanik ere, eta egin beharreko guztiak ongi eginik ere, lan ikuskaritza bat baino gehiago egin dietela gogoratu du. «Nahiko erridikulua iruditu zait beti».
Eta Insunzaren egoerak bat egiten du erretratu orokorrarekin. Musikari elkartearentzat egindako ikerketan ere, inkestari erantzun ziotenen %82k baitzuten musikariarenaz bestelako ofizio bat. Orotara, %18k soilik zeukaten musika lanbide bakartzat. Eta ñabardura bat gehitu du orain Insunzak. «%18 horiek ez daukate musikaz beste lanik, baina ez dakit musikarekin nola bizi den, ze, agian, langabezian daude, eta nahi lukete beste lanbide bat eduki, baina ezin dute, eta, agian, diru sarrerak bermatzeko errentei esker bizi dira. Ez dakigu %18 horien artean zer dagoen, hori ez genielako galdetu». Musikaz bestelako lanbiderik ote zuten izan zen galdera.
Baietz erantzun zutenak hiru multzotan sailkatu ditu ikerlariak. Sorkuntzarekin inolako zerikusirik gabeko lan batean zebiltzan %29. Sorkuntzaren beste esparruren batekin lotutako lanen batean %11. Eta musikarekin lotutako bestelako lanbideren batean %42. «Eta oso ikertuta dagoena, eta ikerketa guztietan ateratzen dena zera da, musikan dabiltzanen soldatak, batez beste, oso txikiak direla. Eta beste gauza bat da jendeak duen inpresioa, jendeak musikariak aipatzean ikusten duena Bruce Springsteen edo Metallica baita, San Mames betetzen dutenak. Baina zenbatek betetzen dute San Mames? Bada, bi horiek eta beste gutxi batzuek».
Herrialde guztiek ez dute berdin baloratzen kultura, Insunzaren hitzetan. Eta Britainia Handia jarri du adibidetzat. «Britania Handian musikari asko eta oso onak daude; besteak beste, hezkuntzan garrantzia ematen diotelako gaiari, eta gazte gehienek ikasten dutelako musika tresnaren bat jotzen. Eta, urrunago joanda, esango nuke garrantzia ematen diotela badakitelako kultura esportatu daitekeela eta aberastasun iturri bat izan daitekeela. Beatles marka izango da Ingalaterrako marka garrantzitsuenetako bat, eta gaur egungo ekonomiaren arabera, emaitzak ekartzen baditu, inbertsioa egiten duzu kulturan, eta kulturan inbertsioa egiten baduzu, emaitzak jasotzen dira». Eta ez da soilik hezkuntza, musikariaren hitzetan: badira telebistak, hedapena eta beste ere.
Historikoa ere bada azalpena, neurri batean. Insunzak dioenez, Euskal Herrian aztarna sakona utzi baitu berrogei urteko frankismoak. Eta, horrez gainera, «zailtasun estra bat» ere badu euskal kulturgintzak: euskara. «Normalizatuta ez dagoen hizkuntza bat da». Baina, zehaztu duenez, «iritzi pertsonala» da hori, ikertu, oraindik behintzat ez baitu aldagai hori ikertu, iaz egindako ikerketan ez baitzieten hizkuntzari buruzko galderarik egin inkestan parte hartu zuten musikariei.
Musikari eta ikerlariak pandemiaren ondorioak hartu ditu berriz ahotan. «Jadanik prekarizatuta dagoen sektore bat egoera oso larrian geratu da».
PAKO ARISTI Idazlea
«Tarteka gutako batzuk ere izan gara pobreak»
Funtsean, lotsa bandoz aldatzea proposatu du Pako Aristik (Urretilla, Gipuzkoa, 1963). 1984an erabaki zuen idatzitakotik bizitzea, kazetaritzan zein literaturan idatzitakotik, eta ibilbide oparoa osatu du geroztik. Guztira, haur eta gazteentzako 25 argitalpen eta helduentzako 34 liburu ditu bere izenean: nobelak, poema liburuak, narrazioak, saiakerak, biografiak, artikulu bildumak eta beste. Egin izan ditu hitzaldiak eta errezitalak, kolaboratzen du prentsan, idatzi ditu gidoiak, izan da hamaika sariketako epaimahai kide, eta, halere, aitortu du lotsa pasatutakoa ere izan dela, pobre izatearen lotsa, zehazki. «Kalean dauden errebindikazio guztiak dira diruagatik: gasolina jaisteko, pentsioak igotzeko, langileen soldatak eguneratzeko... Eta gu diruaz hitz egin gabe egon gara urteetan. Izan da gorde behar bat, sekretismo bat, eta lotsa ere bai. Euskal Herrian pobrea zarela agertzeko lotsa badago. Agertzen zara telebistan eta egunkarietan, eta jendeak ez du uste zu pobrea zarenik edo izan zaitezkeenik, eta hemen pobre asko dago, eta tartean gutako batzuk ere bai, edo tarteka gutako batzuk ere izan gara pobreak. Nik nahi nuke estamentuek sentitzea lotsa euskal sortzaileak pobreak direlako: jende hori duin bizi dadin nahikoa egiten ez duelako; ez aberats, baizik eta duin».
Kopuru zehatzak ere eman zituen 2019an, BERRIAn argitaratutako Euskararen diru kontuak iritzi artikuluan. 25.300 euro bildu zituen, esaterako, 2008an, baina apalagoak dira kopuruak gehienetan. 10.700 euro, 2015ean; 2016an, 14.700; eta 12.500, berriz, 2018an. Hori garbian. Egitura gastuak, gizarte segurantza, Internet, telefonoa, gasa, garraioa eta beste kendu gabe. Eta hori, koronabirusak eragindako krisia heldu baino lehen. Eta, beraz, antzekoa da idazleak orain irudikatutako paisaia.
Aristik dioenez, «oso barreiatuta» dago idaztea ogibide duenaren jarduna, eta maiz horrek bultzatzen du han eta hemen kolaborazioak egitera. Baina izoztuta dago egoera. «Azken hamar urteetan ez da igoerarik izan gure kolaborazioen tarifetan. Kontsumo prezioen indizea igo da, gutxieneko soldata igo da, pentsioak igo dira, denetan egon da gorakada, baina gure kolaborazioetan ez. Eta niri horrek adierazten dit gu kontratatzen gaituen jendearen begietan gu ez garela langile estandarrak, zerbait berezia baizik».
Piramideko azkenak dira sortzaileak, Aristiren hitzetan. «Euskara eta kultura teknikarien klase ertain bat sortu da azken urteotan, Euskal Herriko udal guztietan, foru aldundietan eta besteetan, eta kultura kudeatzen duten kargu instituzional pilo bat ere badaude. Azkenean, gertatzen dena da baliabide ekonomikoak han geratzen direla, euren soldatak ordaindu ahal izateko, eta guregana lanbro mehe bat baino ez da iristen, alegia, diru gutxi». Bitartekari horiek «beharrezkoak» direla onartu du Aristik, baina, dioenez, ezin da ahaztu sortzaileak direla kultur eskaintza horren oinarria. «Banaketa ekonomi-koaren oreka aldatu behar litzateke gauza guretzat ondo joateko».
Eta galdera handi bat ikusten du idazleak ezkutuan darabiltzan gogoeta horien guztien azpian: «Euskaraz egindako kultura zer da herri honentzat?».
Aristi: «Diru publikoaren erabilerak eta haren banaketak definitzen dute kultura baten balioa nazio horretan. Eta guk kariñoa jasotzen dugu, baina kariño hori hedatua dagoen bezala, bizi baldintzak ez daude hedatuak. Sortzaile multzo zabal batek ez badu bizitzeko baldintzarik, orduan herri horretan ez da egongo kultura indartsurik».
Euskal Herrian euskaraz idaztea ogibide duten dozena bat edo hamabost idazle zenbatu ditu Aristik buruz, baina, dioenez, bakarka aritu dira guztiak orain arte. Euskaraz lan egiten duten sortzaileak biltzeko sortutako Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak aldatu du hori berriki. Aristik dioenez, tarifen gaiari, kontratu ereduei eta bestelako arazo zehatzei konponbide praktikoak eskaintzeaz gainera, «kontzientzia kolektibo bat» ere eman dielako.
OIHANA IGUARAN Bertsolaria
«Jendearen begietara, kostata justifikatzen da lanera zoazela»
Ohiko eszena bat, edozein herritako jaietan, bertso bazkari bat, eta bertan, mahai bueltan, herritarrak zein bertsolariak elkarrekin bazkaltzen, alboz albo, lanean batzuk, eta festan besteak, baina esperientziaz daki Oihana Iguaran bertsolariak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1991) jendeak ez duela beti argi ikusten bereizketa hori. «Jendearen jai eremuan sartzen gara, gure lana hor gauzatzen delako askotan, eta ez da erraza suertatzen lanean ari garela ulertaraztea». Maite du bertsolaritzaren alde hori ere Iguaranek, ez da hori, baina onartu du aisialdi propioaren kontu joan ohi dela denbora hori. «Gure agenda horretara izatea eskatzen du, eta horrek berekin dakar oporrak horren arabera moldatzea, eta asteburuak ere horri eskaintzea, gero deirik izan ala ez. Baina kosta egiten da jendearen begietara lanera zoazela justifikatzea».
Ofizio, ogibide edo lanbide baino gehiago, bertsolaritza bizibide duela dio Iguaranek. «Niri ogia momentu honetan beste lan batek ematen dit, eta lanaldi erdia dut, gero egon ahal izateko bertsotara emana; baina, akaso, bizibidea, nire motibazioa, bada bertsolaritza. Ez dakit zerk bereizten duen zer, edo zer ulertzen dugun gauza bakoitzaren atzean, nire lanean ere baditudalako elikatzen nauten gauza asko, baina bertsolaritzari emana nago».
Urteak daramatza bertsotan, baina duela gutxi eman du izena autonomo gisa, apirilean. «Apustu hori egin ahal izateko eta horretara egoteko, baita paperen gainean ere, beste hainbat mugimendu egin behar izan ditut. Neure burua bertsolari aldarrikatu ahal izateko ez nuen beharrik sentitzen autonomo egiteko edo urtean plaza kopuru minimo batera iristeko, baina nolabait, era berean, kopuru minimo horrek ahalbidetzen dizu hori, nik neuk urte batzuk behar izan ditudalako autonomo egin ahal izateko».
Eta zalantza da nagusi oraindik ere, koronabirusaren atzeraldiaren ostean ere. Bueltatzen hasi direlako jadanik saio batzuk, baina beste plaza asko kolokan daudelako, bi urteko etenaren ondorioz.
Urte hasieran jakinarazi zituen Bertsozale Elkarteak koronabirusak plazetan izandako eraginari buruzko datuak, eta nolabaiteko susperraldi bat irudikatzen dute zenbakiek. 2019an, 1.000 saio inguru kontabilizatu zituen elkarteak, eta, kolpean, 400 ingurura jaitsi ziren 2020an, eta 694ra igo gero iaz. Eta otordu bueltako eta libreko saioetan igarri da argien etenaldia. 753 izan ziren 2019an, 165 baino ez 2020an, eta 200 soilik 2021. urtean.
Baina badira goranzko bi datu ere beherakada horretan: 2019tik 2022ra gora egin dute elkarteak emanaldi bereziak deitutako multzoan sartutako saioek, esaterako, eta, era berean, parekidetasunari dagokionez, inoizko urterik parekideenak izan dira azken urteak. %52koa izan zen gizonen parte hartzea saioetan, eta %48koa emakumezkoena. Iguaranen hitzetan, ordea, kontuan hartzekoa da Uxue Alberdik Pikara magazine aldizkarian datu horiei buruz egindako ikerketa ere, Alberdiren hitzetan, festa giroko saioak desagertzeak ekarri baitu parekidetze hori, saio horiek nagusiki gizonek egiten dituztelako. Eta horren ondorio delako portzentajeen oreka. Alberdi: «Festari, jan-edanari, dibertsioari eta gauari loturiko saioetan zegoen emakume gutxien».
Iguarani zalantzazkoa zaio «saio bereziak» izendapena. Hain zuzen, amatasuna ardatz duen AMAraun izeneko pieza hibridoarekin dabil orain bertsolaria, Amaiur Luluagarekin batera. «Bertsolaritza beste edozein diziplinarekin nahasten dituzten saioek hartzen dute saio berezi izena: saio musikatuak, literatur saioak, saio feministak... Kanonikoa ez den guztia da berezia, eta, berezia etiketa gehitzen diegunean, unibertsalizazioa ukatzen diegu. Gero eta gehiago dira, eta akaso zer edo zergatik izango dira gero eta gehiago, agian hori delako bertsolaritza egun, eta birpentsatu behar dira kategoria horiek».
Elkartearen zentraltasuna da bertsolaritza jardunaren beste berezitasunetako bat. 2.500 kide inguru ditu, guztira, bertsolari eta bertsozale, eta 2003az geroztik martxan du saioak antolatzeko kultur zerbitzuetarako enpresa bat ere, Lanku izenekoa. Haren bidez antolatzen dira saioetako asko, eta, bestela ere, bertsolaritza hezkuntzara hedatzeko eta hedabideetara helarazteko hamaika proiektu ere baditu martxan. Eta, Iguaranen hitzetan, «babes bat» izan da pandemiak emandako kolpeari aurre egiteko orduan ere. «Niretzako sekulako heldulekua, oinarria eta tresna izan da».
MAITE GURRUTXAGA Ilustratzailea
«Gure lanaren erromantizazioa puskatu behar da»
2009an hartu zuen ilustrazioa ogibide bihurtzeko erabakia Maite Gurrutxagak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983). Amaitu berri zituen ilustrazio ikasketak, Bartzelonan; Euskal Herrira itzuli zen, eta gogoan du Iban Gurrutxaga anaiarekin izandako solasaldia. «Gitarra jotzailea da hura, eta hark galdetu zidan ea zerk esaten zidan niri hura zela nire jarduna. Benetan zuk zeuk izendatu behar duzulako zeure burua, inork ez dizulako jartzen etiketa, eta zu zarelako esan behar duena 'ilustratzailea naiz', horrela bizi duzulako eta horretan aritu nahi duzulako. Baina oso-oso gutxitan sentitzen zara benetan gai zeure buruari hori onartzeko. Eta orduan esan zidan anaiak hura nire jarduna bihurtzea nahi banuen, igual hasi beharko nuela egunero zortzi ordu eskaintzen horri, eta nire benetako jardun bihurtzen».
Eta funtzionatu zuen? «Bai, bai. Ze ez dira beti enkarguak iristen, eta iristen ez badira ere, ni berdin-berdin mahaian esertzen naiz: webgunea eguneratzeko, postako mezuei erantzuteko, nigandik ateratako proiektu berri bat pentsatzeko... Baina nik egunero egiten dut mahaian esertzeko lan hori, eta, zortez, lana iristen zait». Baina onartu duenez, badira proiektu eta proiektu artean lanik iristen ez diren uneak ere, eta batez ere horrelakoetan zaio baliagarri anaiaren gomendio hura. «Gainera, enkarguak ez direnentzako toki txiki bat gordetzeak ere laguntzen dizu aberasten lanarekin duzun harreman hori».
Dioenez, eragin erabakigarria du distantziak jendeak bere jardunari buruz duen pertzepzioan. «Ezagutzen ez nauenak erabat plazerezko zerbait balitz bezala ikusten du nire lana, eta ezagutzen nauenak bukatzen du ikusten askotan sartzen ditudala behar baino ordu gehiago, eta zer esan nahi duen lanbide hau aurrera ateratzeak». Are gehiago, Gurrutxagaren hitzetan, amaiera datarik izan ezean, «eternalak» izan daitezke lan guztiak. Eta azaldu du zergatik: «Liburu bat bukatutakoan, akatsak ikusten hasten zara, eta liburu bera hasiko zenuke berriz halakoetan, ze, prozesuan aurrera egin ahala, ikasi duzuna txertatu nahi zenuke berriz hasieratik».
Halere, ez du maite sorkuntza lanei buruz maiz izan ohi den irudia: «Oso erromantizatuta dago, eta hori ere puskatu behar da».
Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak izan zen ilustratu zuen lehen lana (Elkar), beste hamaika etorri dira gero, eta, tartean, bi aldiz irabazi du Lazarillo album ilustratuen saria, eta behin ilustrazioaren adarrari dagokion Euskadi saria: Habiak komikiagatik azken hori. Euskarazko testuekin egin du lan nagusiki. «Askotan sentitzen dut irla bat bezala dela hau. Oso lan onak argitaratzen dira, baina gero traba bat izaten dugu kanpora ateratzeko, eta ongi legoke kanporako bide hori erraztea moduren batean».
Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko kide ere bada Gurrutxaga, hasiera samarretik. 2019an egin zuten lehen biltzarra, eta iaz bigarrena. Ilustrazioari lotutako esparruekin aritu da bertan nagusiki, eta ez du uste pedagogia kanporantz bakarrik egin behar denik. «Behar handia dago jardun honetan gabiltzanon artean ere. Talde baten parte sentitzen zarenean, zuk erreparatu ez duzun horretan erreparatuko du zure ondokoak, eta horrela bazoaz sortzen talde kontzientzia bat. Guk geuk ere konplexu asko izaten ditugu, eta ez gara beti sentitzen geure burua esparru profesional horretan kokatzeko besteko irmotasunez».
Fiskalitatea da Lanartearen lan esparruetako bat. Egun, aldatu egiten da sortzaileen egoera ogasunez ogasun, eta, horregatik, bilkura sorta bat abiatu dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako arduradunekin. Irizpideak bateratzea da oinarrizko eskaria, eta, legea moldatu beharrik gabe ere, sortzaileentzako erosoago izateko moduko hainbat interpretazio ere proposatu dituzte. Horrez gainera, kultur kontsumoari buruzko ikerketetan euskarari buruzko aldagaia ere kontuan har dadila eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta, barrura begira, kideek erreferentzia modura erabili ahal izateko kontratu ereduekin ere ari dira lanean. Eta ilustrazio lanetarako kontuan hartu behar liratekeen irizpideak lantzen aritu da Gurrutxaga, hain justu.
JURGI EKIZA Musikaria
«Langile, autonomo eta artisauen arteko zerbait da euskal musikaria»
Musikaria da Jurgi Ekiza (Baiona, 1980). Eta ogibidez da musikari, gutxi gorabehera 2013az geroztik. 2004an hasi zuen ibilbidea, Willis Drummond taldean, eta badu bakarkako proiektu bat ere, baina dioenez, profesionalizatu diren arren, taldean sekula ez dute profesionalizazioa helburutzat izan. «Ordura arte saiatzen ginen horretaz bizitzen, pixka bat eskuin-ezker ibilita, ahal genuen bezala, baina argi genuen helburua ez zela musikaz bizitzea, baizik eta lanik ez izatea, eta ahal bezala aritzea musikan. Momentu batetik aurrera bai, erabaki genuen musikaz bizitzea, horrela bi helburuak betetzen genituelako, baina profesionalizatzea ez zen helburu bat».
Estudiora bidean erantzun die BERRIAren galderei, urte amaierarako kaleratu asmo duten Willis Drummonden estudioko zazpigarren disko luzean lan egiteko. Eta, beraz, hori izan al daiteke musikari profesional baten jardunaren ohiko egun bat? «Hori da gure lanaren berezitasun bat, eta, justuki, nik maite dudana, ez dela egun normalik, eta ez direla gauzak errepikatzen», erantzun du.
«Badakit proiektu batzuetan jendeak badituela zinez bulego orduak, ordutegi erregular eta errepikakorrekin, baina norbere izaeraren araberakoa ere bada hori, eta gu ez gara horrelakoak. Errutina ez dugu oso ondo ez onartzen, ez eta bizitzen ere. Hori da jokoa: zeure burua bortxatzea gogor lan egiteko, baina sekula sartu gabe errutina horretan, eta egiten ari zarena lan bat den sentsazio sobera izan gabe, eta, halere, lan aski eginez, egiten duzunak dirua eman dezan».
Hiru figuraren arteko dantzan irudikatu du musikariaren ogibidea. «Euskal Herrian musikariak hiru estatusen artean mugitzen gara: inoren konturako langile, autonomo eta artisau». Langile: «Azken finean, ordaintzen dizuna beste norbait delako». Autonomo: «Guk eramaten dugulako gure proiektua, eta, prestakuntza lanak edo entseguak direla, dirurik sortzen ez duten gauza asko egin behar ditugulako, beste momentu batean dirua sartu ahal izateko». Eta artisau: «Hemen dena egoten delako neurri aski tipi batean, eta, horregatik, enpresariak baino gehiago artisauak gara: guk sortzen ditugulako gure kontzertuak, gure diskoak».
Musikari profesionalak izanik, eta Ipar Euskal Herrian bizirik, intermitentziarako aukera ere badute Willis Drummondeko kideek, eta, Ekizak dioenez, funtsezko suertatu zaie hori pandemiari aurre egiteko. Emanaldirik ez duten sasoian langabezia moduko bat jasotzeko aukera ematen die intermitentziak sortzaileei, eta, Frantziako Gobernuak aukera hori luzatzea erabaki zuen pandemiaren eraginez, emanaldiak etenda iraun bitartean. «Lasaitasuna» eman die horrek. «Bagenekien sarrera minimoak ez genituela galduko». Eta gogoratu duenez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan urte eta erdiz egon dira antzokiak eta aretoak itxirik.
Moldatzen asmatu dute, gainera. Taldearen emanaldiak formatu akustikora eramanda, iaz, aukera izan zuten Hego Euskal Herriko antzokietan aritzeko, eta, azkenerako, 40 saio inguru eskaini zituztela dio musikariak. «Urte normal batean bezala». Eta zuzeneko diskoa ere grabatu zuten saio horietako batean: Garai bereziendako kontzertu berezia.
Bare mintzo da igarotako etenaldi hartaz orain, «behin pasatutakoan», baina etenaldi betean estuago sentitzen zela onartu du. Nahitaezko geldialdi hark ordura arte zeramaten «erritmo frenetikoa» moteltzen lagundu diela onartu du, baina baita une batez kolokan ikusi zutela euren diru sarrera nagusia ere.
Inbertsioa eskatzen dutelako estudio orduek, berdin kantak aurkezteko bideoak sortzeak ere, eta disko salmenten beherakada kontuan hartuz, azkenean, zuzenekoek emandakoak dira diru sarrera guztiak. Neurriarekin asmatzea da hor gakoa, Ekizaren hitzetan. Proiektuari hazten laguntzearen eta daukazunarekin gozatzen jakitearen artean. «Guk ez dugu sartu nahi banku logika batean, bost urtetan ordaintzeko zorrekin, eta gero, kontzertuak eman behar izatea zor hori ordaintzeko, baita gogorik gabe ere».