Kike Diaz de Rada antzerki zuzendari eta idazlea hil da

Tanttaka teatroaren sortzaileetako bat izan zen. Konpainia horren lan batekin igo zen lehen aldiz oholtzara: 'El florido pensil'. Telebistan ere aritu zen.

Kike Diaz de Rada, aktore eta zuzendaria, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ
Kike Diaz de Rada aktore eta zuzendaria, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko ekainaren 19a
21:15
Entzun

Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoilariaren bidez jakin da berria. Kike Diaz de Rada aktore, zuzendari eta idazle donostiarra zendu da, 64 urte zituela. Eszenatoki gainean ibili zen arren, pantailetan ere utzi zuen arrastoa. Film eta telesailetan aritu zen, esaterako, ETB2ko Mi querido Klikowsky telesailean. Euskal Herrian makina bat proiektutan aritu zen.

Bartzelonan egin zituen unibertsitate ikasketak —Filologia ikasi zuen—. 1978an, Bartzelonan hau ere, bertako diputazioko Antzerki Institutuan antzerki ikasketak egin zituen, besteak beste, Pere Planella, Pavel Litbarsky eta Jose Sanchis Sinisterrarekin batera. Hor hasi zuen bere antzokietako ibilbidea.

Orain antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen. Modigliani lana sortu zuen konpainia horretan. 1983an Tanttaka teatroa sortu zuten kideetako bat izan zen, Mireia Gabilondorekin eta Fenando Bernuesekin batera. El florido pensil antzezlanarekin konpainia ezagun egiten hasi zen. 1996koan estreinatu zuten obra. Hezkuntza frankistari parodia egiten dio antzezlanak, eta, hainbat urtez, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak taularatu zituen Tanttakak. El florido pensil Niñas bertsioa ere egin zuten, emakumezko aktoreekin —Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo, Elena Irureta eta Itziar Lazkano—.

Dakota eta Novecento, ozeanoko pianista lan ezagunetan ere parte hartu zuen. Lehenengoan Hipolito protagonistaren rola antzeztu zuen. Bigarren antzezlan horretan aritzeagatik hainbat sari jaso zituen: Txema Zubia saria, Donostiako aktore onenaren saria eta Palentziako Hiria saria, gizonezko aktorerik onenari.

Mi querido Klikowskin antzeztutako rola izan zen Euskal Herrian telebistan egin zuen lanik garrantzitsuenetako bat. Espainian ere ekoizpen handietan parte hartu zuen. Filmetan ere aritu zen. Kutsidazu bidea Ixabel eta Yoyes —Helena Taberna izan zen zuzendaria— izan ziren horietako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.