Kieslowskiren zinema aztertu du Iñaki Lazkanok
Euskaltzaindiaren eta EHUren Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena saria lortu du Lazkanok, gizarte zientzien arloan
Aiora Jakaren tesia aurkezteaz batera eman zituzten, atzo, Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena sariak Euskaltzaindiko eta EHUko agintariek. Iñaki Lazkanok irabazi du Gizarte Zientzien arlokoa, Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman lanarekin. «Adierazi nahi izan dut itxaropena oso presente dagoela haren testamentu filmikoan, nahiz eta zinemagile iluntzat jotzen duten», esan du Lazkanok. Josi Basterretxeak eta Patxi Juaristik osatu dute epaimahaia, Maite Insausti, Xabier Kintana eta Jesus Mari Makazagarekin batera. Azken hiru horiek ebatzi dute, Julian Maia eta Miren Azkaraterekin batera, Larraitz Zubeldiaren 'Omen' partikularen azterketa semantikoa eta pragmatikoa lana saritzea, Giza Zientzien alorrean. Zubeldiaren esanetan, «ziurgabetasuna adierazteko ez ezik, beste iturri baten hitzak adierazteko ere erabiltzen da omen partikula». Horren zabaldua ez dagoen adiera horretan sakondu du Zubeldiak. Ikasketa teknikoen arloan, bestalde, Arantxa Otegiren Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak saritu dute Lauren Etxeparek eta Jose Ramon Etxebarriak. Eta Osasun Zientzien eremuan, Karlos Ibargurenen Helduen ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdien analisia EAEn gailendu da. Alberto Loizatek eta Inmaculada Gerrikagoitiak osatu dute epaimahaia. Zientzia esperimentalen saria eman gabe utzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu