Iñaki Lazkano. Irakaslea

«Kieslowskiren ustez, anaitasuna da gizakia askatzen duena»

Krzysztof Kieslowski zinemagileari buruzko tesia egin du haren film ezagunenak hartuta, baina horietara heldu artekoa ere aztertuz.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Lazkanok (Donostia, 1971) Krzysztof Kieslowski zinemagile poloniarrari (Varsovia, 1941-1996) buruzko tesia aurkeztu zuen joan den apirilean, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Ikus-entzunezko departamentuan. Bigarren aukeraren auzia eta itxaropenaren izaera etikoa, Krzysztof Kieslowskiren azken garaiko zineman izena jarri zion. Euskaraz egin du, hortaz. «Sistema dagoen bezala egonda, oso zaila da euskaraz horrelako zerbait egitea; are gehiago, euskal zinemaz ari ez bazara». Baina «ama hizkuntzan» aztertu nahi izan du Kieslowskiren lana. Lazkano irakaslea da EHUren Kazetaritza II sailean.

Zergatik duzu gogoko Kieslowski?

Gogoko dut, batetik, formalki oso erakargarria zelako. Bestetik, haren inguruan bazegoen polemika bat, Frantzian. Positif aldizkarikoek esaten zuten Ingmar Bergmanen pareko maisua zela, eta Cahiers du Cinéma-koek, berriz, formalista huts bat zela. Baina ni ez nago ados, forma horren atzean eduki bat dagoela iruditzen zaidalako. Biak uztartzen ditu bere zineman; eta edukiek eta narrazioak bat egiten dutenean, film biribilak sortzen dira. Ez dut esango, Positif-ekoek esan bezala, Bergman mailako maisua zenik, baina izan zen XX. mendearen amaierako zinemagile esanguratsuenetako bat.

Noiz hasi zinen harekin zaletzen? Noiz ikusi zenuen aurreneko aldiz haren film bat?

Lehen aldiz haren film bat 1988ko Donostiako Zinemaldian ikusi nuen. Krotki film o milosci [Ez duzu maitatuko] eman zuten. Trebe jokatu zuen Zinemaldiak. Izan ere, bloke sozialistaren barnean bazuen izen bat, baina mendebaldeko Europa deitzen genion horretan erabat ezezaguna zen. Ezaguna egiten hasi zen Krotki film o zabijanju [Ez duzu hilko] filmarekin 1988an Cannesko zinema jaialdiko epaimahaiaren saria eman ziotenean.

Donostian film hura ikustera joan aurretik ba al zenuen haren berri?

Haren izena jada ezaguna zen Cannesen eman zioten sariagatik, baina artean haren filmik ikusi gabe nengoen. Zinemazaleen artean hitz egiten genuen hari buruz. Baina erreferentziak edukitzea arriskutsua ere bada batzuetan...

Ezustekoa hartu al zenuen?

Ezusteko atsegina izan zen. Krotki film o milosci-ren eta Krotki film o zabijanju-ren arrakasta zela eta, handik gutxira Frantzian ekoitzi zizkioten lau film: bai La double vie de Véronique (1991), baita Trois couleurs: Bleu, Trois couleurs: Blanc eta Trois Couleurs: Rouge (1993-1994) trilogia ere. Koloreen trilogiak oso-oso ezagun egin zuen.

Trois couleurs(Hiru kolore) trilogiak oso ezagun egin zuen arren, modu batean edo bestean itzali egin da haren oroitzapena. Zer dela eta?

Esango nuke izar iheskor bat izan zela. 90eko hamarkadaren hasieran ospea lortu zuen, sariak irabazi zituen, baina kritika banatuta zegoen. Frantzia da horren isla garbia. Kritika banatuta egoteak bere eragina eduki du. Jarraitzaile batzuk izan ditu, halere. Nabarmendu behar da, halere, zuzendari oso ezezaguna zela. Ezagunak dira mendebaldeko Europan egin zituen filmak, baina beste guztiak, Dekalog (1988) barne, ez dira batere ezagunak. Film laburrak, luzeak eta dokumentalak kontuan hartuta, 50 baino gehiago zuzendu zituen. Nire tesia La double vie de Véronique-n eta trilogian oinarritu dut, baina ahalegina egin dut beste perspektiba batetik aztertzeko. Horiek dira haren bilakaeraren gailurra, baina bilakaera erabat ezezaguna da, eta saiatu naiz horren berri ematen.

Gizabanakoaren arimaz, etikaz eta sentimenduez jardun zuen. Zein zen haren langintzaren helburua?

Haren zinema aipatzen denean, nabarmendu izan da halabeharra edo zoria zela haren zinemaren giltzarria. Nire ustez, halabeharra bada garrantzitsua haren zinemagintzan, baina garrantzitsuagoa iruditzen zait errepikapena. Askorentzat oso ezkorra da haren lana, baina haren azken filmetan itxaropena nagusitzen da, errepikapenaren gaia erabilita. Izan ere, azken filmetako protagonistek, zuzena den zerbait egiten dutenean, halabeharraren babesa jasotzen dute, eta zoriontsu izateko aukera bat daukate. Askotan, jarrera etiko hori anaitasuna da haren ustez.

Erlijioa ere aztertu zuen bere filmetan. Jainkoarekin harreman «pribatua eta pertsonala» zeukala esaten zuen...

Jainkoari buruzko zalantza existentziala dauka. Egia da, aldi berean, bere bizitza intimoari buruz ez duela hitz egiten. Bere sentimenduei buruz filmen bidez hitz egiten zuen. Dekalog-eko hamar esaldiak Itun Zaharraren agindu moralak dira. Gizakiaren egunerokoan txertatzen ditu bere Dekalog-eko hamar filmetan, eta kontraesanak nabarmen geratzen dira. Horren bidez adierazi nahi du hamar esaldi horiek ez direla gai gizabanakoaren sentimenduak arautzeko. Ondorio hori atera dut. Eta iraultza burgesaren hiru aginduetako bi ere ez dira gauza; ez askatasuna, ez berdintasuna. Baina anaitasuna posible dela uste du. Kieslowskiren iritziz, anaitasuna da gizakia askatzen duena, itxaropena ematen diona. Bere pelikuletako protagonistek saria jasotzen badute, anaitasunaren kontzeptua erabiltzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.