Khea Ziater konpainiak ele bitan estreinatuko du 'La sed del minotauro' antzezlana ostiralean, Arriaga antzokian

Taberna batean topo egiten duten bost antiheroiren amodio beharra kontatzen du antzezlanak, antzerkiaren eta zinemaren lengoaiak uztartuz.

Khea Ziater konpainiaren antzezlaneko irudi bat. SON_AOUJIL
Khea Ziater konpainiaren antzezlana. SON_AOUJIL
Inigo Astiz
2024ko urtarrilaren 29a
16:30
Entzun

Ia aintzat hartzen ez dituen mundu batean maitasun bila dabiltzan antiheroiak dira La sed del minotauro (Minotauroaren egarria) antzezlaneko protagonistak. Khea Ziater konpainiak Il Labirinto izeneko tabernan girotu du bere lan berria, eta joan-etorrian dabiltzan bezeroak dira kontakizunaren ardatza. Jon Gerediaga idazlearen testu bat du abiapuntua lanak, eta harekin elkarlanean osatu du piezaren azken bertsioa Alex Gerediagak. Hark egin ditu zuzendari lanak ere, eta, orain, bost aktorek oholtzaratuko dute pertsonaia bestiario bitxi hori: Jon Ander Urrestik, Ainhoa Artetxek, Leire Uchak, Arrate Etxeberriak eta Txubio Fernandez de Jauregik. Bilboko Arriaga antzokiak lagundu du konpainia ekoizpenarekin, eta bertan estreinatuko dute lana, ostiralean. Euskara eta gaztelera uztartuko dituzte egun horretan, eta gaztelera hutsez emango dituzte hurrengo bi emanaldiak: larunbatean eta igandean.

Konpainiak ohiko duen moduan, oraingo honetan ere nahasian joango dira obran antzerkiaren eta zinemaren lengoaiak. Zuzeneko antzezpenak ez ezik, emanaldirako propio errodatutako hainbat pasarte ere proiektatuko dituzte. Pertsonaiek tabernatik kanpo bizi dituztenak kontatzeko baliatuko dute elementu hori, besteak beste, eta eszenatokiko atrezzoan txertatutako hainbat pantaila erabiliko dituzte horretarako.

Antzokiak eta konpainiak zabaldutako oharraren arabera, «eraldaketa gertakari bat» kontatuko du istorioak. «Berehalako hondoratze baten denboraren eta erreskate baten une magikoaren artekoa».

Pertsonaia «maitagarriak»

Kanpoan hotz egiten duela. Hori da obrak tabernaren kokapenari buruz ematen duen informazio bakarra, eta, beraz, giro etsai horretatik babes hartu nahirik, han egingo dute topo pertsonaiek. Orain arte konpainiak egin duen lanik dibertigarriena dela azaldu du zuzendariak, eta pertsonaien izaera nabarmendu, besteak beste. Gerediaga: «Uste dut publikoak maitatu egingo dituela».

Eszenaren eta zinemaren arteko distantziak laburtzea izan da konpainiaren asmoetako bat, hasieratik. Eta orain ere horretan dabiltzala azaldu dio Gerediagak Artezblai aldizkariari. «Bide horretan jarraitzen dugu gure bilaketarekin, soinua eta irudia anplifikatzeko baliabideak uztartzen, hori lortzeko moduak bilatzen; tarteka bada ere, eszenan zinema egiten saiatzeko, sekula ahaztu gabe egiten duguna antzerkia dela. Gustatzen zait, horretan disfrutatzen dudalako, eta hor aritzeak lagundu egiten digulako gure indarrak eta sorkuntza ahalmenak enfokatzen. Horrela da oraingoz. Gure lanak errekonozitzeko modukoak izan daitezen ere laguntzen du, eta hori ere gustatzen zait».

Konpainiak 2010ean hasi zuen ibilbidea, La canción de Gloria obrarekin, eta beste bederatzi lan taularatu dituzte geroztik, euskaraz estreinatutakoak haietako asko. Malmö eman zuten 2016an, William Shakespeareren Macbeth moldatu zuten 2019an, eta Winona & Grace taularatu zuten 2022an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.