HIRUDIA. Iratxe Retolaza.

Kezkak eta begiradak

2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azken Hirudia-n aipaturiko ideiak argitzeko erabiliko dut. Ziur asko, ez nuen azken zutabe hartan nahikoa argi hitz egin, etorri diren eztabaidek ohartarazi bezala. Argi dago literatura eta kazetaritza eskutik joan direla beti, baita euskal esparruan ere, Karmelo Landaren eta IƱigo Aranbarriren hainbat lanek argiro adierazi bezala. Ez nuen harreman hori zalantzan jarri nahi, baizik eta sentsazionalismoz jositako kazetaritzaren begirada jarri nahi nuen auzitan. Jakina, egon badago kazetaritza-lan duinik, baina, egon badago espektakuluaren gizartearen zerbitzura lan egiten duen kazetaritza-lana. Entretenitzeko helburuari lotua, informazioa helarazteari edo begirada kritiko garatzeari lotuagoa baino. Biolentzia matxista ere espektakulu bihurtu izan da, eta diskurtso horren oihartzunak topatzea harritu ninduen, ez besterik.

Zureak egin du nobelako kazetariari emakumeen aurkako tratu txarren inguruko erreportajea egitea eskatuko dio zuzendariak. Egunkariko buruak zeregin hori saritzat du, kazetariak erasotuen inguruko lekukotasunak emateko modua atsegin duelako. Beraz, enkargu horren helburua ez da biolentzia matxistaren inguruko salaketa bat egitea, baizik eta irakurleak eskuratzeko amu izan daitekeen gertaera baten alderdirik pertsonalenen berri ematea. Hala ere, nobelak aurrera egin ahala, kazetariak egiazko kezka agertuko du gaiaren inguruan, eta erasotzaileen perfilaz gehiago jakiteko beharra sentituko.

Dena den, nahiz eta nobelaren diskurtsoan erasotzailea fokatzeko beharra aldarrikatu irakurraldian gehiago da erasotuaren soslaiaz dakiguna, erasotzailearen soslaiaz dakiguna baino. Hartara, nobelaren asmoetariko bat erasotzailearengan arreta jartzea dela dirudien arren, irakurketaren ondoren ez zait halako sentsaziorik geratu, eta erasotzailearen irudia itzalean geratu dela iruditu zait. Ez dakit pentsatua izan den, baina, liburuko portada ere ikuspegi horri lotu zaio.

Zoaz infernura, laztana nobelan ere halakoxea da egoera. Emakume erasotuaren gorputzaren formak, mugimenduak eta erritmoak irudikatzen zaizkigu, eta erasotzailearen gorputzik, aldiz, ez zaigu irudikatzen. Pentsatzekoa denez, gorputz horrek behar du pertsonaia nagusiarentzat beldur iturri izan, eta irakurleari ez zaio jakinarazten nolakoa den erasotzailearen gorputz hori, izuaren iturria.

Garaiko kezkak eta arazoak zeintzuk diren adostea zail izaten da, irakurle adina ikuspegi dagoelako. Baina, gaia aipatze hutsa ez da beti kezka edo arazoa jorratzea, beharbada irakurle zenbaiten kezka gertaera baten aurrean garaturiko begirada, ikuspegia edo tratamendua delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.