Hasitako bideari segitu. Bilaketa prozesuan jarraitu. 2006an Negutegia bigarren nobela argitaratu zuenetik literatur lanik plazaratu gabea zen Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972); 2000. urtean egin zuen agerpena plaza publikora estreinako eleberriarekin: Edo zu edo ni (Erein). Orduz geroztik, eta bigarrena heldu artean, narraziogintza, antzerkia, poesia eta haurrentzako literatura landu zituen. Gero etena, baina soilik ekoizpen literarioari zegokionez. Ikerketa lanak, eszena eta dantza munduko artistekin egindako kolaborazio ugariek eta kultur eragile modura (Azala gunea) eta irakaskuntzan (arte hezkuntzako irakaslea Huhezin) egindakoak bete dute sortzailearen denbora; eta, azken denboretan, Beltzuria liburua prestaketak eta idazketak. «Aurrez egindakoaren jarraipena da liburua. Nire lekutik begiratuta, beraz, continuum bat da. Beste kontu bat da egindako lan horrek guztiak ez duela liburu batek hartzen duen ikusgarritasuna izan». Etxalarkoa zuen aitona Rozasek, Frantzisko Elizalde Xamuio bertsolaria. Haren ahots eta oroimenaren bila sarri egingo du Etxalarrera idazleak; egilearen eta Xamuiorenarekin batera, beste hamaika ahots, oroimen eta gogoeta azaleratuko dira.
Esan ote zuen inoiz Xamuiok beltzuria hitza?
Seguru baietz. Ez dut aztertu hitza noiztik esaten den Etxalar aldean, baina oraindik erabiltzen da, eta liburua idazten ibili naizen bitartean ere topatu dut hitza bertakoen ahotan.
Axun eta Juliri zer kontatu diezu liburuaz, zer esplikatu zenien?
Zor diet bisita bat. Biak ere zahartuak dira oso —90 urtetik gora biak—. Batzuengana joan naiz dagoeneko liburuarekin, baina oraindik beste batzuk ditut bisitatzeko…
Bi izen horiek aipatu ditut, baina zera azaldu nahi dut: Etxalar inguruko, landaguneko jende horri zer adierazi diezu?
Niretzat presente egon dira denbora guztian, ez bakarrik liburua idazteko orduan Etxalarren ibili naizelako, baizik eta testua editatzerakoan eta muntatzea egiten ari nintzenean ere bertakoengan pentsatu dudalako. Edonori zuzendua dago Beltzuria. Egia da oharren atal luzea daukala, baina leiho eta ñabardura gehiago irekitzen dituen osagarri bat da.
Nolakoa behar luke unibertsitateko kultura urbanoaren eta landaguneko ahozko kultur eta tradizio horren arteko harremanak?
Hainbeste dugu ikasteko haien eguneroko hizkeratik. Antropologiak aspaldi ikertu du hori, jakina, Joxemiel Barandiaranek eta William Douglassek, eta beste euskal antropologoek. Nirea bestelako lana izan da. Egia da hitz batzuk berreskuratzen ditudala; nostalgiarik gabe egiten dut, haiei erabilera berria emateko. Bilaketa hori ez dut ez filologiatik, ez antropologiatik egin, nahiz eta baden eremu horren gainean egindako lana eta gogoeta. Liburuko pasarte batzuetarako sortu eta aktibatu ditudan egoerek badute etnografoaren lanetik zerbait.
Kultura jasoan ez da gailendu beste mundu hori baztertzeko joera?
Bai, historikoki gertatu da hori, gainera. Landako bizitzaren gainbehera nabarmena gertatu da gure gizartean. Barazkiak plastikoan bilduta erosten ditugu, hori litzateke irudia… Hor gainbehera handia gertatu da. Uste dut orain bueltaren bueltan gaudela. Alegia, gauzak ari direla nonbaitetik mugitzen: kontsumitzaileen zerrendak, bertako produktu ekologikoak, zero kilometro deituriko ekimenak. Jendeak oraindik ere landagunera bizitzera jotzen du, beste bizimolde bat izatera.
Ahotsari, edo haren fisikotasunari, esanahia gailendu zaio. Hori du tesitzat liburuak. Zer galdu dugu fenomeno horrekin?
Hitza desahotu egiten da. Desahotu hitza liburuan erabiltzen dut. Asko hitz egiten da ahozkotasunaz gure kulturan, baina ez zaio askorik erreparatzen hitzak daukan materiari, hitzak duen materia sonoroari, hitzak berak sor ditzakeen hots desberdinei. Hor oso esparru aberatsa irekitzen da idazten dugunontzat. Nik behintzat denbora bat badaramat horretan, hor gero eta gehiago barneratuz, modu bertikalean. Hitzei beste modu batera begiratzen badiegu, beren erritmoari erreparatuz, beren materia fonikoari erreparatuz... Hitzaren esanahia gailentzen bada, hotsak galtzen du presentzia, haragia galtzen du.
Bitxia da. Balirudike oso gogoeta intelektualizatuaren bidez desintelektualizaziorako bidea proposatzen duzula, esanahiaren aurretik egon bide dena bilatzen duzula.
Ahotsaren inguruan hainbeste idatzi ondoren, doktore tesi bat tarteko, gogoa neukan, edo banekien bazegoela ikertzeko beste leku bat. Ez dut esaten desikaste prozesu bat egin dudanik; ez da nire helburua izan. Aldi berean, ez nuen nahi dagoeneko intelektualizatu dudana baino gehiago intelektualizatu. Niretzat oso garrantzitsua zen lan honetan esaten nuena geruza poetiko batekin esatea. Hala ere, prozesua ez da izan orain arte esandakoa poetizatzekoa soilik, nire sorkuntzan beti baitago geruza poetiko horren bilaketa. Esango nuke azken hori entzumen kontua dela; horren bila bazabiltza, horretara moldatzen zaizu entzumena. Ezin dut beste modu batera idatzi; momentu honetan, behintzat, ez zait interesatzen. Baina ez ahotsaren gaiarekin bakarrik, baita heriotza ere, gerra, isiltasuna... operazio hori egin dut liburuan.
Galdutako ahots hori berreskuratu beharra dagoela iruditzen zaizu?
Ez dut oso atsegin besteei zer egin behar duten esatea. Nire esperientzia da, ahotsaren, lengoaiaren eta gorputzaren arteko espazio hori modu teorikoan eta modu praktikoan begiratzen eta ikertzen hasi nintzenetik, leku emankorra dela. Egia da liburuan bertsolaritzaz hitz egiten dudanean, adibide zehatz bat jartzeagatik, bai esaten dudala zer gertatzen den emozio maila estetikotik bertsolaritzaren edukiaren eta formaren artean desberdintzen hasten baldin bagara. Lengoaiak unibertsaltasuna bilatzen du, eta ahotsak ez; ahotsa ez da unibertsala, bakarra da, norbanakoarena.
Bertsoak ahotsa galdu duela diozu, eta horrekin bakantasuna ere bai. Uniformizatu egin da?
Bertsolaritzara nire aitonaren zaletasunetik gerturatu naiz; ez naiz bertsolaritzan aditua, eta, beraz, aurretik errespetu guztia bertsolaritzaren munduarekiko, egiten den lan guztiarekiko, berrikuntzekiko… Ahotsa ikertzen ari naizenetik, gauza asko gertatzen ari da bertsolaritzaren munduan, baina beti atentzioa eman dit ikusteak ahotsari zer garrantzi gutxi ematen zaion, ahotsa orain arte azaldu dudan bezala ulertua. Horregatik garatzen dut gai hori gehiago oharretako batean. Sarrionandiak dio epidiktikotasuna muturrera eramaten dela bertsolaritzan. Beste arte performatiboetan asko ari dira ikertzen hitza nola erabili. Bertsolaritzan, aldiz, hitza modu jakin batean eta gorputz jakin batetik erabiltzen da.
Badira ahots bakan hori bilatzen saiatzen ari direnak. Maialen Lujanbio datorkit burura nabarmen…
Bai, hala da. Hor dago Xabi Erkiziarekin egindako Ornitorrinkus egitasmoa. Edota Oier Etxeberriaren lana. Nik uste dut beste arte adierazpideetan edo arloetan bezala aniztasuna egotea ona dela, eta, nire ustetan, ikus-entzule gisa beste aberasgarritasun bat izango luke bertsolaritzak esperimentaziotik gehiago joko balu.
Esperientziaren pobrezia kontzeptua sarri agertzen da obran. Inoiz baino pobreagoa al da, eta hala bada, norbanakoak du horren ardura, edo liburuan aipatzen den «sistema kapitalista deshumanizatzailearena» da?
Maila mikropolitikotik erantzungo dizut aurrena. Zailagoa zait pentsatzea ez badut mikropolitikatik begiratzen. Orain inguruan ditudan lankide eta bidaideei erreparatuz, esango nuke ezetz, ez dela inoiz baino pobreago esperientzien partekatze hori. Esperientziak inoiz baino gehiago partekatzen ditugu egun, krisiaren erdian, gertuko maila politiko batean. Ahoz aho gertatzen ari da hori, eta hitzaren eta gorputzaren presentzia batetik. Hori nire inguruan. Hori dena ez da gertatzen, esaterako, maila birtual batean, ez Facebooken, ez Twitterren eta ez halakoetan.
Eta maila makro edo orokorrago batetik?
Kezkagarria egiten zait, adibidez, gazte askok gero eta gutxiago erabiltzea hitza, teknologia berriekin dagoen adikzioa, whatsapp-ak bidaltzeagatik edo FB orrialdeak izateagatik milaka lagun dituzula pentsatzea... Harreman horiek hitzetik eta idazketatik igarotzen dira, baina oso idazkera konpultsiboa da. Hori esperientziaren pobreziaren adibidea litzateke. Walter Benjaminek aipatzen zuen I. Mundu Gerran soldaduak mutu itzultzen zirela etxera. Hori erabili dut aitonari buruz hitz egiteko; Benjamin irakurtzen nuenean, ezin nuen saihestu nire aitonaren bizitzaren pasarte hori gogoratzea… Egungo esperientziaren pobrezia ez da Benjaminek azaltzen zuena, beste bat da. Ziur asko, inoiz baino gehiago hitz egiten da sare sozialen bitartez, inoiz baino modu konpultsiboagoan; Twitterrik ez baduzu, badirudi ez zarela existitzen; inoiz baino gehiago idazten da, baina horrek denak zer sortzen duen niri kezkagarria iruditzen zait.
Zer sortzen du?
Gure benetako ahalmenen kamuste prozesua. Gero eta bakartuagoak, gero eta isolatuagoak, gero eta antsietate handiagorekin. Eta, jakina, ez dut teknologiaren kontrako diskurtso atzerakoirik egin nahi. Lanerako erabili erabiltzen ditut teknologia berriak, eta sare sozialak… Baina mugak jartzea garrantzitsua iruditzen zait. Sortzen duen antsietateari mugak jartzea, adibidez. Norberaren iritzia atsegin dut, ez dut atsegin izatea perbertsoa iruditzen zait, hori izatea egungo gazte askok duen askatasun aukera bakarretakoa. Gure hezkuntza sistemak dituen gabezietan sartzea luzeegia litzateke orain, jakinda hezkuntza sistema hori gure gizartean txertatuta dagoela.
Periferian kontzienteki kokatu zara?
Banuen autoedizioaren bidetik jotzea, esate baterako, baina Pamielan argitaratu dut liburua. Beraz, zentroan kokatu dut neure burua oraingoan ere. Ezagutzen ez dudana ikasteko idazten dut, edo ez dakidanaren bila joateko; bestela, zertarako igaro hainbeste urte liburu bat idazten edo tesi bat egiten? Aldi berean, bilaketan ari zarenean ere beti dago dakizunaren geruza hori; beraz, ez da hutsetik hasten. Hitza erabiltzeko beste modu batzuk bilatzea, hitz hori espaziora eramateko moduak bilatzea, edota hitz horien eta gorputza nahiz ahotsaren arteko harremanak bilatzea ez da periferian kokatzea, hasitako bideari jarraitzea baizik. Hori koherentea izatea iruditzen zait.
Baina jabetzen zara arriskuak badituela bide horrek publikoari begira.
Bai, baina bestela zertarako sortu. Arrisku hori ez dut beldurrarekin bizi; bestela, ez nuke egingo. Alde horretatik, ez dut zamarik sentitzen. Askatasun hori ere urteekin lortzen den zerbait da. Gero irakurleak esango du. Nik materialak sortu egiten ditut, oratu, eta gero irakurle edo hartzailearen lana da horiei esanahia ematea.
Ixiar Rozas. Idazlea
« Kezkagarria da gazteek gero eta gutxiago erabiltzea hitza»
Zortzi urteko eten publikoaren ostean, 'Beltzuria' definizio gaitzeko “artefaktu— literarioarekin itzuli da; Xamuio aitona bertsolaria zuenaren ahotsaren peskiza kronikaren eta saiakeraren arteko testu bilakatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu