Egilea: Urtzi Urkizu
Argitaletxea: Maiatz.
Digresioetan aritzeari itzuri nahi diot, eta liburuaren gainean jardun aitzin, poesiaz oldoztuko dut amiñi bat, poesiaz eta gure poetez.
Bi poeta mota bereizten ditut: poesia idazten duena eta, poesia idazteaz gain, bizitzari modu poetikoz aurre egiten diona. Bizitzari lotzen zaiona, huntza harriari lotzen zaion legez. Poeta bizi duena, hots. Urtzi Urkizu bigarren multzokoa begitantzen zait.
Poeta hauek poesiaren periferian ibilki dira, marjinalean, erran nahi baita, marjinaleko marjinalean. Horiek horrela, eta poesia jadaneko, berez eta izatez, ekimen marjinatua izaki. Gordinago esate aldera, gurean, poesia, marjinala izanagatik ere, Susa, Pamiela, Elkar edo Erein argitaletxetik heldu bazaigu, gaitzerdi. Horietatik heldu ezean, are marjinagotik heldu den seinale.
Urtzi Urkizuren lehenengo liburua Beta izan zen, autoekoizpena. Kezka bat gutxiago Maiatz argitaletxearen eskutik heldu zaigu, baita maiatzean niri heldu ere. «Udaberrian loreak ez ezik, poesia loratu ei / omen da». Hara topikoa. Topikoa ere bada honako hau: «Hobe poesia amiñi bat sasimedikuaren botika dosia baino».
Kezka bat gutxiago bost ataletan apailatuta dago. Hitzaurrea Auxtin Zamorak izkiriaturik.(Poeta bizi duen poeta hau ere, bizitza arras poeta daramana).
-Urtzi, bilatzen duzu?, itaundu digu Zamorak.
Eta arrapostua:
-Bai, uste dut Bizia deitzen dugun gure portu-hiriaren erdiguneko karrika baten ezkinean aurkitu zenezakezula!
Hostoei ostikoka. Lehen ataleko huntzak hostokatu eta giharrik gabeko hostoak eskuratu ditut.
Gizakia gaurko gizartea. Egungo munduko pertsonaren —eta poetaren— kezkak aurkitu ditut: Big Bang, Fukushima, Internet, Reset, Krisia, Euskal Herria… Maleruski, poesia bakan aurkitu ere hauen hostoetan.
Gertuko hartu-emanean delakoan hasi dut poesiaren aieruren bat sentitzen ene arnasketan, Laztan loretan emeki (69. hostoa edo orrialdea) sentitu dut ene baitan.
Indartsu heldu den horri atalean, udaberriko goizetan ibilki naizpoetarekin: «Loratu da berria / hasi udaberria / berotasun apala / parkeak erdi hutsak/ goiza eguzkipean / eta zu zilipurdika».
Ene baitan-en, azkenik, Kezka bat gutxiago paratu du Urtzik lehenbizi, eta kezka bat gehiago daukat nik.
Eta nik, marjinaleko marjinalean dabilen poetaren bideetan ibiltzeko lotsarik ez, baina nire sentipenak itotzeko kuraiarik ere ez. Eta poetak gertuko hartu-emanean iradokitako poesian —Asmatu berrian—— jolasteko gertu nauka: «Jolas berriak bonbon/ daudenean xanpain eta txanpon, sosik gabe ere / irudimena biderkatu eta lo on, jolas txiki bat goxo / dagoenean zorion, nekatuz gero halako batekin / asmatu berria ta hor konpon».
Alta bada, zer eta nola adierazi? Nork bere bizia bizi du, bere sentimena, bere arrazoimena. Hitz xamurretan errana: poesia kausitu dut aldian-aldian. Ni ote, akaso, marjinaleko marjinetan bideak urratzen menturatzen ez dena? Marjinalean bizitzen ikasi ez duena?
P. S. Bart, ordu txikietan esnatu, eta kezka buruan murgildu nintzen berriz ere liburuan. La vie en rose, ez da beti poemarekin birlokartu naiz. (…) «Ostikoka haizatu ditudan hostoak iritsiko dira beste leku batera».
Literatura. 'KEZKA BAT GUTXIAGO'
Kezka bat gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu