Keixetaren pagadian

Sormenaren Kabia bekarekin hasitako proiektua ontzen ari da Txiki Agirre 'Keixeta'. Zeramikazko pago motzak ari da sortzen, eta lanotako zenbait Eibarko Portalean jarriko ditu ikusgai otsailean.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Alkiza
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Herriko plazan dago eskola zaharra. Haize fina dabil, eta leiho itxiaren bestaldetik azaldu da Antonio Maria Agirre Garate Keixeta (Arroa, Gipuzkoa, 1963) artista. Sormenaren Kabia beka jasotzeak ekarri du hona. «Itziarko Auzo Udalak gonbidatuta, Endoian ikastaro bat ari nintzen ematen umeei zein gurasoei, eta Alkizako beka honen berri izan nuen. Han besterekin hain gustura lantzen ari nintzena neure obra aldarazteko zergatik ez erabili galdetu nion neure buruari, eta halaxe aurkeztu nintzen. Zumaian bizi naiz, han daukat estudioa, eta itsasotik basora etortzeko modu ederra iruditu zitzaidan». Aukera errealitate bihurtu zitzaion, irailean. Hasieran, hamabost egunekoa behar zuen egonaldia urte bukaerara arteko bilakatu zaio; hasieran hiru pago izan behar zutenak pagaditxo bihurtzen ari zaizkio. «Hiru pieza tubular egin nahi nituen, eta egin ere bai, bekaren bi asteko epean. Baina, gero, eskola hau bota egin behar dutela-eta, urte bukaerara arte lanean segitzeko aukera eman didate». Eta berak onartu. Bi asteko egonaldirako aukerak erakarri zuen Alkizara (Gipuzkoa), hain zuzen ere. «Donostiako Artelekun zein Baigorrin egona nintzen lehen egonaldi artistikoak egiten, eta halakoek nire obra guztiz aldarazi dute. Horregatik aurkeztu nintzen beka honetara. Eta orain, egonaldia luzatzearekin, beste dimentsio bat hartu du proiektu honek». Gela betetzen duten piezak dira dioenaren lekuko. Guztiak hasi ditu buztingile tornua erabiliz; guztiak sartuko ditu labe berezi batera, 1.000 graduko berotan egosi arte; guztiak pasatuko ditu labetik paperez betetako ontzi batera, eta ontzia itxiko, buztinaren beroarekin sortutako sutik piezaren kolorea aldatzeko.

Hala egiten du bat proiektuak, artistaren ustez, Fagus Alkizak Sortzaileen Kabia beka antolatzeko espirituarekin: «Natura da Fagusen ardatza, eta naturaren lau elementuak darabilzkit lan honetan: sua, ura, lurra eta airea». Buztin erregogorrezko —lurrezko— pagoak ari da sortzen, raku teknika japoniarraren bitartez piezak egosiz —suarekin eta airearekin— eta, azkenik, koloreak finkatzeko, uretan sartuz. «Raku teknika duela 25 bat urte erabili nuen jendaurrean, Araba Euskaraz batean, Gasteizko Armentian. Ordurako, erabilia nuen neure kasa. Eskultura tubularrarekin, berriz, azken bizpahiru urteetan ari naiz. Orain arte, beti etzanak izan dira eskultura horiek, baina oraingo honetan zutikakoak dira, pago motzaren irudia aitzakia hartuta, eta horretan ari naiz. Dozenatik gora pagoko basoa da orain». Pieza bakoitzak labekada bat eskatu du; eta labekada bakoitzak zortzi ordu. Oraintxe bertan, aldameneko gelan, labea 1.000 gradutara heltzeko bidean da. Beste pago bat ari da ernetzen, beraz, basorako. «Pagoetako batzuk arrautza zurietatik aterako dira, amaniten modura». Prestatuta dauzka arrautzok ere, mahai gainean daude artistak noiz hartuko zain. Labea ere berak diseinatua da. Hamar egun egin zituen laberako behar zituen guztiak prestatzen, Alkizara etorri aurretik. Eta behin etorrita, Koldobika Jauregi eskultorearen Ur mara museoan muntatu zuen. Eskolan dauka orain labea, aldameneko gelan. Kanpoko haize hotzak ez du zartatzen Keixetaren Zorte onaren gela —«halaxe zeukan idatzita atean hona etorri nintzenean»— barruko epeltasuna. Ezta Hernio mendiaren magaletako basoen edertasuna ere. «Oso gustura ari naiz martxa honetan. Eta indartsu. Aldaketa honek indarra eman dit lanerako. Nire lan prozesuan, normalean, bizpahiru orduko saioak egiten ditut margotzen, eta hemen, hamar orduko lanaldiak egiten ari naiz. Toki honek eta buztinak horretarako aukera ematen dute».

Bideko irakaspenak

Lanaldiotan, aldaketarako aterik itxi gabe aritu da. «Dena planifikatua ekarri nuen. Baina bidean gauza batzuk asko aldatzen dira, eta horixe da interesgarriena niretzat». Bideko irakaspenak. Paperean zein ordenagailuan ondutako proiektua milimetro bat ere aldatu gabe gauzatzeko joeraren kontrara. Ohi bezala. Margolaritzan bezala. «Koadro bat egiten hasten naizenean, ez dut jakiten sekula non bukatuko dudan. Gauza bera gertatzen zait buztinarekin: zerbait geometriko eta zilindrikoa egiten hasi, moldatu, behartu, eta berak esaten dit noraino hel naitekeen». Eta erronka bat zen 1,1 metroko garaierako pagook egitea. «Halako garaierako zeramikak ez dira ohikoak, izan ere. Baina hauek ere txiki geratu zaizkit. Bi metrokoak egitea dut orain buruan, baina ez hemen, aurrerago baizik».

Aurreragoko lanak. Alkizako egonaldi osoa bideo eta argazkiz ari da dokumentatzen. Beste urrats bat, gero eta eklektikoago bihurtzen ari den Keixetaren ibilbidean. «Honek guztiak egingo dio ekarpen bat nire margolaritzari ere».

Hurrengo hitzordua: erakusketa bat Eibarko (Gipuzkoa) Portalean, otsailean, azken hiru urteetako obrekin. «Eta pagadi honek toki handia hartuko du hor». Buztinezko pagoez gaindi, pintura ere landu nahi du, Alkizako egonaldian gune izan duen eskolako haurren muralak oinarri hartuta. 35 x 35 zentimetroko dozena bat edo bi koadro egin nahi ditu. «Bolumena basoak izango du, baina baso hori espazioan bertan jasotakoarekin lagunduko dut. Eta umeek asko eman didate». Betidanik. Normalean helduekin egiten duen arren lana.

Alkizan, haur zein heldu izan omen ditu lagun. Horregatik, alkizarrei derrigor erakutsi beharomen die bere basoa. Baita erakutsiko ere: Gabonak baino lehen, Ur mara museoan eta Inazio Urruzola txakolindegian. Behin lanok bukatutakoan, Eibarko erakusketari heldu ahalko dio. «Langileak bezala, goizero joaten naiz Zumaiako estudiora, lanera. Erakusketarako data bat dudanean, baina, egun guztiak bihurtzen zaizkit lanegun. Presio horrekin lan egitea gustatzen zait. Zentratzen laguntzen dit».

Zentratzen, eta langaia txandakatzen. «Ez naiz gauza zeramika eta margolaritza aldi berean lantzeko. Bata utzi behar dut besteari heltzeko. Zeramika lan hauek ere pintatu egingo ditut, eta hor ikusiko da nire margoen eskua, baina koadroei ezingo diet heldu hauek bukatu arte». Eta koadroetan, buztin lanetan bezalaxe, materialari hitz egiten uzten saiatuko da, «beti». Materialak aukeratu eta beraien arteko erreakzioak bideratzen saiatuz. «Bide bukaerara ailegatu ezinean zabiltzanean, sufritu ere egiten duzu, baina beti aritzen naiz lanean ilusioarekin».

Ilusio horretatik sortzen zaizkio lanak. Gasteizko Ene Bada galerian ikusgai dauzkan zeramikazko buruak, esaterako. «Harritu ere egin nintzen erakusketa horren inaugurazioan zenbat jende zegoen ikusita. Interesa galdu da guztiz galerietarako, izan ere. Jendea ez da erakusketetara joaten». Ezin margotzeari eta zeramika lantzeari utzi, hala ere, 14 urte zituenean San Telmo museora igandero trenez joaten zen grina berarekin; hastapenetako paperarekiko mira berarekin. «Papera da, akaso, nire materialik kutunena. Arrazoi ekonomikoengatik hasi nintzen paper eta afitxa zaharren atzealdeetan margotzen. Oihal bat margotzea ez da garestia, izan ere, baina egunean bizpahiru margotzea, bai. Eta, gaur egun, guztiz beharrezkoa dut papera. Oihala baino nahiago dut».

Oihala ez, zapia hartu du eskuan labearen gelara joateko. 1.000 graduak harrapatzeko beharko ditu ordu batzuk oraindik ere. Eta beste pago bat jaioko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.