Keinuaren norabidean

Jose Luis Zumeta eta Carmelo Ortiz de Elgea artisten 46 margolan erraldoi jarri dituzte elkarrizketan ArtiumenBi sortzaileen tailerretan webcam bana jarriko dute haien lana zuzenean ikusteko

Carmelo Ortiz de Elgea (ezkerrean) eta Jose Luis Zumeta (eskuinean) hizketan, atzean beren lan bana dutela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Gasteiz
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Pintzela hartu, eta margolanean murgildu. Zirriborrorik ez, lanean hasi aurreko ideiarik ez; eskuak gidatzen ditu, keinuak berak. Hori da jarraitzen duten norabidea, eta margotuz osatzen dute margolana Carmelo Ortiz de Elgeak (Aretxabaleta, Araba, 1944) eta Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939). Jarrera horrek batzen ditu bi artistak, baita garaiak ere. 60ko hamarkadan euskal artea berritu zuten artisten zerrendan pisuzko izenak dira biak. Gaur izeneko taldean aritu zen Zumeta, eta Gaur izenekoan Ortiz de Elgea orduan, eta elkarrekin jarri dituzte orain bien lanak Gasteizko Artium museoan. Neurri handiko 46 margolan izango dira ikusgai Argia barrura izeneko erakusketan, larunbatetik aurrera.

Bizitza daramate pinturan, eta, halere, ezin pintura azaldu. Saiatu ere, askorik ez da saiatu Zumeta. «Pinturaz zer dudan esateko? Pinturaz nik ezin dut ezer azaldu. Nik neuk ere ez dut ulertzen, eta ez naiz azaltzen hasiko». Horrek batzen ditu bi artistak. Koloreak eta formak arituaz batzen joateko joera eta gaitasunak. «Oso hurbilekoak gara biok», dio Zumetak. «Intuizioaz egiten dugu lan biok, zirriborrorik gabe. Pinturaren ideia bera dugu, emaitza da ezberdina. Hori da interesgarriena».

«Berezia da bilduma», dio Ortiz de Elgeak. «Ez da sailean edo enkarguz egindako erakusketa». Behar moduko batez mintzo da. «Niri barruak eskatzen dit halako koadro handiak egitea. Joera hori izaten dut ohikoagoak diren neurri txikiagoko koadroak egiten aritu ondoren. Obra berezia da niretzat oraingo hau. Berezia osotasunean, eta berezia koadro bakoitzagatik ere». Bilduma jendearen eskura jartzeko modua ere goraipatu du. «Lehen aldiz ikusi ditut nire koadroak, koadroak ikusteko moduko baldintzatan».

Erakusketa gune handia eskaini diete, eskaini ere, bi artistei, hainbat areto txikitan banatutakoa. Artista bakoitzaren lanak bereizita ageri dira muturretan dauden gelatxoetan, eta nahasiz doaz erdirantz hurbildu ahala. Erdiko gune horretan ematen da elkarrizketa. «Ez da ohiko erakusketa bat», azaldu du Zumetak ere. Bi sortzaileen adinaz ari da, ordea, usurbildarra orain. «Gazteek guk egiten ditugunez bestelako gaiak lantzen dituzte. Eskertzekoa da, horregatik, gure lanekin osatutako erakusketa honen modukoak ere egitea». Izan ere, arte garaikideari eskainitako museoko gainontzeko lanekin ere ari dira elkarrizketan bi margolarien lanak.

Beren lantegietara egindako bisitetan hautatu dituzte erakusketa osatzen duten 46 lanak. Azken hamar urteetan margotutakoak dira gehien-gehienak. Denak, 1960ko hamarkada amaiera aldeko koadro gutxi batzugatik ez balitz. Enrique Martinez eta Daniel Castillejo aritu dira hautaketa lana egiten. «Oso bitalista da bi margolariek artea ulertzeko duten modua. Beren bizitzarekin bat doa. Horregatik, erakusketaez dugu osatu nahi izan enkarguz osatutako lanekin, ezta erakusketa zehatz baterako egindako lanekin ere. Oso obra propioak dira, beren pintura bizitzeko moduarekin estu lotutakoak».

Sorkuntza, zuzenean

Tailerretatik hartu dituzte erakusketarako lanak, eta tailerrera eramango dute erakusketa bera ere. Bi artisten lantokian kamera bana jarri dute komisarioek, eta, haien bidez, Artium bisitatzen dutenek zuzenean ikusi ahal izango dute artisten sorkuntza prozesua. Aretoko horma batean proiektatuko dituzte irudiak, eta amaitzean erakusketara gehituko dituzten lan bana margotzen ikusiko dituzte artistak. Artiumen webgunean ere ikusi ahal izango da sortze prozesua egun batzuen buruan: www.artium.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.