Beste zenbaki bat argitaratu du Jakin aldizkariak, eta oraingoan ez du gai nagusirik landu. Horren ordez, hiru artikulurekin osatu dute Gaiak saila. Gaurkotasun handiko gaiak bildu dituzte hiru artikuluetan. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak krisi ekonomikoaren ondorioak eta irtenbideak ikertu ditu Murrizketak bai, bultzagarririk ez: bihotza gelditu artikuluan. Maria Gonzalez Gorosarri EHU Euskal Herriko Unibertsitateko NOR eta HGH ikerketa taldeetako kideak, berriz, euskarazko hedabideen eta kazetaritza jardueraren kalitatea aztertu du Albisteen kalitatea: Euskadi Irratia, ETB1 eta Euskaldunon Egunkaria/Berria artikuluan. Azkenik, Daniel Escribano soziologian lizentziatuak eta Pau Casanellas historian doktoreak frankismoaren kontaketa eta indarkeria politikoak eragindako biktimen inguruko oroimen historikoa jaso dute Frankismoa ikusezin. Biolentzia politikoaren inguruko 'oroimen historiko' instituzionala lanean. Hiru artikuluekin batera, hainbat idazlan bildu dituzte Egunen gurpilean sailean. Bertan, Haizea Barcenillak arteari buruzko gogoeta bildu du, Inaki Irazabalbeitiak Teknozientzia saila landu du, Goizalde Landabasok literatura, Lionel Jolyk soziolinguistika, eta Josu Larrinagak, berriz, Glokalia saila egin du.
Gaurkotasunezko gaiak
Ibarretxek Euskal Herrian krisi ekonomikoak eragin dituen ondorioak aztertu ditu artikuluan. Lehendakari ohiaren ustez, gaur egun Europan, Espainian eta Euskal Herrian hartzen ari diren neurri politikoak ez dira irtenbide egokia ekonomia susperrarazteko. Ibarretxeren esanetan, gastu publikoaren murrizketan oinarritutako neurriek ez dute hazkunde ekonomikoa sustatzen. Horrez gain, Ibarretxeren arabera, ikerkuntza, berrikuntza eta etekinak eragingo dituzten proiektuak bultzatzen ez dituen zorpetzeak ere ez du etorkizunik eraikiko.
Krisiak sektore guztiei eragin die, baita euskal hedabideei ere. Gonzalezek Euskadi Irratia, ETB1 eta Euskaldunon Egunkaria/Berria hedabideak aztertu ditu, eta, artikuluaren arabera, euskal hedabideek nazioartekoek azaldu duten joera bera izan dute, hau da, irizpideen gainbeherak kazetaritza lasterra (fast journalism) ekarri du. Gonzalezen esanetan, euskaratik sortutako albisteen eremua gero eta txikiagoa da. Bestalde, aztertutako hiru hedabideen kalitatea gaztelerazko hedabideenaren antzekoa dela ondorioztatu du Gonzalezek.
Azkenik, Escribanok eta Casanellasek 1977ko amnistiaren legearen ondorioz biktimei ordaintzeko egiteko politikaren babesean sortutako oroimen historikoak aztertu dituzte, horrek frankismoari buruzko kontaketan atzerakada eragin zuela esanez.
Kazetaritzaren kalitatea, krisia eta frankismoa aztertu ditu 'Jakin' -ek
Juan Jose Ibarretxe, Maria Gonzalez, Pau Casanellas eta Daniel Escribanoren artikuluak argitaratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu