Klotildak kazetari izan nahi du, baina lizeoko ikaslea da oraindik.Eta, preseski, ikasketek eskaintzen dioten ikastaldi baten egiteko paradaz baliatzen da kazeta batean lan egiteko. Bertaratu eta, ordea, ametsa urruntzen ikusten du. Kazetako langileek ez dakite oso ondo zer egin harekin, nola baliatu. Txoko batean jarri, eta idazteko makina zahar bat ematen diote. Makinako xingola baten erostera ere bidaltzendute.
Laster ohartuko da Klotilda, zerbait baldin bada kazetari izan nahi ukaitea, beste zerbait dela kazetari izatea. Zer-nolako kazetaritza egin nahi den ere, galdera hori izanen da hor itzulika: zer den berri bat, zer ez; zein diren ahalak; interes ekonomiko eta politikoak beti hor daudela koadroak finkatzen.
Prentsaz gogoeta andana bat ditu ekartzen taula gainera Erle beltza antzerkiak. Donibane Garaziko lizeoko euskal antzerki tailerrak emanen du gaur eta bihar Izpurako Fauxtin Bentaberri gelan, 21:00etan. Antton Luku izan dute idazle eta taula zuzendari.
Paperezko prentsaren azken uneak han eta hemen aipatzen direlarik, Internet betidanik ezagutu duten belaunaldi horiek prentsa nola erabiltzen duten eta berria nondik biltzen duten lantzen du antzerkiak: «Hor badira usaia oinarrizkoak direnak, eginak baitira Interneti esker», azaldu du Lukuk. «Klikatzea» horren adibide du. Antzerkia prestatzeko irakurri dokumentaziotik atera konklusioetako bat, hauxe: «Jakiteko klikatzen da. Hori itzulezina den erreflexu bat da».
Hortik, bestelako galdera batzuk ere bururatu zaizkio Lukuri: «Iraunen dute kazeta ttipiek? Edo erraldoiak izanen dira denak? Munduaren tamainakoak? Nonbait da, zer egin behar den. Zer kazeta mota egin behar den eta horrek zer antolaketa dakarren». Eta horra non agertzen den izenburuaren jatorria. Erleen bizitzeko sistemei buruz ere dokumentatu da Luku. Adibidez, erleek duten inteligentzia kolektiboaz: «Erle batek, bakarrik, ez du inteligentziarik. Baina, ikusten bada kolektiboki zer egiten duten, ohartzen gara oso konplexuak direla». Lukuk dio pentsa daitekeela informatikaren inteligentzia eta erlearena ez direla hain urrun, ororen buru. Eta Axularrek XVII. mendean erleen biziaz idatzi testu bat konbokatzen du taula gainera Lukuk: «Erleen bizimodua modelo gisa eman zuen, baina bere intentzioen arabera. Adibidez, haien antolaketa kasik militarra aipatzen du». Aldiz, Lukuri beste alde batzuk zaizkio interesatu: «Adibidez, erleen autonomia. Ez da buruzagirik erleen munduan. Lanak du lan egilea kontratatzen. Ikusten dute lana, eta lan hori egiten dute. Debalde, elkarrekin. Hortik ateratzen da beste antolaketa mota bat, ez baita batere kapitalismoarena».
Eta, erleen artean, erle beltza du hautatu Lukuk, hemengo erlearen izena hori delako. Luzaz, kanpoko erle batzuk inportatu dira, erle beltza baino mantsoagoak zirelakoan eta hemengo erle beltza baztertuz. Orain, aldiz, klima aldaketa dela, zenbait eritasun direla, Asiako liztorra dela, «ohartzen dira erle beltzak aiseago ihardukitzen duela». Eta hortik ere informatikaren metafora jarraikitzeko aukerak ikusten ditu Lukuk: «Hemengotasunak Internetekin interes handiagoa hartzen du. Memento batez ez zuena».
Birtuala erreal
Horrek guztiak biziki teorikoa egiten badu Erle beltza antzezlana, «antzerkiak dena bilakatzen du erreala»; argi du Lukuk. «Dena egiten da gorputz batekin». Gehiago dena: Internetek antzerkiarekin antzekotasun bat baduela deritzo Lukuk: «Antzerkiak bezala, Internetek sortzen du mundu bat, ez dena egia, baina ardura eta egiatasun handiagoa duena errealitateak baino. Eta Internet ttipitatik ezagutzen duenari birtualitate hori nahasten zaio bere errealitatearekin. Bi munduak ez ditu ezberdintzen». Eta, haren ustez, burumuinak horrela antolatuak badira, beharko da horrekin egin: «Ametsa, kontzeptua, proiektua, iragana eta oraina, erreala eta segurtatua dena nahasten baldin badira Interneten bezala jendeen buruan, jende desberdinak izanen dira, eta horiei mintzatzeko moldea ere desberdindu beharko dugu».
Antzerkian, preseski, badira pertsonaia batzuk printzipioz errealak ez direnak. Birusa irudikatzen duena, adibidez; baita heriotza irudikatzen duena ere. Berria bera, hau da, informazioa, pertsonaia bat da antzerkian. Neska gazte polit gisa agertzen da. Baina, kafe bat edateko denbora ukan gabe ere, horra berria atso zahar bilakatua. Berehalakotasun horren metafora horren gisara, beste hamaika irudi metaforaz josia dute antzerkia.
Horiek erranik, beste zerbait ere zehaztu nahi du Lukuk: «Hau ez da meeting bat kazeta berri baten promozioa egiteko. Hasten bagara esplikatzen eta esplikatzen, ez dugu gehiago antzerkia egiten. Antzerkiaren eremua ez da esplikatiboa. Antzerkiak konbokatzen du kontzeptua. Distantzian ezartzen du. Irudiak ematen ditu. Nonbait, gauzatzen du ideia hori. Ematen dio errealitate bat oren bat eta erdi iraunen duena». Larzabalek deitzen zuen «antzerkiaren irakaspena» du gogoan Lukuk: «Ez dizu erakusten bizitzen. Ematen dizu ideia bat, pista bat, baina irekia da. Irakaspena ez da lege bat, edo moral bat».
Kazetaria erle beltz bihurtuta
Donibane Garaziko lizeoak 'Erle beltza' emanen du gaur eta bihar.Antton Lukuk idatzi eta zuzendu antzerkiak kazetarien eta intsektuen lan egiteko moldeak parekatzen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu