Bertsolaritza

Katuko Muinoak nagusi Arabako kuadrillen artekoan

Urtarrilaren 27an abiatu zen Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketa, eta gaur Laudion jokatu den finaleraino heldu dira irabazleak nahiz Errexala eta Izena pentsau bida taldeetako kideak. 

Katuko Muinoak taldeko kideak, sari banaketan, Laudion. ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Berria
2023ko martxoaren 25a
21:49
Entzun

Maeztuko lehen saiotik bi hilabete, hamabi saio eta beste hiru finalaurreko igaro ostean, finalaren eguna zuen gaur Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketak. Egun osorako jai giroko egitaraua izan da Laudion: bertso poteoan ibili dira eguerdian, musikaz lagunduta, eta jarraian, bazkarian elkartu dira bertsozaleak. Eta arratsaldean, berriz, 120 lagun batu dira BHI institutuko kiroldegian, finalera iritsi diren hiru taldeak entzutera: Katuko Muinoak (Gasteiz), Errexala (Gasteiz) eta Izena pentsau bida (Aramaio). Lehena izan da garaile azkenean.

Hamalau lagun aritu dira kantuan, denera, finalean: Katuko Muinoak taldean, Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Iñaki Viñaspre; Errexala taldean, Ainara Balantzategi, Marta De Pedis, Inaxio Trojaola, Patxi Alkorta, Kerman Lopez de Lacalle eta Felipe Zelaieta; eta Aramaioko taldean, Manex Agirre, Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Danel Herrarte. Nieves Del Alamok izan du gaiak jartzeko ardura, eta Iker Elexpuru, Oier Iñurrieta, Kristina Arteaga, Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua eta Aitor Jimenez aritu dira epaile lanetan.

2010ean antolatu zuten txapelketa lehen aldiz, eta, ordutik, bi urtean behin egin dute. Zazpigarrena izan du aurtengoa, eta, denera, 280 lagunek parte hartu dute, bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak eta bestelako eginbeharrez arduratu direnak kontuan hartuta. Aurreko aldietan bezala, bi modalitate izan ditu txapelketak aurten: bat-bateko eta idatzizkoa. Aurrenekoan, hamabi talde aritu dira lehian, eta hamasei bigarrengoan —modalitate horretan ez dira lehian aritzen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.