Literatura

Katu jendea

Idazle askok katuekin partekatu ohi dute lanerako behar duten bakardadea, eta Mark Twain, Margaret Atwood eta Julio Cortazar dira animalia hari lotutako izenetako batzuk. Eider Rodriguezek eta Bernardo Atxagak ere egin diote lekua katuari beren lanetan.

Mark Twain idazlea, 1908. urtean, haren idazkari Isabel Lyonek hartutako irudi batean. BANCROFT LIBRARY / UNIVERSITY OF CALIFORNIA
Mark Twain idazlea, 1908. urtean, haren idazkari Isabel Lyonek hartutako irudi batean. BANCROFT LIBRARY / UNIVERSITY OF CALIFORNIA
2024ko ekainaren 9a
05:15
Entzun

Bambino bere katu kuttuna New Yorken galdu zenean, Mark Twain idazle estatubatuarrak (1835-1910) iragarki bat ipini zuen prentsan, honako irudia marraztuz: «Handikotea eta biziki beltzarana; iletsua eta duen ilea leuna; bularrean ia ikusiezina den ile zuridun ertza du; ez da aise antzematen argi arruntean». Bambinok azkenean bere kabuz aurkitu zuen etxerako bidea; bizkitartean, hainbat hiritar bertaratu ziren Twainen New Yorkeko etxera beste katuren batekin, garaiko bost dolar irabazi nahian. Twain katuzale amorratua zen: hark bota zuen gizakia katuarekin gurutzatuz gero gizakia asko hobetuko litzatekeela eta katua ezer gutxi. Hala ere, demagun nerabeen gisara, katuek prentsa txarra daukate. Berekoiak omen dira, eta, hori hala izanik, idazle askok aukeratzen dute katua bidelagun mimatu gisa. Idazle izatea ogibide arraroa da, begiak zabalik amesten jakin behar da. Etxean bakarrik gelditu, eta eskuz edota ordenagailu aurrean munduak eraikitzen jakin behar da, askotan epe luzean amestutako mundu horien barnean biziz, irakurleari egiantzeko egitearren. Mariasun Landak esana, bakarrik egoten jakin behar da idazle izateko. Musikariek elkarrekin entseatzeko abagunea dute; artistek estudioak partekatzeko aukera dute; idazleek, aldiz, erabateko bakardadea behar dute sormen lanean. Profesio berezi horretako kide askok katuekin partekatu ohi dute sormenerako bakardade hautatua.

Margaret Atwood idazle kanadarrak (Ottawa, 1939), The Guardian egunkari britaniarrean argitaratutako artikulu batean, bizitzan zehar izandako katuen bidez azaldu zuen bere biografia. Idazleen eta animalien arteko harremanaz hausnartzean, animalien artetik katuari deritzo egokiena, independenteak direlako, erromantiko petoak bezala, eta autoritatearen kontrakoak, Byronen gisa. Atwooden aburuz, beti dira txukun eta elegante, argazkietan beti azaltzen dira fotogeniko. Ba al dute eraginik idazleengan? Idazleen musak al dira? Atwoodek dio badirela eta ez direla, biak. Katuek gustuko dute paperen eta liburuen gainean lo egitea. Aukera izanez gero, ordenagailuaren teklatuaren gainean paseoan jarri eta limerick moduko poemak azaltzen dira pantailan.Hurrengo urratsa testuetan sartzea da. Atwooden hitzetan, idazleen eta katuen artekoan alderdi garrantzitsuena zera da: idatzitako istorioetan eta poemetan sartzen direla. Alde txar bakarra ikusten die: gizakiak baino lehenago hiltzen direla, alegia.

Katuak irakurlearengan gizakiaren autopertzepzioa zalantzan jartzeko gai dira. Eider Rodriguezen Katu jendea ipuina da gure literaturan pasioari eta errepresioari buruz idatzitako narrazio onenetakoa.

Blackie katuaren heriotzak bereziki ukitu zuen Atwood. Katuei buruz idatzi dituen poema ederren artetik, hildako katuei buruzko elegia zoragarrien sortzaile da. Katuen harira dolua poeman (The Door, 2007) zera dio: «Hildako animaliengatik/ sentiberegiak gara». Poetak bere buruari galdetzen dio zergatik eragiten dion halako mina katuen heriotzak, eta arrazoiak zerrendatzen ditu: «Jada ezinezko delako/ gauez ikustea haiek gabe?/ Hotz garelako/ haien ilerik gabe? Galdu dugulako/ ezkutuko bigarren azala/ gugan hartzen genuena/ libertitu nahi genuenean/ akatu nahi genuenean/ bi aldiz pentsatu gabe/ gizaki izatearen zama gris nekagarria/ larrutu nahi genuenean?».

Literaturan, katuak ez dira pertsonaia soilak, irakurlearengan gizakiaren autopertzepzioa zalantzan jartzeko gai dira, hala nola animaliekin amankomuna den erreprimitzeko joera. Eider Rodriguezen Katu jendea ipuina da, zalantza izpirik gabe, gure literaturan pasioari eta errepresioari buruz idatzitako narrazio onenetakoa. Iparraldeko giro burges txikian, bi gizakiren arteko —Duhalde anderea eta Dubois jauna— eta bi katuren arteko —Lili eta Aitatxi— dantza kontatzen da. Harreman txirikordatu horien ondorioz, katu emearen errealitateak eztanda egiten du ipuinaren amaieran. Azken urteotan literatur kritikagintzan zabaldu diren animalia ikasketentzat oso aproposa da Rodriguezen kontakizuna: pasioa, maitasuna, kimika, familia, bakardadea eta halako kontzeptuak gizakiaren eta animaliaren ikuspegien kontrapuntuan garatzen dira. Planeta honetan gizakia izakirik suntsitzaileena izanik, harreman horiek arakatzeko beharra handitu da, baita literatur ikerketan ere.

Cortazarren eta Atxagaren katuak

Idazle katuzaleen artean, Julio Cortazar argentinarra da ezagunenetakoa (1914-1984). La entrada en religión de Teodoro W. Adorno (Ultimo round, 1969) kontakizunak hiru oporralditan —Proventzako Signonen— etxean hartutako katua du ardatz. Adorno izena jarri zion idazleak. Parisen Flanelle katua zuen Cortazarrrek, eta hura ageri da idazleak katuarekin hartu zituen argazki ezagunetan. Adorno, udako kale katua, literaturan ageri da. Kontakizun hasieran izenik gabeko Adorno katu librea da, beste hamar katurekin zabortegian aske dabilen animalia. Uda hasieran katuak idazlea aukeratzen duenetik, Siagnonen oporretan dagoen bitartean, bere katua bihurtuko da. Kanpoko bizitza ederrari eutsiko dio animaliak. Bigarren udan, Adorno maitemindu egingo da, nahiz eta idazleak ez dakien zertan bukatu den hori. Hirugarren udaren ondoren, Adorno sakristaua daraman anderearen katu gisa aurkituko du Cortazarrek; gaztarako abenturak bazterturik, jubilazioa hartu du Adorno katuak. Zerutik hurbil egotearren etxearen goxotasuna hautatu du. Materialista zerutarra bilakatu zaio bere katua. Oso testu berezia da Cortazarrek ondutakoa. Forma aldetik katuaren desbideratze moduko bat dirudi, eta katuaren erritmo bizia dugu narrazioan. Jazzaren erritmoari jarraituz jositako testuak —hainbeste idatzi zuen idazleak horretaz— katuaren sigi-saga bizkorra irudikatzen du.

Antzeko katu bizizalea du Bernardo Atxagaren Paradisua eta katuak (2012) artefaktuak. Arantzazun kokatzen du katu gris arraiaduna, zeinaren bidez jainkotiarra eta lurtarra den oroz hitz egiten den. Poetak katuari paradisuaz galdetzen dio: «Zer gehiago beharko zenuke paradisuan sentitzeko? / Sex! Egin zuen berak oihu, maeeu, wild sex, sexu animaliya!». Testu jolastia, umoretsua da eta Cortazarrena bezala minor gisa klasifika daitekeena. Bai Atxagak bai Cortazarrek formatu txikian lan galanta egin dute.

Monogamo inperfektua, mugimenduaren artista, ekilibrista aparta, bizizale amorratua, eta animalien artean dandya da katua. Hark aukeratzen du idazlea eta ez idazleak katua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.