Beñat Mendiola (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Garikoitz Agirre (Zugarramurdi), Kattin Madariaga (Arantza), Loitzate Goñi (Bera) eta Manex Leone (Iruñea). Sei bertsolari horiek parte hartu dute Nafarroako Eskolarteko 37. Txapelketako finalean, Iruñeko Laban. Maialen Belarrak aurkeztu du saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasatu dira bigarren fasera: Mateorena eta Madariaga. Bigarren fasean, zortziko txikian ofiziotan aritu dira bi bertsolariak. Gero, ganbarako ariketan, puntu banari erantzun diote, eta, azkenik, gaia emanda, bakarka aritu dira, eta bakoitzak bertso bat kantatu du.
Azkenean, Madariagak bildu du puntu gehien, eta, horrenbestez, hura da Nafarroako eskolarteko txapelduna. Mateo txapeldunordeak eta biek ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Bertsolari arantzarrak Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldunaren eskutik jaso du txapela. Beste sari bat ere izan da txapelketan, Oinak Buruan izenekoa. Leonek irabazi du hori, eta Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman dio garaikurra.