KRITIKA. Literatura

Kateak urratu ditu

'Gora Euskal herrientsak' komikia. ASISKO URMENETA
'Gora Euskal herrientsak' komikia. ASISKO URMENETA
2024ko martxoaren 24a
05:05
Entzun

'Gora euskal herrientsak'

Egilea: Asisko Urmeneta.

 Argitaletxea: Erroa.

Kateak urratu ditu Asisko Urmenetak Erroa argitaletxean kaleratu duen Gora Euskal herrientsak saiakera grafikoan. Batetik, Euskal Herriarentzat erreferente izan ziren bost emakume aitzakiatzat eta protagonistatzat hartu, eta euren bizitzak eta aktibismoak elkarrekin josita, Euskal Herriaren historia bat eraikitzen zaigu liburuan. Historia horrek emakume izena du: Kapitolina Buztintze, Katalina Alastuei, Malena Jauregiberri, Maritxu Olabe eta Jule Fernandez, baita bidean eta zeharka agertu diren beste hainbatena ere, Manuela Saintz, Polikarpa Salabarrieta, Frantziska Zubiaga, Joana Azurdui, kasu. Historia horrek, gainera, irakatsi egin nahi digu, transmisio-hariak eraiki, hitzez nahiz irudiz, XVI. mendetik XX. mendeko Euskal Herriaren historiaren printzak kontatzen dizkigun heinean. Eta, hain zuzen ere, iragan zehatz horren diskurtsoa lotzeko, errientsak edo irakasleak baliatzen ditu autoreak, aipaturiko bost emakume horien historiak eta irakaspenak. Horra hor obraren balio metaliterario eta metahezitzailea, azaleko irudiak ere iradokitzen duen bezala.

Bestetik, lengoaia grafikoa darabilen arren, saiakera gorputza du liburuak, eta horregatik ere urratzailea izan da autorea. Gutxi dira gurean emakumeen bitartez idatzitako Euskal Herriaren historiak; are urriagoak dira hori kontatzeko saiakera grafikoa hautatzen duten idazleak. Alderdi horretatik, ausarta bezain zaila iruditu zait Asisko Urmenetaren apustua. Izan ere, datu andana ematen dizkigu: Arturo Campion eta Sabino Aranaren hartu-emanak; hizkuntzaren batasunerako kongresua; Gernika, Noain, Amaiur eta Baiona; maketo eta giri; Emakume Abertzale Batza, besteak beste. Datu horiek guztiek, saiakeraren atzean dagoen ikerketa lan mardula agerian jartzeaz gain, Urmenetak hartu behar izan dituen erabaki guztiak ere erakusten dizkigute. Zer aipatu eta zer ez. Zenbat irudi sortu, zenbat idatzi. Zer sakondu, zer ez. Gehienetan, ilustrazioen eta hitzen arteko oreka hori bilatzen jakin duela iruditu zait, baina nago aldi eta sekuentzia guztietan ez duela asmatu alderdi horiek guztiz ezkontzen, batik bat hasiera partean.

Asisko Urmenetaren hitz eta irudiokin batera irakurleak Dom Campistronen marrazkiak ere aurkituko ditu han-hemenka. Liburuak oparitzen duen kontrazaleko mapa, esaterako, berea da, eta, bertan, maisuki, 1930eko hamarkadan Euskal Herrian egon ziren begirale guztiak irudikatu ditu Campistronek. Euskal emakume feministen historiaren errelatoa ere berea da, eta kendu zaienei hitza eman behar zaien ustekoa naizenez ni, estimatu dudan alderdia izan da hori, hots, emakumeez emakume batek jardutea.

Irudiz eta datuz gainezka egiten duen saiakera grafiko honetan maiz betekadarekin geratu banaiz ere, oro har, asko gustatu zait proposamena eta saiakera (bere bi adieretan). Duda barik euskal kulturak halako obrak (ere) behar ditu: postmemorian eta transmisioan sinesten duten obra ilustratibo, euskaltzale, eta, batez ere, feministak. Ea Gora Euskal herrientsak liburuak izaera bereko beste batzuei ere tira egiten dien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.