Sortzaileak/Aktoreak: Olatz Beobide, Maitane Perez, Nerea Arriola. Kanpo-begirada: Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga. Dramaturgia: Maialen Diaz Urrutia. Musika: Pascal Gaigne. Argi diseinua: Arantza Heredia. Espazio eszenikoa: Eva Fernandez. Jantziak: Nati Ortiz de Zarate. Lekua: Hernaniko Biteri Kultur Etxea. Eguna: Apirilak 25.'OLAGARRUA'
Udalbiltzaren Guretik Sortuak egitasmoaren diru-laguntzari esker ondu dute Olagarrua. Sortzaileek —Olatz Beobidek, Maitane Perezek eta Nerea Arriolak— Zumaian ostatu hartu, eta bertan eman zuten hilabetean zumaiarrak erruari buruz elkarrizketatu zituzten, eratu nahi zuten antzezlanerako. Testigantzak jaso, eta horien gaineko inprobisazioek testua osatu zuten, harik eta ikuskizuna borobildu arte. Honatx bi aurpegiko txanpona: alde batetik, Udalbiltzak euskal antzerkiaren alde egiten duen apustua eta ziurtatzen duen enplegua txalotzekoak izan arren, ifrentzuan dugu estreinaturiko lan guztiak dramaturgia aldetik txikiak eta asmo apaleko lanak direla. Esaten ari naizena ez hartu, mesedez, kritika gaiztotzat, baizik eta hurrengo lerroetan Olagarrua-z azalduko dudanaren testuingurua ulertzeko markotzat.
Olagarrua-k ondo funtzionatzen du, publikoaren oniritzia begi-bistakoa izan da. Gomendagarria antzoki txikietan programatzeko, Udalbiltzak antolatu duen antzoki sareko zirkuituan emateko guztiz egokia. Kontua da kritikari honek erruaren gaineko antzezlana zela jakin zuenean katarsiaren bila joango ginela aurreikusi zuela, eta horrelakorik ez dela gertatzen. Antzezlanak ez du hezur-muineko kulpak uxatzeko asmorik, antzezlanak entretenitu baino ez du nahi, eta oso ondo betetzen du asmo hori. Baina formulak zer pentsatua ematen dit, hots, elkarrizketa sorta, inprobisazio ariketak, anekdoten aukeraketa, eta, azkenean, testuaren finkapena (kanpo-begiradarekin edo gabe). Formula hori ez al da gehiegi erabiltzen ari azken euskal teatroan? Prozedura horrekin bikaintasunaren xerka abiatzen al dira gure antzerkigileak?
Antzezlanean Jodorowsky antzerkilariaren psikomagiari erreferentziak errepikatzen dira maiz. Sortzaile txiletar honen ustean, performancearen edota antzerkiaren bitartez burutu ditzakegun ekintza sinbolikoek ahalmena dute gure osasun mentala hobetzeko edota gure traumak arintzeko. Nik esango nuke Olagarrua-k hortik edaten duela, baina txantxetan; ez dituela, inolaz ere, presupuesto teoriko horiek serio hartzen. Olagarrua-n kontua da ondo pasatzea. Eta arestian esan dudan bezala, helburu hori ondo betetzen da.
Meritu berezia dute hiru antzezleek, baina, batez ere, rol handiagoa duten Nerea Arriolak eta Olatz Beobidek. Belaunaldi ezberdinetakoak ditugu, eta antzezteko estilo desberdinak dituzte. Beobidek, gorpuzkeraz gain, ahots argia eta landua proiektatzen du. Arriolaren kasuan, umorerako duen talentuak liluratuta gauzka aspaldidanik. Ostegunekoan, Hernanitik urrun bizi den ezagun bat topatu nuen, eta galdetu nion ea zer egiten zuen han. Erantzuna hauxe izan zen: Nerea Arriola nora, ni hara. Oholtzako komediarako jaioa ematen du. Eta arrazoia zuela pentsatu nuen, Buster Keaton, Jacques Tati edo Totoren manerak antzematen dizkiogulako. Eta hori kontu makala ez delako, nahikoa eta sobera Olagarrua gomendatzeko.