Musika. A cappella

Kataluniako pop iraultza

Xabi Strubell.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Kataluniak musikaren alorrean oso bide propioa egin du, Nova Canço mugimendu hartan lehen kantarien belaunaldia nabarmendu zenetik. 80 eta 90eko hamarkadetan, rock eta pop bide berriak hasi ziren —ska musikak ere indar nabaria izan du han—, baina ezin da ahaztu Bartzelonan jazz tradizio luzea egon dela, eta horrek nolabaiteko oinarri edo kutsua ematen diola herri baten musika zaletasunari. 2000. urteetara iritsita, hip hoparen bidea sortu eta egonkortu da, eta, talde asko ez diren arren, kalitatezko musika egiten dute (At Versaris, El Nota, Vassili).

Baina pop musikaren arloan eman da publiko zabalarentzako iraultza txiki eta handi bat. Manel taldeak, bere bigarren diskoarekin, «Espainia mailako» disko salduenaren marka lortu du. Harrigarriena da diskoen %95 Katalunian saldu dituztela.Beraz, gaur egun 10.000 disko saltzeak estatu mailan disko salduenaren mailara eramaten badu, bitxia da salmenta eremu zehatz bat horrela gailentzea «merkatu komun» delako horri.

Katalan musikarien belaunaldi berri honetan gehienek katalanez abesten dute, gazteak dira, musikaren ikuspegi globala dute, baina euren hizkuntza eta musika tradizioari ez diote muzinik egiten.

Areago: kultur eta hizkuntz batasunaren dimentsioak mahai gainera etortzen ari dira. Valentzia aldetik Pau Alabajos datorkigu, folk alorrean kokatua, baina Ovidi Montllor eta Raimon gisako kantari sozial eta politikoen bidetik. Cesk Freixasek ere, Penedes eskualdekoak, antzeko bide bat egiten ari da.

Azkenik, ni gehien harritu nauen aldetik, pop munduan aritu diren zenbait «izar ofizialek» katalanez kantatzeari ekin diote. Beth kantariak kasurako —Operación Triunfo-n aritutakoa—, Segueix-me el fil diskoa kaleratu du. Musika txukuna, oso estilo propio eta jasoan, eta hitzen bitartez bere lur eta jendearekiko lotura nabaria agertzen duena.

Orduan, esan dezakegu Katalunia aldean, Euskal Herriarekin konparatuz musika bigunago eta lasaiagoa egin izan duten arren, azken boladan musikari gazteak toki eta espazio jakin bat betetzen ari direla hitzen eta kontzeptuen aldetik beraien herrigintzan, Katalan nazioaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.