Musika

Kataluniako euskalkian abestea

Judit Neddermann musikari kataluniarrak euskara eta katalana uztartzen dituen sei abestiko diskoa kaleratu du: ‘Artean’. Bea Asurmendi, Izaro, Idoia Asurmendi, Maren eta Olatz Salvadorren kolaborazioak ditu lanak.

Maren, Bea Asurmendi, Judit Neddermann, Idoia Asurmendi, Izaro eta Olatz Salvador. @LEENTRELINEAS
Maren, Bea Asurmendi, Judit Neddermann, Idoia Asurmendi, Izaro eta Olatz Salvador. @LEENTRELINEAS
Inigo Astiz
2024ko azaroaren 14a
05:30
Entzun

«Euskarazko disko bat grabatzea izan zen lehen ideia, baina berehala bururatu zitzaidan euskara eta katalana nahastea, horrela bi herrien artean dagoen senidetasuna kristalizatzeko». Judit Neddermman kantari kataluniarrak 2014an kaleratu zuen bere lehen bakarkako diskoa, Tot el que he vist, eta 2016an heldu zen bere bigarren diskoa: Un segon. Hain zuzen ere, Mikel Laboaren Txoria txori abestiaren bertsio batek ixten zuen lan hura, eta jatorrizko bertsioan abesten zuen kanta musikariak. Eta bakarkako beste hiru disko luzeren ondoren, euskara eta katalana uztartzen dituen sei abestiko disko bat kaleratu berri du orain: Artean (As de Guia, Balaunka, Airaka). Bea Asurmendirekin, Izarorekin, Idoia Asurmendirekin, Marenekin eta Olatz Salvadorrekin batera grabatu du kanta bana, eta seiek elkarrekin kantatu dute diskoa ixten duen abestia. «Benetako zerbait izan da, gertatu egin den zerbait», azaldu du musikari kataluniarrak, «benetako hartu-eman bat egon da».

Hamarkada betean ibilbide oparoa egin du Neddermannek, eta bakarkako diskoez gainera, kolaborazio zerrenda luzea du artistak. Besteak beste, musikari hauekin aritu da hala estudioan edo zuzenean: Joan Manuel Serratekin, Alejandro Sanzekin, Pedro Guerrarekin, Noarekin, Rozalen eta Macacorekin.

«Euskarazko disko bat grabatzea izan zen lehen ideia, baina berehala bururatu zitzaidan euskara eta katalana nahastea, horrela bi herrien artean dagoen senidetasuna kristalizatzeko»JUDIT NEDDERMANNMusikaria

Azaldu duenez, Artean diskoaren kasuan, Olatz Salvador ezagutzea izan zen gakoa. Neddermannek azaldu duenez, hori izan baitzen proiektuaren lehen hazia. Cesar BeatoÑako eta Catalina Rosello managerrek jarri zituzten bi artistak harremanetan, elkarren kontzertuetan kantaren batekin lagundu zuten elkar, Euskal Herrian kontzertu batzuk eskaini, eta hala sortu zen disko elebidun bat egiteko ideia. «Ezagutzen nuen Euskal Herria lehendik ere, baina kontzertuak ematera etortzean hasi nintzen hemengo errealitate musikala gehiago ezagutzen. Halako batean, Idoia Asurmendik ere idatzi zidan Katalunian eman behar zuen kontzertu batean harekin kantatuko ote nuen galdetuz, eta, horrela joan da dena gertatzen. Murgiltze geldo baino sendo bat izan da».

Judit Neddermann eta Izaro, Neurean / La Meva Llengua abestia kantatzen.

Orduan heldu zen disko elebidunaren ideia, bai eta kanta bakoitza euskal emakumezko abeslari baten laguntzarekin grabatzekoa ere. «Nire diskoetan ez dut kolaborazioak sartzeko ohiturarik. Bosgarrena kaleratu nuenean egin nuen lehena, eta oso berria izan da hau, horregatik. Baina oso inspiratzailea izan da. Eta guztia pentsatua nuenean bakarrik hasi nintzen kantak konposatzen».

Emakumeen batasuna

Olatz Salvadorrek lagundu du itzulpenekin eta egokitzapenekin, eta Mallorcan bost eguneko egonaldia egin zuten bi musikariek horretarako. Han egin zituzten itzulpenak, eta kantak prest zituztenean ere, astebetez egon ziren diskoan parte hartzen duten bost euskal abeslariak elkarrekin, Neddermanenn etxean, entseatzen eta grabatzen.

Neddermannek sortuak dira diskoko sei kantuetako musika eta letra, baina Quico Puges biolontxelo jotzaileak sortutakoa da diskoa ixten duen Mendien artean abestia. Neddermann bezala, kataluniarra da Puges ere, baina urteak daramatza Euskal Herrian bizitzen. Euskal Herrira biran etorritako batean izan zuen haren berri Neddermannek, eta, hizketan ari zirela, erdiz euskaraz eta erdiz katalanez sortutako kanta bat bazuela esan zion Pugesek. «Sehaska kanta moduko bat da», azaldu du Neddermannek, «ea diskoan sar nezakeen galdetu nion, eta diskoko azken kanta da orain, zeinetan diskoko kantari guztiok batera abesten dugun. Emakumeen arteko batasun bat da. Hori bilakatu baita disko hau ere, azkenean».

«Judit oso eskuzabala izan da, eta proiektua bera ere oso eskuzabala da. Oso ederra izan da prozesu osoa, eta ziur nago etorriko den guztia ere halakoxea izango dela»

IDOIA ASURMENDIMusikaria

Izarorekin batera grabatutako Neurean/ La meva llengua abestia kaleratu zuten lehenik, single modura, eta bideo bana ere sortu dute abestietako bakoitzarentzat. Bea Asurmendik Gorantz / Amunt abestian kantatzen du, esaterako. Zure ostean / Després de tu kantuan aritu da Maren, eta Olatz Salvadorrek lagundu du Irene Sola idazlearen Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak eleberrian oinarritutako Lamiak / Dones d’aigua abestiarekin. Neddermannek bere ahizpari idatzitako Ahizpa / Germana abestian kolaboratu du Idoia Asurmendik.

Judit Neddermann eta Idoia Asurmendi, Ahizpa / Germana kantua abesten.

«Nahi nuke abesti hauek euskal musikariak eta musikari katalanak batzeko balio izatea», azaldu du kataluniarrak. Eta, hain zuzen ere, Neddermannen «eskuzabaltasuna» eskertu du Idoia Asurmendik ere, disko aurkezpenean. «Eta proiektua bera ere oso eskuzabala da. Oso ederra izan da prozesu osoa, eta ziur nago etorriko den guztia ere halakoxea izango dela».

Neddermannen hitzetan, bere azken diskoek izan duten sonoritate bera du Artean diskoak ere. «Unibertso erdi folk, erdi pop horretan gaude», azaldu du, «gozotasunarekin baina baita sakontasunarekin ere». Arnau Figueres ekoizlearekin landu ditu diskoko abestiak horretarako, eta bere ohiko musikariak izan ditu ondoan grabazioan: Isaac Coll, Dario Barroso eta Adri Gonzalez. Xavi Lozanoren kolaborazio bat ere izan du. Diskoa zuzenean aurkezteko asmoa ere badute, baina oraingoz ez dute datarik iragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.