«Kasualitatez» hasi zen argazki sorta osatzen Justy Garcia Koch (Donostia, 1960): «Hormak pintatu behar nituen, eta hasi nintzen zorua-eta babesteko plastiko bilgarria jartzen. Bilgarria kentzen ari nintzela, ohartu nintzen materialak xarma berezi bat zeukala, eta argazkiak egiten hasi nintzen». Bestaldetik izena darama serieak, eta Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen ikusgai egingo dago igandera arte.
Argazkilari gisa ibilbide emankorra dauka Garciak Kochek. Prentsari loturiko argazkiak egin ditu gehienbat, baina «betidanik» izan du gogoko adierazpen artistikoari lotutako argazkilaritza ere: «Nire ibilbideak badauka gutxieneko artistikoak eta sormenezkoak planteatzeko aukera eman didan espazioa. Beti egin izan dut, eta beti lagundu izan dit nire ibilbide profesionalean». Tresna berak erabiltzen ditu bi jardunetarako, baina, haren ustez, lanaren parterik pertsonalena eta intelektualena, gogoeta eragiteko subjektu desberdinen bila aritzea da: «Ni ere banaiz beste argazkilari hau ere, nahiz eta, elikaduraren alderdia beti egon den prentsarekin lotuta, eta horrek eman didan ogibidea».
Plastiko bilgarria da Bestaldetik seriearen protagonista nagusia. Naturaguneetan kokatu ditu, eta mugimendua eman die efektu bisual berezia eraginez. Film batean inspiratuta okurritu zitzaion probak egiten hastea: «American Beauty filmeko protagonistetako bat bere bizilagunak erakartzen du, eta harentzat oso pertsonala eta intimoa den zerbait erakutsi nahi dio: poema bisual bat. Gizona kamerekin obsesionatuta dagoelako». Garciak aitortu du «izugarri» harritu zuela eszenak, ez zekielako zer aurkituko zuen, eta «benetan atsegina» egin zitzaion: «Kale bateko izkina batean biratzen ari den supermerkatuko plastikozko poltsa bat besterik ez da, zurrunbilo motz moduko horretan sartuta. Zurrunbilo hori kale batean sortu ohi da sarri, aireak ihes egin ezin duenean, eta poltsa han geratzen da, flotatzen, igotzen eta jaisten. Izugarria iruditu zitzaidan». Protagonistaren hitzek ere zer pentsatua eman ziotela esan du: «Edertasuna edozer gauzaren atzean dagoela esan zuen. Horregatik, plastikoak erabiltzeko arrazoia. Zerbait ederra sortzeko horrelako materiala erabiltzea erronka iruditzen zitzaidan».
Poema bisuala zera da Garciarentzat: «Ikusten duzuna». Naturan elementu bat sartu eta desitxuratzeak nolabaiteko gogoeta eragiten duelako hartzailearengan. Elementuak, gainera, kategoria estetiko bat hartzen badu, beste eremu batera igarotzen dela zehaztu du argazkilariak: «Hori, dagoeneko, norbaitek eder gisa kalifika dezakeelako edo ez . Barru-barrutik uki zaitzakeelako eta erantzun positiboa eragin diezazukeelako».
Familiaren bidetik
Baldintzak dira, haren ustez, fotokazetaritza eta argazkilaritza artistikoa bereizten dituztenak: «Komunikabideak eskatzen duenagatik oso baldintzatuta zaude kazetaritzan; formatuak eskakizun jakin batzuk ditu, eta horretara mugatu behar duzu. Gero, egia da prentsaren munduan gauza desberdinak eska diezazkizuketela». Lan askotarikoak daudela zehaztu du: «Baliteke tratamendua zure esku dagoenean maniobra tarte handiagoa edo hurbilpen pertsonalagoa eduki ahal izatea, elkarrizketa batean, kasurako. Aldiz, futbol partida batean, ez dago nortasuna ateratzerik».
Familiatik datorkio argazkilaritza sena. Probatzeko sartu zen argazkien munduan, eta, ohartzerako, ibilbidea egina zeukan lanbidean: «18 urteko gazte bat gehiago nintzen, despistaturik nengoen, eta ikasten ari nintzena ez zitzaidan gustatzen. Familian argazkilariak dituzu, miresten dituzunak, eta, irudia zerbaitetik elikatzen bada, hori miresmena da. Egiten ari zarena gustatzen zaizula konturatzen zara, eta, bat-batean, atzera begiratu, eta egindako ibilbide oparoa ikusten duzu. Besterik gabe».
Ez da kazetaria, eta ez zaio kazetaritza gehiegi gustatu inoiz: «Baina hemen amaitu dut lanean, eta honek bide eman dit nire alde artistikoa ere bultzatzeko. Osaba eta aitona argazkilari bikainak izan dira, eta nik jarraitu besterik ez diet egin».