Sonick Youth eta Dinosaur Jr.-ren lanak ekoitzi izan ditu, besteak beste, John Agnellok. Eta Capsulak ere haren agindupean osatu zuen Dreaming of the Rise and Fall of Ziggy Stardust (Hotsak, 2012), Hobokeneko Water Music estudioetan, New Yorken pare-parean. Hartan parte hartu zuen Gaizka Insunza Audienceko kideak, eta «flipatuta» itzuli zen handik, Hannot Mintegia Audienceko beste kideetako baten esanetan.
Sasoi hartan abestiak sortzen ari ziren Gernikako taldekoak, ikertzen, eta bazeukaten buruan lan berri bat kaleratzea. «Egiten ditugu planak, baina amateurrak garenez, gauza bat dela edo bestea dela, aldatuz doaz», aitortu du Mintegiak. Pentsatuta zeukaten, adibidez, disko bikoitz bat egitea; edo iazko Aste Santuan hogei bat abesti erregistratzea Water Music estudioetan. Azkenean, ordea, Mistress Games zazpi kantuko lana ondu zuten Kaki Arkarazorekin Garate Estudioetan, eta joan den ekainean kaleratu.
Jarraitzen zuten, ordea, AEBeten grabatzearen ideiarekin «fantaseatzen». Ederra izan zitekeela irudikatzen zuten amets horietan, eta iruditzen zitzaien, gainera, hamahiru urte daramatzatela elkarrekin, ezagutzen dituztela Euskal Herriko ia estudio guztiak, eta izan zitekeela abentura bat, «pizgarri bat», Agnellorengana jotzea. «Gure kasuan ez zen izan harekin kosta ahala kosta nahi egin nahi genuela. Kasualitatea izan zen». Baina abentura ondo amaitu da, Mintegiaren iritziz. Big Affair (Bidehuts) lana, taldearen zazpigarrena, kalean dago, eta Audienceko gitarrista, abeslari eta tronpeta jotzaileak pentsatzen du zerbait berezia duela, eta 11 kantuetan igartzen dela, modu nabarmenean izan ez arren, Agnelloren ukitua.
Bost hilabeteren buruan argitaratu zituzten haien ibilbideko seigarren eta zazpigarren lanak, abestiak, nolabait, «entregaka» eman nahi zituztelako. «Baina bateko zein besteko kantuak oso lotuta daude elkarren arten, produkzioa diferentea izanagatik ere». Eta joan den abuztuaren 23a eta 30a bitartean egindako grabazioan, ekoizpenean, bidea libre utzi zioten Agnellori. «Egun gutxi genituen, eta kontua ez zen edozein gauza eztabaidatzen hastea». Gainera, segituan hartu zien puntua abestiei, Mintegiaren esanetan. «Ahalik eta produkzio lan handiena egin du».
Baina grabaketara beldur apur batekin joan ziren Audiencekoak. Batetik, beti dagoelako egonezin hori, «ez dakizulako abestiek nola funtzionatuko duten estudioan». Eta bestetik, ingelesez abesten dutelako, eta haiek lantzen duten estiloaren bihotzera zihoazelako. «Pentsatzen genuen igual pentsatuko zutela beste talde batzuen kopia txar bat ginela». Ziurtasunik ezak. Agnello ere ez zekiten nolakoa zen... Segituan uxatu zituzten mamu guztiak. «Han agertu zen, bere auto zaharra gitarraz, anplifikatzailez eta pedalez goraino beteta, eta segituan hasi ginen beharrean». Haren lan egiteko modua ere asko gustatu zitzaien. «Euskal Herriko teknikariek maila bikaina dute, baina han beste zera bat daukate... Yankiak dira».
Han lortutako emaitza entzunda, jarraitzaile batzuek esan diete taldearen hasierako maneretara bueltatu direla, eta beste batzuek jakinarazi diete «zirrara handiagoa» eragin diela. Ohi bezala, taldekide guztiek batera grabatu dute estudioan. «Baina Agnellok erabiltzen ditu pedal asko, efektu asko, eta, hortaz, inoiz baino geruza gehiago dituzte abestiek».
Audiencek, ordea, Audience izaten jarraitzen du: AEBetako country alternatiboa post-rockarekin lotzenduen bostekoa, bluesera ere jo dezakeena. Gitarrak, baxua, bateria, pianoa, biolina eta saxofoia. Euskal Herrian beti harrera ona eduki duena — «nahiz eta onartu beharra daukadan ez garela izan irits-errazak»—, geroz eta abesti gehiago abesten dituena euskaraz. Azkeneko lanean, bi dira: Burdintzen eta Ez da txantxetan. Oraindik ez dute inoiz serioski pentsatu den-dena euskaraz egitea, baina Mintegiak aitortu du, hasieran ez bezala, geroz eta zentzu txikiagoa ikusten diola ingelesez abesteari, «eta gehiago euskaraz abesteari. Detaile bat. Azkeneko lanak ere baditu ñabardurak, kasualitateak ekarritakoak.
HURRENGO KONTZERTUA
Non: Bilboko Fever aretoan.
Noiz: Bihar, 22:00etan.
Kasualitatea pizgarri
Audiencek John Agnello ekoizlearekin grabatu du 'Big Affair' diskoa, aurrekoek baino detaile gehiago dituena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu