Nahia Zubeldia eta Manu Matthys. Lumi taldeko kideak

«Kasik salbaiki egin dugu disko hau, dena batera»

Zubeldiak idatzitako olerki sorta bat eta Matthysek bidean zituen doinu batzuk dira Lumi bikotearen 'Bezperen dirdira' diskoaren abiapuntua. Inoiz baino batuago aritu direla diote.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek Lumi taldearen bigarren diskoa jalgi berri dute: Bezperen dirdira. Lehen diskoan bi musikarien arteko batuketa zen, eta aldi honetan, berriz, biez bat egin dutela diote. Ortziralean EHZ festibala abiaraziko dute, Irisarriko plazan ariko baitira (Nafarroa Beherea), 18:00etan.

Nola definituko zenukete lana?

NAHIA ZUBELDIA: Iruditzen zait gureagoa dela. Gitarra alde batera uzteak lasaitasuna ekarri dit, ahotsarekin gehiago aritu ahal izateko. Hastapenean, Manuren hizkera hori ez nuen ulertzen. Banekien maite nuen ala ez, baina ez zergatik. Orain, aldiz, bai, eta, horri esker, gehiago sar naiteke berean. Gure bi munduak hobeki nahasten dira. Elkarrizketa askoz gehiago dago bion artean, elkarrekin landutakoa da, funtsean.

MANU MATTHYS: Lehen diskoaren berritasuna zen elkarrekin egin genituela kantu guziak. Elkar ezagutzen ari ziren bi munduren arteko topaketa zen. Honetan, berriz, bien arteko sinbiosia da.

Talde lanak bakarkako abiapuntua du: letrak oro Nekatoenean egin zenuen egonaldian idatzi baitzenituen.

ZUBELDIA: Idazketa egonaldian idatzi nituen, bai. Hogeita bost bat olerki. Haietarik bederatzi musikatu ditugu, eta bertze sei sartu ditugu liburuxkan olerki gisa, musikatu gabe.

Nekatoenean eman zenuten lehen aurkezpen kontzertutik urtea pasatu da.

ZUBELDIA: Ez ziren arras bukatuak; geroztik aldatu dira.

MATTHYS: Hortik goiti erregularki jo dugu, eta materiala egokitu.

Zuzenekorako diskoa dea?

ZUBELDIA: Bai, hastapenetik. Hala dugu grabatu ere; ez pistaz pista. Peto bat eginez gero, kantua osoki arragrabatzen genuen. Aitzineko diskoan postekoizpen lan handiagoa izan zen. Etxean grabatu dugu. Nahasketa guk hasi genuen, baina, gero, Tarnosen bukatu dugu [Okzitania] , Johannes Buffen estudioan, eta masterizazioa egin dugu AEBetan, Rafael Anton Irisarrirekin.

MATTHYS: Usaian ordenagailuz trafikatu izan dugu. Baina, aldi honetan, kasik salbaiki egin dugu, dena batera. Askoz fiteago aritu gara. Hiru pista dira bakarrik: baxua, ahotsa eta perkusioak. Oso gordina izan da.

Zuzenekoan diskoak ez dauzkan gomitak ukan dituzue.

MATTHYS: Panda Valiumek remix bat egin du Denborako kosmonautak kantuan diskoan, baina gero, aurkezpen kontzertuan gomitak izan genituen, bai: Anne-Lise Arnaud-Cazamayouk kantatu du, ttunttuna eta harmoniuma jo; Peio Erramuzpek gitarra bi kantutan; Ximun Fuchs eta Joujou taldekoek letra errezitatu dute.

Ezohiko euskarria du diskoak.

ZUBELDIA: Objektu berezia egin nahi genuen, zeren eta CDa bi garairen artean baita: autoetan bada oraino irakurgailurik, baina etxeetan gero eta gutxiago. Beraz, karpeta batean sartu ditugu diskoa eta papera, olerki guziekin. Biniloa ere atera dugu, gero eta gehiago saltzen baita, eta, nire ustez, hobeki zahartzen. Biniloa edo CDa erosten dutenei kode bat ematen diegu kantuak deskargatzeko.

Bezperen dirdira da kantu dirdiratsuena, diskoari izenburua emateraino.

ZUBELDIA: Bere garaian gure maiteenetakoa baitzen, duen zentzuagatik: dena biltzen baitu hobekien. Aski irekia ere badelako, ez baita zuzenean ulertzen zer den.

Eta zer da?

ZUBELDIA: Ariketa estilistiko bat; ez du bortxaz zentzurik, maite baitut tarteka gauzak ausaz egitea. Kantu hau niretzat da gauza eder bat gertatu behar zaizuneko bezpera horren dirdira.

Zuzeneko emanaldietan zenbat tresna ikusten dira?

ZUBELDIA: Nik kutxa batean sartuak ditut. Efektuak egiteko, iPada dut, pedal digitalekin: ahotsa beti horrekin lantzen dut. Beharko banitu iPadean dauden pedal guziak... ufala! Gero, pedal fisikoa ere badut, looper-a.

Kontzertu bakoitza ezberdina dea?

MATTHYS: Parte batzuk berdin egiten ditugu, baina zailena zaigu berdin egitea! Saiatzen gara ez izatea guztiz inprobisazioa. Nik taula gainean dudana sekuentziagailua da. Bi pista ditut: baxuaren melodiarena, eta perkusioena, sampler-ean. Erritmo kutxa bat da. Modularrari igortzen dizkiot soinuak, eta berak efektuak eransten dizkio. Parteak idatziak dira; kantu bat egiteko, parte horiek pasatzen ditut.

DJ batek bezala.

ZUBELDIA: Salbu DJ bat kantu batetik bertzerat doala; Manu, berriz, kantuaren parte batetik bertzerat.

MATTHYS: Parte ezberdinak igortzen ditut, hori da lanaren %5, kontzertuan soinuak biziarazten ditut. Bestela, aspergarria litzateke. Biziarazten ez baduzu, kaka egingarria da. Adibidez, Sirena salduaren hastapeneko soinua Nahiaren mi txistu soinu apaldua da. Sei zortzidun.

Eta zure partea, Nahia?

ZUBELDIA: Gauza bera dut egiten, baina ahotsarekin. Jostagarria da: efektu horiekin ahotsa tresna bat bilakatzen baita. Ez dakit zenbat bertsio izan ditzakeen: gizon boza, sagu boza... Lehenagotik maite nuen, baina boz soken ebakuntzaren ondotik, are gehiago: efektuek konpentsatu baitidate indar galtzea.

MATTHYS: Nahiak sekulako lana egien du looper-arekin; horri geruzak gehitzen dizkio.

Musikariak edota informatikariak zaretea?

MATTHYS: Informatika denetan dago musikan. Zozokeria litzateke ez baliatzea hain boteretsua den tresna bat. Notak sortzeko baino gehiago, soinua lantzeko dira. Partizioa robot batek jotzen du, eta nik soinuaren tinbrea lantzen dut

ZUBELDIA: Nik, berriz, soinua sortzen dut, eta tratatu ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.