Hamalau urteko ibilbidea egin du PAM Puto Amoak Matematiketan Ermuko taldeak bosgarren lana atera duenerako: 5!. Izan ere, euren filosofia «lasai-lasai» jardutea da, Jokin Azpiazu gitarristak(Ermua, 1981) azaldu duenez: «Taldea beti izan da erdi konstantea, erdi lasaia. Gauzak bere erritmora hartu izan ditu, oso lasai. Ez daukagu asmo handirik, ez dago inolako presiorik inondik».
Carlos Balseiro gitarristak, Juanmi Bravo bateria jotzaileak eta Markos Gimeno baxu jotzaileak osatzen dute PAM. Bi abestiko binilo bat egin dute, azal bikoitzarekin, eta hamar abesti dauzkan diskoa gehitu diote horri: «Berezia nahi genuen egin, apur bat elegantea geratuko zena opari moduan. Azken finean, CDak ez dira ia saltzen. Jende gutxik erosten dituenez, PAMen CDa, behintzat, polita izan zedila lagunei emateko». Borondatearen truke zein musu truk har daitezke euren lan guztiak, baita eskariak egin ere putoamoakmatematiketan.bandcamp.com webgunean.
«Diskoa grabatu eta konposatu oso era xelebrean egin da». Azpiazuk azaldu du ez direla aritu lokalean ohiko moduan abestiak egiten: «Zatiak ateratzen joan ginen, grabatu genituen kasete batean, eta euren artean josi egin genituen kantuak egiteko. Normalean egiten dena da kantua hasi, eta gero horrek eskatzen duen jarraipena imajinatu». Aurreko lanekiko ezberdintasun nabaririk ez daukala uste du: «Akaso badaude batzuk xelebretxoagoak geratu direnak, esperimentalagoak. Alde horretatik, oso libre geratu da diskoa, ez dugu nahi izan aurreko diskoetako soinua berriz egin». Dena dela, Iker Saenz de Zaitegi aurreko gitarristaren falta nabari dela uste du gitarrista berriak: «Haren estiloko gitarra batzuk falta dira... Honetan 80ko hamarkadako soinua daukaten kantuak, poperoagoak, rockeroagoak... eta xelebreak daude. Baita Zurrunbiloa eta Txispa kantuak ere, rock libreagokoak».
Hitzei dagokienez, taldean lehendik jarduten duten hiru taldekideek egin dituzte, eta bakoitzak bereak abesten ditu. «Taldearen hasieratik horrela izan da». Gaiak ere askotarikoak direla nabarmendu du: «Nahiko pertsonalak dira, bakoitzak bere jatorria dauka». Give me money abestia izan liteke hor bereizi beharrekoa: «Hori bada taldearen historia. Musika munduan aritzearen ideiaren inguruan da, komertzialtasuna beste edozeren gainetik bilatzearen edo geure buruak musikaren munduan salgai jartzearen ideiaren inguruan».
Aurreko lan guztien modura, autoprodukzioaren aldeko apustua egin du PAMek. «Horrek lasaitasuna ere ematen dizu gauzak egiteko orduan, ez daukazu inor atzetik». Ez da, baina, arrazoi bakarra produkzio modu horri heltzeko: «Inork ez du berebiziko interesik adierazi PAMen diskoak kaleratzeko. Hori nahiko normala da. Baina gaur egun hori egiten dugu inolako presiorik ez daukagulako. Erabakitzen badugu diskoa supermerkatuko poltsa batean saldu nahi dugula, supermerkatuko poltsan sal dezakegu. Esan nahi dut alde horretatik horrek erabateko askatasuna ematen digula». Musikaren «negozioa» baldintza jakin batzuk betetzen dituzten taldeei soilik egokitzen zaiela nabarmendu du Azpiazuk: «Dedikazio eta konpromiso maila oso handia eskatzen zaie taldeei. Gu ez gara hor kokatzen».
Pitillas eta Eibar artean
Joan den urteko udan grabatu zuten diskoaren zatirik handiena, Pitillasen (Nafarroa). Balseirok eta Bravok senitartekoak dauzkate han, eta horietako baten kortan egin zuten grabaketa: «Hustu genuen, eta auzokide guztiak abisatu genituen egun batzuetan zarata egongo zela». Balseiro soinu teknikaria ere bada, eta berak grabatu ditu PAMen lan denak. Horren ostean proposatu zioten Azpiazuri gitarra jotzea, eta Eibarko Legarre estudioetan bukatu zuten falta ziren gitarra doinuak grabatzen.
Berria izanagatik taldean, ederto ezagutzen du PAMen ibilbidea Azpiazuk: «PAMen historia hasten da Dantzutena amaitzen denean; Dantzutena hasten da Julio Kagetaren historia amaitzen denean... oso-oso atzera doa».
Kasetetik binilora, '5!'
Puto Amoak Matematiketan taldeak bi abestiko biniloa egin du, eta hamar abestiz osatutako CDa gehitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu