Adierazpen askatasuna

Kartzelan sartu dute Pablo Hasel rap kantaria

Mossoak Lleidako Unibertsitatean sartu dira musikaria atxilotzera, eta protesta artean eraman dute preso. Salaketa ugari eragin ditu auziak

Pablo Hasel, Mossoek atxilotuta eraman zuten unean, atzo goizean, Lleidan. RAMON GABRIEL / EFE.
Paulo Ostolaza - Amagoia Gurrutxaga Uranga - Ainhoa Sarasola
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Kartzelan da Pablo Hasel rap kantari katalana. «Terrorismoari gorazarre» eta «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izana egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ezarri zizkion, eta joan den ostiralean amaitu zen kartzelan bere burua aurkezteko epea. Halakorik ez zuela egingo iragarrita, Lleidako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) itxi zen musikaria herenegun. Mossoak bertara sartu ziren atzo goizean, eta protesta artean eraman zuten atxilo, Lleidako Ponent espetxera.

Epaia kaleratu eta gutxira utzi zuen argi abeslariak ez zuela bere burua entregatuko; Poliziak atxilotu nahi bazuen errektoretzako «ateak birrindu» beharko zituela adierazi zuen herenegun, sare sozialetan. Goizean goizetik, dozenaka lagun bildu ziren atzo unibertsitate barruan zein kanpoan, hari babesa ematera. Istiluen aurkako mossoak eta hogei bat furgoneta bertaratu ziren, eta 06:30 aldera sartu ziren unibertsitatera, Hasel atxilotzera. Ikasgeletako mahai eta aulkiak traba gisa jarri eta su itzalgailuak hustu zituzten hainbat lagunek, atxiloketa zailtze aldera. Handik ordubetera hasi zen Polizia kantariaren inguruan bildutakoak banan-banan ateratzen, eta bi orduren buruan lortu zuten Hasel atzematea. «Estatu faxista honek ez gaitu inoiz geldituko!», adierazi zuen. Behin kanpoan, oihuka segitu zuen Polizia autoan sartu zuten arte: «Amnistia osoa! Heriotza estatu faxistari!». Kalean elkartutakoek Hasel aske uzteko oihuak egin zituzten.

Herenegun gauean idatzi zuenez, susmatzen zuen atzo gauean sartuko zirela Mossoak unibertsitatera, eta atxilo hartu aurretik azken mezu bat helarazi nahi izan zuen: «Dei egin nahi dut beldurrari aurre egin eta horrenbeste inposiziori kasurik ez egitera. Hori egiten ez badugu, aurrera jarraituko dute, eta ez ditu inork geldiaraziko». Ez zuen hor amaitu: «Ezin diegu utzi zer sentitu, zer esan eta zer egin behar dugun agintzen». Azaldu zuen Kataluniatik ez zuela alde egin mobilizatzeko eta antolatzeko mezua zabaltzen lagundu nahi zuelako: «Euren politika kriminalak kontatzea eragotzi nahi dute, langile klaseak kontzientzia hartzea eta borrokatzea. Ez dute lortuko!».

Txioak, delitu

Pablo Rivadulla Duro Lleidan jaio zen, 1988. urtean, eta gazterik hasi zen raparen munduan, Pablo Hasel izen artistikoa hartuta. 17 urterekin atera zuen estudioko lehen lana, Esto no es el paraíso (2005) EPa, eta haren ondotik heldu ziren Miedo y asco en Ilerda (2007) —gerora Ilerda rima con mierda izenburupean berrargitaratua— eta lehen maketa, Trastorno Tripolar. Ordutik, dozenaka kantu plazaratu ditu, baita hainbat musikarirekin egindako kolaborazio ugari ere —Ciniko eta Los Chikos del Maizekin, besteren artean—. Klase kontzientzia izatearen aldeko mezuak zabaldu izan ditu zenbait abestitan, baita hainbat erakunde kritikatu ere, hala nola Eliza, monarkia eta banketxeak.

Urteotan, hainbat auzibide zabaldu dizkiote. 2011n atxilotu zuten lehen aldiz, abesti batean Grapoko kide baten gorazarrea egin izana egotzita. 2014an, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion «terrorismoa goratzea» leporatuta, baina ez zuten kartzelatu. Delitu bera eta «koroa eta segurtasun indarrak iraintzea» egotzita, berriro epaitu zuten 2018an, Twitterren idatzitako zenbait txioren harira. Bi urteko espetxe zigorra eman zioten hasieran, baina, helegitea jarri, eta bederatzi hilabeteko kartzelaldia ezarri zioten azkenean. Epai hura berretsi egin zuen iazko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak, eta sententzia horren harira agindu dute espetxeratzea. Kartzelan bere burua aurkezteko epea amaitu zen egun berean, kantu berri bat plazaratu zuen abeslariak: Ni Felipe VI.

Horrenbestez, egin duen musikaz gain (Juan Carlos el Bobón abestia), sare sozialetan esandakoak ere baliatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak Hasel zigortzeko argudio gisa.

Erreakzio soka

Azken asteetan, kultur arloko ehunka lagunek eskatu dute Pablo Hasel aske uzteko, baita Zigor Kodetik adierazpen askatasuna mugatzen duten delituak kentzeko ere. Hainbatek salaketa mezuak utzi zituzten atzo sare sozialetan. Halaber, hainbat kultur erakundek agertu zioten babesa Haseli; Kataluniako Musikaren Akademiak, adibidez, auzia salatzeko agiri bat plazaratu zuen.

Kultur arlotik kanpoko zenbait eragilek ere egin zuten bat kantariarekin. Amnesty International erakundearen Espainiako ordezkaritzak «erabateko sumindura» agertu zuen atxiloketagatik, eta salatu kartzelatzea ez dela bidezkoa, «adierazpen askatasunaren erabilerarekin estu lotuta» baitago. «Ez gara geldirik egongo adierazpen artistikoa mugatzen duten Zigor Kodeko delituak bertan behera utzi arte».

Hain zuzen, eta atxiloketagatik galdetuta, adierazpen askatasunari lotutako delituen lege erreforma martxan jarria dutela adierazi zuen Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Eta gehitu zuen «gogoeta artistiko, kultural edo intelektualen» adierazpenean «ulermenari eta tolerantziari tarte bat» utzi behar zaiela. Espainiako Gobernuko kide den Unidas Podemos-ek atxiloketa arbuiatu zuen, eta iragarri Haseli indultua emateko eskatuko diola Justizia Ministerioari.

Haselen kartzelatzea «eskubideen inboluzioaren beste adibide bat» dela adierazi zuen Kataluniako Gobernuak; auzia arbuiatu zuten ERC, JxCat eta CUPek ere. Espainiako Kongresuko EAJ, BNG, Mas Pais eta Compromisekoek mozal legea bertan behera uztearen alde mintzatu ziren; EH Bildukoek ere salatu zuten auzia.

Kalean ere izan ziren protestak.Herrialde Katalanetan, jendetsuak oso. Zenbaitetan —Bartzelonan, Gironan, Reusen, Valentzian eta Vicen esaterako—, istiluak izan ziren. Poliziak foam balak erabili zituen istiluotako zenbaitetan. Euskal Herrian ere egin ziren musikari katalanaren aldeko elkarretaratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.