Kartzelako bizitzari aurre egiteko tresna

Presoek espetxeetan idatzitako azken literatur lanak plazaratu ditu, urtero legez, Ataramiñe argitaletxeak. Urtekariaz gain, bi liburu eta haurrentzako ilustrazio liburu batek osatzen dute 2017ko bilduma

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Presoak beti daude idazten. Horrekin erakusten dute bizirik eta lanean direla, kartzelako bizitza borroka horretan». Preso zela hainbat liburu idatzi zituen Mitxel Sarasketak, eta, orain, euskal presoen lanak argitaratzen dituen Ataramiñe argitaletxeko koordinatzaile da. Barrutik ezagutzen du sorkuntza egarri hori, eta beste presoen sorkuntzak kaleratzen laguntzea du helburu orain. Presoek kartzeletan sortutako aurtengo lanen bilduma aurkeztu dute orain Sarasketak berak eta Oier Gonzalezek.

Narratiba, bertsoak eta komikia uztartuz, presoen egunerokoaren, pentsamenduen eta sentipenen bilduma da Ataramiñeren aurtengo uzta. «Ataramiñek biltzen du kartzeletako historiaren zati bat, literaturak ematen baitu kartzeletako bizitzaren testigantza», adierazi du Sarasketak. Koordinatzaileek gogoratu dute Ataramiñek argitaratutako guztia lan kolektiboa dela. «Ezingo genituzke lan hauek argitaratu askoren konplizitaterik gabe». Egileen ziegetatik argitaletxearen eskuetara heltzeko beharrezkoa den «konplizitatea eta laguntza» nabarmendu dute. Kartzelan sortutako idatzi oro jazarria dela gogorarazi dute, eta sarritan galtzen direla lanak bidean: «Kartzelariak horien atzetik ibiltzen dira».

Arazoak arazo, asko idazten da kartzeletan. Hala azaldu du Sarasketak, eta horregatik ari da Ataramiñe, 2002. urtetik, oztopo horiei aurre egin eta presoen lan literarioak argitaratzen. «Ordutik hona argitaratu dugun guztiak pisu handia dauka, bertan biltzen baita kartzeletako historiaren zati bat». Sormenaren bidez ematen dute presoek kartzeletako bizitzaren testigantza, haren esanetan.

Bide luzea egina du Ataramiñek presoen literatur sorkuntzaren zabalkundean, baina Gonzalezek argi utzi du argitaletxearen bokazioa zein den: «Desagertzeko sortu zen editoriala,eta, lehenbailehen bada, askoz hobe». Pixkanaka autorez husten ari den argitaletxea dela azaldu du koordinatzaileak, eta hori positiboa dela. Aurten aurkeztutako lanen egileetako bi, Ekhine Eizagirre eta Jexux Mari Zalakain, kalean dira gaur egun. Ataramiñeren autoreak murrizten ari dira, baina zerrenda guztiz hustu arte presoen sorkuntza lanak argitaratzen segituko dute. Aurten, lau liburu aurkeztu dituzte.

'ATARAMIÑE '17 URTEKARIA'

Ataramiñe Urtekaria da argitaletxearen urteetako lanaren irudi nagusietako bat. Urtekarian biltzen dituzte urtero-urtero presoengandik jasotako sormen lanak. Sarasketaren esanetan, urtekarien bildumarekin marraztu daiteke euskal preso politikoen kronika. Aurtengo alean, hamahiru sortzailek hartu dute parte, eta hainbat generotako lanak aurki daitezke bertan: literatura, komikia, ilustrazioak, poesia eta kronika. Berrikuntza gisa, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) urtarrilean egin ohi duten presoen literatur lanen errezitaleko pasarteak ere txertatu dituzte aurtengo liburuan.

Bilduman denetarik aurki daiteke, autoreen sormenaren isla. Koordinatzaileek azaldu dutenez, sorkuntzak berebiziko garrantzia du kartzelan. Baina kartzelako sormen lanak badu beste esparru batzuetan ez duen zentzu bat ere, argitaletxeko kideen esanetan. «Sorkuntza, espetxearen testuinguruan, heriotzari, burua galtzeari eta gaixotasunari aurre egiteko tresna bilakatzen da». Ataramiñeren aurtengo bilduman aurkitzen diren lanak, koordinatzaileen hitzetan, «osasunerako bide eta denbora kudeatzeko tresna» dira.

Bildumaren azala Itziar Morenok marraztu du. Hain zuzen, bai Morenok bai Ekhine Eizagirrek azken urteotan egindako ekarpena nabarmendu du Sarasketak: «Bereziki aberasgarria da, emakumearen eta militantziaren irudikapen ederra aurki daitekeelako beraien lanetan». Kontrazalak, berriz, joan den uztailean Badajozko espetxean (Espainia) bihotzekoak jota hildako Kepa Del Hoyo dakar gogora.

'ERREZEL BERDEAK'

Kartzelan pasatutako zortzi urteetan, hainbat lan argitaratu zituen Jexux Mari Zalakainek: Kartzelako kronikak 2016an; Njat el Hachmiren Azken patriarka eleberriaren itzulpena iaz; eta Josep Plaren Kale estua liburuaren itzulpena aurten. Horiei guztiei, Ataramiñeren bidez plazaratu duen azken lana gehitu behar zaie: Errezel berdeak. Izenburuak Zalakainek ziegan zituen errezel edo gortina berdeak ditu inspirazio iturri. Horien bitartez ikusten zuen mundua Zalakainek, eta oroimen horiek jaso ditu liburuan.

Leiho horri begira, denboraren barnean sartu, eta bere bizitzaren errepasoa egiten du autoreak liburuan. Bere bizitzaren gorabeherak, kaleko bizitza eta kartzelako pasarteak tartekatzen ditu. Egun, kalean da Zalakain, baina liburua kartzelan idatzi zuen. Azken atalean, ordea, orri batzuk gorde ditu kalera atera osteko hausnarketak txertatzeko.

'AXELKO ETA OTSOKO'

Axelko eta Otsoko haurrentzako ilustrazio liburua da. Azeriaren eta otsoaren ipuin herrikoia du oinarri, eta irudia eta bertsoa uztartzen ditu. Oztopoei aurre egiteko laguntasunak duen garrantzia da lanaren ardatza. Gonzalezek gogoratu du Kepa Etxeberria eta Xabier Ugarte egileak kartzela ezberdinetan daudela eta, horregatik, nabarmentzekoa dela tankera horretako lan bat argitaratzeko gai izatea.

'UDABERRIAN BIZIKO GARA'

Ibon Muñoaren laugarren liburua da aurtengo uztaren beste lanetako bat: Udaberrian biziko gara. Muñoaren lan guztiak bertso liburuak dira, eta ordena kronologikoan bilduta daude. Azken lanean, aurrekoetan bezala, kartzelaldiak eragindako oroimenak, ametsak, desioak eta hausnarketak biltzen ditu egileak. Muñoak liburuan dioen bezala, bere «ametsen txokotik» idazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.