Bertsolaritza

Kartzelako ariketari izena aldatu dio Bertsozale Elkarteak

'Bertsoa.eus'-ek Twitterren idatzi duenez, 'kartzelako lana' 'ganbarako lana' izango da aurrerantzean

Maialen Lujanbio, 2017ko Bertsolari Txapelketan. MARISOL RAMIREZ
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 12a
12:59
Entzun

Kartzelako lana deitu izan zaio 60 urtez bertsolariei gai bera eman eta haiek hiruna bertso nahi duten doinuan eta neurrian kantatzeari; hala izendatu baitzuen Fernando Artola Bordari-k. Bere horretan jarraituko du ariketak, baina izen berria jarri dio Bertsozale Elkarteak: ganbarako lana. Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko kideak adierazi du aldaketa horren zergatia, Bertsoa.eus atarian: «Ganbarak goxotasuna eta isiltasuna iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina, aldi berean, aparte. Garunari eta logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan, eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lanleku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean».

Orain gutxi hasi dira ariketaren izen berria zabaltzen, eta, Iurramendik azaldu duenez, den-denak ados egotea zaila izango den arren harrera ona izan du aldaketak. «Ez da erraza leku guztietara iristea, eta txapelketa hastean ere sorpresa harrapatuko duenik izango da. Ohiturak aldatzea ez da erraza, eta denbora utzi beharko zaio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.