Nire aitonak bere logelan mapamundi bat dauka. Leihoaren eta komuneko atearen artean dauka itsatsita. Eta, tarte hori ez denez mapa bezain handia, bi zentimetro jan dizkio munduari bere logelan sar dadin ーez esan egunerokoa ez dela poetikoaー. Etxekoak atzerrira joan izan garenean berak bertan aurkitu gaitu. Bera gabe, esaten dit, ez nintzateke ezertaz enteratuko. Eta sentsazio horri beste sentsazio lasaigarri bat gehitzen dio Wislawa Szymborska poetak: «Hemen dena da txikia, gertukoa eta eskuragarria. Hatz puntarekin sumendiak zanpatu ditzaket, poloak laztandu eskularru lodiak jantzi gabe. Begi kolpe bakarrean desertua eta ibaia besarkatu».
Eta horrek pentsarazten dit zer-nolako satisfazioa ematen duen begirada bakar batean mundu osoa ikusi ahal izateak. Aldatzen ez diren mugak ikusteak, gauza bakoitza bere lekuan dagoela jakiteak, iskanbilarik gabe.
mapa (iz.) Lurbiraren edo Lurraren zati baten irudia, izari jakin batean egina. Hala dator jasota Euskaltzaindiaren hiztegian. Beste definizio batzuek, baina, indarra jartzen dute maparen izaera egiatian: errealitatearen errepresentazio dira. Eta maparen ikusleak espero duena horixe da: mapan ageri diren proportzioak fidagarriak izatea, mugak zehatz zedarrituta agertzea. Eta, asmoa hori bada ere, beti ez dira errealitatearen isla fidagarri izan. Hortxe adibide batzuk:
Plutarkok I. mendean jada mapen zalantzagarritasunaz ohartarazten zuen irakurlea. Geografoez kexu zen, mapa bazterrak, hau da, ezagutzen ez zituzten lurraldeak, piztia basatiz betetako desertuz, zeharkatu ezinezko lokazti arriskutsuz edota izoztutako itsasoz betetzen zituztelako. Mende batzuk aurrerago, ezezagunaren aurrean lurralde asmatuak irudikatu izan dituzte ーEldorado, Utopia edo Atlantida bezalako lurralde magikoak zehatz irudikaturik agertu izan dira XVI. eta XVII. mendeetako hainbat mapatanー.
Lurraldeak asmatzea ez ezik, proportzioak, distantziak eta tamainak desitxuratuta agertu izan dira sarritan: nire aitonak bere maparekin egin bezala, XV. mendean Ozeano Bareari ere puska bat itsaso kendua zioten. Antza, Magallaesek hori uste zuen, eta horregatik abiatu zen Espezieen uhartera bide hori hartuz.
«Errealitatea desitxuratu, ezkutatu, handitu, antolatu… Antzeko ez ote dugun egiten une oro: neurozientzialari askok diote identitate koherente eta funtzional bat eraikitzeko ezinbestekoa dela iraganeko gauza asko eta asko ezabatzea. Gainera, oroitzapen askok errealitatetik bezainbeste dute asmakizunetik»
Nahiz eta satelite bidezko kartografiak hutsuneak desagerrarazi dituen, oraindik ere mapetan ageri dena ez da uste bezain egonkor, zehatz eta itxia. Emily Thomas filosofoak ohartarazten du gauden lekuaren arabera Google Mapsek mundua era batera edo bestera irudikatzen duela. Batez ere, gatazka dagoen herrialdeekin gertatzen da hau; Interneteko bilaketa nondik egin, emaitza bat ala beste izanen da. Adibidez, Errusiatik egiten bada bilaketa, Krimea Errusiaren mugen barnean agertuko da, eta ez ukrainar lurretan. Txinatik bilatzen bada Nepal, Txinan; bestela, Indian.
Hortxe mapen arbitrariotasunaren azken adibidea: mundua norantza batean imajinatzen dugu: goi-behe, ezker-eskuin. Hala ere, espazioa antolatzeko modu hori ez da berezkoa: Ptolomeori «zor» diogu mundua irudikatzeko modu hori, eta gero Mercatorren mapamundiak behin betiko ezarri du mundua irudikatzeko modu hori, Europan bederen. Zergatik dago Groenlandia iparraldean eta Australia hegoaldean? Zergatik irudikatu Japonia ekialdean eta Alaska mendebaldean? Galdera hauek bururatu bitartean Interneten sartu eta mapamundiak irudikatzeko beste manera batzuk bilatu ditut. Mapamundi txinatarra (Txina erdian eta Europa albo baten, txiki-txiki), mapamundi australiarra (Australia erdian, eta «buelta emanda»: bera geratu dadin goian/iparrean eta Europa behean/hegoan), mapamundi estatubatuarra (AEB erdian eta Errusia bitan banatuta)…; aipatutako mapamundi nazional horietan guztietan ーgurea barne, noskiー, bistan da handituta ageri direla herrialde batzuk, eta txikituta besteak.
Errealitatea desitxuratu, ezkutatu, handitu, antolatu… Antzeko ez ote dugun egiten une oro: neurozientzialari askok diote identitate koherente eta funtzional bat eraikitzeko ezinbestekoa dela iraganeko gauza asko eta asko ezabatzea. Gainera ーziur naiz irakurlearen esperientziak ere baiezta dezakeelaー, oroitzapen askok errealitatetik bezainbeste dute asmakizunetik. Sarritan nahasten ditugu oroitzapen batzuk eta besteak, irudi berriak sortuz, Eldorado eta munstro beldurgarriak hauspotuz gure baitan. Gertatzen zaizkigun gauzei norabide zehatz bat ematen diegu, iparra galdu ez dezagun; oroitzapen batzuk dilatatzen ditugu, besteak uzkurtu, itsasoak bezala. Mapei buruz jardun gara orain arte, baina nago identitateek mapen antz handia dutela: eta, nolabait, mapa bat identitate bat marraztea bezala dela.
