Esther Ferrer artista eta performerra (Donostia, 1937), Anjel Lertxundi idazlea (Orio, Gipuzkoa, 1948) eta Jone San Martin dantzari eta koreografoa (Donostia, 1966) gonbidatu ditu Donostia 2016k Elkarrizketak lerroaren barruko Karta zuriak ekimenerako proposamenak egitera. Nor bere ibilbide profesionalean oinarrituta —eta Donostiako 2016ko kultur hiriburutzaren balioak aintzat hartuta—, hiru sortzaileek 2016an Donostian gauzatzeko kultur arloko proposamenak egin dituzte, askatasun osoz, eta Donostia 2016k bitartekoak jarriko ditu proposamen horiek garatu eta burutan ateratzeko.
Esther Ferrerrek hiru performance proposatu ditu, hiriari eta bereziki hiriaren periferiari protagonismoari eman nahian eta «herritarren borondatezko parte hartzea» bilatu nahian: Os voy a contar mi vida (Nire bizitza kontatuko dizuet), Se hace camino al andar (Ibilian egiten da bidea) eta La marcha de la poesía (Poesiaren ibilaldia).
Os voy a contar mi vida performancea komunikazioaren inguruko lana da, eta lan horretan aurretik lortzerik izan ez duena lortuko du Ferrerrek 2016an Donostian: keinu hizkuntza erabiliko duten hainbat gor-muturen parte hartzea. Se hace camino al andar performancearen bidez, hiriko periferiak erdigunean «arrastoa» bilatzea izango du xede Ferrerrek; La marcha de la poesía performancean poemak irakurriko dira, ahots goran, hainbat hizkuntzatan, oihartzun poetikoak dituzten hiriko gune jakin batzuetan; horrez gain, poesia zabaltzeko molde ezohikoak ere esperimentatuko dira, hala nola, esate baterako, hiriko aulkietan edo beste kokaleku batzuetan poemak QRD bidez irakurgai jartzea.
Anjel Lertxundiren proposamenak Witold Gombrowiczek Czeslaw Miloszi idatzitako gutun batean azaldutako kezka du abiapuntu: «Gure literatura [polonierazko literatura] hemendik ehun urtera nolakoa izango den, baldin eta polonierak irauten badu, baldin eta poloniera orduan bizirik baldin badago...», idatzi zion Gombrowiczek Miloszi, eta Lertxundik buelta asko eman dizkio esaldi horri, kezkagarria baitzaio pentsatzea «estatua duen hizkuntza bat ehun urteko perspektibarekin, globalizazioaren garai honetan, horrela egoteak guri, euskaldunoi eta euskal literaturari, zer perspektiba dakarkigun».
Kezka horretatik abiatuta, hizkuntza hegemonikoetan idazten duten bost idazle eremu urriko hizkuntza batean idaztearen inguruko gogoeta egitera bultzatu nahi ditu Lertxundik, gero idazle horiek 2016ko azaroan Donostiara etor daitezen gogoeta horien berri ematera, hitzaldi eta mahai-inguruen bidez. Idazle horiek idatzitako testuak euskarara itzulita jasoko lituzkeen liburua 2016ko azaroan argitaratzeko proposamena ere bildu du Lertxundik bere karta zurian, hortik aurrera jatorrizko testuen zabalkundea eta ustiapena egileen esku utzita.
Liburua, euskaraz
Lertxundiren asmoa gauzatzen baldin bada, bost hizkuntza hegemonikotako beste hainbeste idazle ezagun izango dira Donostian, 2016ko azaroan, gai horien inguruko gogoetetan: ingelesezkoa, alemanezkoa, frantsesezkoa, italierazkoa eta espainierazkoa. Egileen hautaketa egiterakoan, idazleak ibilbide oparo eta interesgarrikoak izatea hartu du aintzat Lertxundik, eta baita hizkuntza gutxituetako kulturen inguruan interesa erakutsi izana. Proposamena egin diete dagoneko bost idazleri, baina haien baieztapena jaso artean ez dute jakinaraziko nortzuk diren.
Jone San Martinek bost obra ekarriko ditu Donostiara 2016ko urrian, denak William Forsythe koreografoarekin aldez edo moldez lotutakoak; 1992tik duela gutxira arte Forsytheren konpainian egin du dantza San Martinek, eta mirespen handia dio. Forsythez gain, harengandik gertuko beste hainbat artista ere Donostian izatea nahi du San Martinek.
Hiru sorkuntza lan aurkeztuko ditu San Martinek: Forsytheren S.A.D.; Shyne Oliverren bat, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan egitekoa seguru asko, modarekin eta diseinuarekin lotura estua duen lana baita Oliverrena; eta San Martinek berak Donostia 2016rako beren-beregi sortutakoa. San Martinek sortutakoaren ardatz nagusia bat-batekotasuna izango da, eta dantza eta bertsolaritza uztartuko ditu. «Oraindik ez dakit oso ondo nola eta norekin egingo dudan», azaldu du San Martinek, «baina nire asmoa da esperientziak trukatzea eta indarrak batzea, bertsolaritzan nahiz dantzan baitu bat-batekotasunak garrantzi handia». Berlingo Dance On konpainia ere gonbidatuko du San Martinek; Forsytherekin trebatu diren eta 40 urte baino gehiago dituzten dantzari eta koreografoek osatzen dute konpainia hori.
Horrez gain, Legítimo / Rezo bakarkako lana ere aurkeztuko du San Martinek, Forsytheren anotazioetatik abiatutako lana, iazko irailean Parisko Theatre de la Villen estreinatua.
'Karta zuriak' hiru sortzaileri
Donostia 2016k Esther Ferrer, Anjel Lertxundi eta Jone San Martinek diseinatutako kultur egitasmoak gauzatzeko bitartekoak jarriko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu