Torturaren inguruko Karpeta urdinak dokumentalak hainbat aitortza jaso ditu joan den irailean estreinatu zutenetik: Documenta Madrid jaialdiko publikoaren saria irabazi berri du, eta, aurretik, nazioarteko hainbat jaialditan ikusi ahal izan da. Besteak beste, Peruko Censurados jaialdian film onenaren saria jaso zuen. Jardun hori herriz herriko emanaldiekin uztartzen dabiltza ekoizleak, eta, orain, BERRIAlagunek sarean ikusi ahal izango dute ikus-entzunezkoa. Datorren astelehenetik aurrera egongo da ikusgai BERRIAren webgunean, BERRIAlagun erabiltzailearekin sartuta, astebetez, uztailaren 2ra bitarte.
Lehenengo aldia da BERRIA harpidetza zein ekarpenaren bidez ekonomikoki babesten duen komunitateari horrelako egitasmo bat proposatzen zaiona. Izan ere, BERRIAk doan eta irekian eskaintzen ditu eduki informatiboak, baina, horrelako egitasmoen bidez, saritu egin nahi du proiektua sustengatzen duen BERRIAlagunen komunitatea.
Torturatuei aitortza
Ander Iriarte zinemagileak zuzendutako Karpeta urdinak dokumentalak 113 minutu irauten du, Pako Etxeberriak Eusko Jaurlaritzarentzat zuzendu zuen txostenean dago oinarrituta, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Hainbat aditu eta torturatu ageri dira lan horretan. Lana Mirokutana ekoiztetxearekin ekoitzi zuen Iriartek, Gastibeltza Filmak ekoiztetxearekin batera.
Estreinaldiaren egunean BERRIAri azaldu zionez, «konbentzituak ez daudenek begiak irekitzea» da zuzendariaren nahia. Dokumentala egiteko ehun protokolo baino gehiago irakurri eta ikusi zituen, baina zuzenean ez zuen torturaturik elkarrizketatu. Ikerketaren material originala erabili zuen: «Elkarrizketa horiek psikologoek, psikiatrek, antropologoek eta auzi medikuek egin dituzte».
Iriarteren aita ere torturatua izan zen, eta ageri da ikus-entzunezkoan. Besteak beste, Ertzaintzako agenteek egindako torturak ere aipatzen dira.