Literatura

Karmele Mitxelenak irabazi du Mikel Zarate saria

Marrubizko uda lanarekin eskuratu du haur literaturako saria. Elkar argitaletxeak plazaratuko du.

Karmele Mitxelena, artxiboko argazki batean. EREIN ARGITALETXEA
2022ko ekainaren 29a
14:06
Entzun

Karmele Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) irakasle eta idazlearen Marrubizko uda nobelak irabazi du 2022ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. 3.000 euroko saria emango diote, eta Elkar argitaletxeak kaleratuko du liburua.

Marrubizko uda istorioak familia baten xelebrekeriak kontatzen ditu kanpin batean uda-pasa, «umorez eta ironiaz blai», argitaletxeak esan duenez.

Dozena bat lan lehiatu dira guztira. Sariketa Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak sortu zuten, herriko seme eta euskal kulturako sortzaile eta sustatzaile izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Miren Agur Meabek irabazi zuen duela bi urte, Itsasoaren atea lanarekin; Maite Gurrutxagak ilustratu zuen. Iaz, sariketa antolatu gabe geratu zen.

Mitxelena Irakasletza eta Haur Hezkuntzako gradua ikasitakoa da; irakasle lanetan dabil, eta, horrez gain, sari ugari irabazitakoa da bai bertsolaritzan (bertso idatzietan batik bat), bai narratiban. 2019an, Erakusleihoan album ilustratua argitaratu zuen Irrimarra ilustratzaile bikotearekin, Ereinen, Peru Abarka saria irabazi eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.