Literatura

Karmele Mitxelenak eta Luis Gardek jaso dute Espainiako Kritikaren Saria

'Zoriona, edo antzeko zerbait' eleberriagatik jaso du aitortza Mitxelenak, eta 'Urrats galduen hotsa' poema bildumagatik Gardek.

Karmele Mitxelena, iazko urrian, liburua aurkeztu zuenean. GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena, iazko urrian, liburua aurkeztu zuenean. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2025eko apirilaren 26a
15:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak gaur eman ditu urteroko sariak, Salamancan, eta, euskarazko obren artean, Karmele Mitxelenaren eta Luis Garderen lanei egin die aitortza. Narratibaren alorrean, Mitxelenaren Zoriona, edo antzeko zerbait (Elkar) hautatu dute iazko lanen artean, eta poesiarenean, berriz, Garderen Urrats galduen hotsa (Pamiela).

Mitxelenak Augustin Zubikarai beka irabazi zuen 2023an —ex aequo Goio Ramosekin—, eta horren emaitza da Zoriona, edo antzeko zerbait. Adineko emakume bat du protagonista, Maria, alargundu berria —senarrak bere buruaz beste egin du—, Mediterraneora joko duena. Dolua darama gainean, nahiz eta horren zama atzean utzi nahi duen. Protagonistaren ahotsetik jasoko ditu irakurleak hala Mariaren gogoetak eta pentsamenduak, nola egunerokoan gertatzen zaizkionak ere.

«Bere buruaz beste egiten duen pertsonaren ondoan dagoenaren dolua, kasu honetan bikotekidearena, nolakoa den kontatu nahi nuen. Bidaia fisiko bat da, oporretara baitoa Maria, baina barruan ere egiten du bidaia bat, psikologikoa, emozionala. Bi bidaiak uztartzen ditut nobelan», azaldu zuen Mitxelenak liburua Donostian aurkeztu zuenean.

Helduentzako bigarren liburua du Zoriona, edo antzeko zerbait Mitxelenak; aurretik, Haragizko mamuak narrazio liburua argitaratu zuen (Elkar, 2022).

Bederatzigarren poema liburua

Nahiz eta narratiba ere landu duen eta bi nobela dituen argitaratuak —Ehiztariaren isilaldia (Pamiela, 2015) eta Aireportuko musika (Pamiela, 2020)—, batez ere poesia landu du Luis Gardek, eta, hain zuzen ere, Urrats galduen hotsa du lanik berriena alor horretan. Liburu horretako poemak landa giroan kokatu ditu Gardek, baina «bukolismotik eta idealizaziotik oso urrun», aurkezpenean azaldu zuenez. «Gure iruditerian beti dago idealizazio hori, Lizardik berak egiten zuena».

Liburuaren bitartez, Gardek aukera izan du heriotzaz eta baserri nahiz landa munduan desagertzen ari diren lanbideez gogoeta egiteko. «Ahots poetikoa [baserriko] bizimodu horretan sartuta dago, hor bizi da, eta desagertzen ari diren lanbide horietan parte hartzen du. Lan egin bitartean eta eskuak zikindu bitartean egiten ditu bere hausnarketak».

Ez da hau Gardek Espainiako Kritikaren Saria irabazten duen aurreneko aldia, 2018an ere jaso baitzuen, Barbaroak baratzean poema liburuagatik.

Literatur Kritikarien Espainiako Elkarteak urtero banatzen ditu Kritikaren Sariak, aurreko urtean gazteleraz, katalanez, galegoz eta euskaraz argitaratu ziren lanik behinenei aitortza egiteko, bai narrazioan bai poesian. Aurten, gaztelaniazko lanen artean, Eduardo Halfonen Tarántula eleberria eta Tomas Sanchez Santiagoren El que menos sabe poema sorta hautatu ditu. Katalanezko literaturari dagokionez, Joan Vigoren Les platges del clatell, eta Adria Targaren Arnau aukeratu dituzte, lehena narratiban eta bigarrena poesian; eta galegozko lanen artetik, Manuel Rivasen Tras do ceo nobela eta Daniel Salgadoren Poemas realistas.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.