Bi idazlek lortu dute aurten Augustin Zubikarai saria: Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek. Hain zuzen, Mitxelenaren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Ramosen London Calling lanak saritu dituzte. Datorren urterako bukatu beharko dituzte proiektuak, eta orduan emango dituzte nobelak argitara. Zortzi mila euroko saria ere bien artean banatuko dute.
Alargun geratu berri den emakume heldu batek egindako barne eta kanpo bidaia kontatuko du Mitxelenak bere lanean. Sentimenduek pisu handia izango dute eleberrian, eta horietako zenbait azaleratuko dira: poza, haserrea, tristura, lotsa, errua...
Ramosek, berriz, bere bi pasioak uztartu ditu London Calling nobela proiektuan: literatura eta musika. RRVren garaiko Hilotzak alegiazko musika taldea da kontakizunaren ardatza, eta hainbat gai jorratuko ditu: droga, politika, harremana...
32 lan aurkeztu ziren guztira lehiaketara, eta, epaimahaiko kideek azaldu dutenez, batez besteko maila «oso ona» izan da. Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatu dute epaimahaia. Atzo egin zuten sari banaketa, Ondarroako Literatur Amuak jardunaldiaren barruan.
Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen Augustin Zubikarai saria. 2010ean, ordea, formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zuten. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute.