Musika

Karmak rock doinuak baliatu ditu egungo «gizarte frenetikoa» salatzeko

Karma taldeak 'Dirudienez' lana karrikaratu du. Bi urte iragan dira 'Odolean dena' diskoa atera zutenetik, eta, oraingoan, lanketa «sakonagoa» egin dute, Antton Araspinek eta Miguel Etxeberrik erran dutenez. Bihar zuzenean ariko dira, Atabal aretoan.

Karma taldeko Antton Araspin eta Miguel Etxeberri, Baionan, apirilaren 7an. PATXI BELTZAIZ
Karma taldeko Antton Araspin eta Miguel Etxeberri, Baionan, apirilaren 7an. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2025eko apirilaren 24a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizarteak norberari irudiaren inguruan ezartzen dion presioak jendea zepo batera eramaten duela, horixe salatzen du Karma taldearen azken diskoak. Bederatzi kantuz osatua da Dirudienez EP berria, eta egungo «gizarte frenetikoa» salatzen dute hartan, Antton Araspin Karma taldeko kantariaren arabera.

Bi urte pasatu dira Odolean dena EPa argitaratu zutenetik, eta, Araspinek zehaztu duenez, denbora franko izan dute disko berria lantzeko. Ondorioz, gogoetatzeko denbora harturik, EPan dauden kantuek Karma taldearen «nortasun musikala» finkatu dute, Miguel Etxeberri bateria jotzaileak erran duenez. «Momentu biziki melodikoak badira: bada pop estilotik hurbil den kantu bat, baina, bestalde, hard-rock estiloko bat ere badugu, eta horrek eskatu digu gure rock estiloa fintzea».

Gainera, zehaztu du karrikaratu berri diskoaren estiloa aitzinekoarena baino «irekiagoa» dela. Hala, Karmako bi kideek uste dute «maite» duten musika egin dutela. EPko kantuen artean da Plastikozko oasian, eta haren hitzak Amaiur Epher idazleak ondu ditu. «Garrantzitsua» da kantua, egungo gizarte frenetikoaren ondorioak salatzea baita haren funtsa, Araspinen arabera. Preseski, azaldu du abesti horrek mezuaren «alde guziak» biltzen dituela, eta hitzek borrokarako deiazabaltzen dutela.«Guhauren izerdi egoskorrez/ ameskerietatik ametsetara/ goazen borroka, jauzika!».

Bertzalde, Epherrekin egin lanketa ez da diskoko bakarra izan. Eskean Kristoko Pello Artaberekin egin dute bigarren kolaborazioa. Asetzen ez dena kantua elkarrekin sortu dute Karmakoek eta Artabek. Horren karietara, Etxeberrik nabarmendu du Artaberen ekarpena «biziki ona» izan dela, eta haren «ahots lodiak» kantuari «hezurdura sendo bat» ekartzen diola. Baina Zepo bakarra kantua da garrantzitsuena Karmakoentzat. Araspinek adierazi duenez, diskoaren «arima» biltzen baitu, «osoki». Hartan, galdegiten dute gizartea merkatuan ez ote den salgai. «Baloreak merkatuan salgai direla ta/ noraino ari gara?».

«Momentu biziki melodikoak badira: bada pop estilotik hurbil den kantu bat, baina, bestalde, hard-rock estiloko bat ere badugu, eta horrek eskatu digu gure rock estiloa fintzea»MIGUEL ETXEBERRIBateria jotzailea

Disko berriko kantu gehienak Araspinek idatzi ditu, eta, esplikatu duenez, lan hori maitatu du gehien. Bihar eginen dute aurkezpena, Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi), eta kontzentratuak dira zuzenekoak prestatzen. Abeslariak erantsi du EPa ateratzeko eman duten «energia guzia» jendearen aitzinean atera behar dutela orain. «Harro gara eginiko lanaz, baina, aldi berean, zaila da eman dugun energia guzia orain berriz ateratzea; halere, ez da beste aterabiderik, aurkezpena eta kontzertuak hortxe baititugu». Bide batez, Etxeberrik kontatu du erabat lan desberdina dela EPa sortzea eta zuzeneko kontzertuak antolatzea. «Gure txokoan landutakoa jendearen aitzinean jotzeak nolabaiteko presioa ekartzen du».

Diskoa sortzeko erronkak

Lan berria sortzeko, rock ingelesaren doinuetan murgildu dira Karmakoak. Bloc Party taldea izan dute inspirazio iturri, bertzeak bertze. Euskal Herriko erreferente musikalez ere aritu dira, eta Araspinek zehaztu du Berri Txarrak taldea «betidanik» buruan izan dutela eta musika sortzeko orduan erreferente nagusitzat hartzen dutela.

«Harro gara eginiko lanaz, baina, aldi berean, zaila da eman dugun energia guzia orain berriz ateratzea; hala ere, ez da beste aterabiderik, aurkezpena eta kontzertuak hortxe baititugu»ANTTON ARASPINKantaria

Lehen diskoari konparaturik, Dirudienez musikalki «sakonagoa» dela erran dute taldeko kideek. Hori bakarrik ez, bi urteko gogoeta biltzen duen diskoa autoekoizpenean eta euskaraz sortu izana azpimarratu du Araspinek. Autoekoizpenaren alde ona nabarmendu du, taldetik «hurbil» den jendearekin lan egin ahal izana. Errate baterako, Camille Chopin argazkilariak egin die diskoaren azala, eta Patrick Fischerrek grabatu dizkie kantuak. Diskoa osorik euskaraz egitea hautatu dute, eta «naturala» izan zaie, Araspinek erran duenez, proiektuaren oinarria euskaraz sortu baitzuten. Diskoa karrikaratua dutela, euskal kulturako eragile izan nahi dute musikari gisa. «Karma sortu baino lehen, euskal kulturaren kontsumitzaile hutsak ginen, baina, orain, kultura sostengatzeko eragile izan nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.