Lehen ere ezaguna du Karlos Zabalak Euskadi Literatur sariaren zaporea itzulpenen arloan, 2005ean ere eskuratu baitzuen Emile Zolaren Parisen sabela lanarengatik. Oraingoan Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean lanarengatik saritu du Xabier Mendiguren Bereziartuk (epaimahaiburua), Bakartzo Arrizabalak, Elizabete Manterolak, Karlos del Olmok eta Ander Aranak osaturiko epaimahaiak. 18.000 euroko saria jasoko du Zabaletak.
Epaimahaiaren iritzian, «liburu ederra da, euskaraz erraz irakurtzen dena eta guretzat ezezagun den beste mundu bat erakusten diguna». Epaimahaiak ikusitako merituen artean dago, halaber, «prosa ongi itzulia, deskribapenak oso lortuak, eta elkarrizketa biziak eta sinesgarriak» izatea. Gainera, balio erantsi gisa, «beste hizkuntza bat gurera ekartzea» nabarmendu du epaimahaiak.
Hain zuzen ere, euskarara ekarritako Andritxen lehen liburua da Zubi bat Drinaren gainean. Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratu zuen liburua Zabalak, Alberdania eta Elkar argitaletxeen eskutik. Ia 500 orritan, XVI. mendetik XX. mendera bitartean Drina ibai ertzeko Vixegrad hirian gertaturikoak kontatu zituen Ivo Andritx idazle bosniarrak (1892-1975).
Drina ibaiaren gaineko Mehmed Pasa Sokolovitx zubia da liburuko protagonista nagusia. Turkiarrek 1571n eraiki eta austriarrek I. Mundu Gerran lehertu zuten. Hala ere, oraindik zutik dirau, eta gizadiaren ondare izendatua du Unescok. Liburua zubi baten kronika da, baina ez da gertaera historikoen kontakizun soila, Zabalak aurtengo martxoaren hasieran liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez: «Literaturak xede handi bat duelako uste sendoa zuen Andritxek. Kontalari on baten hitzek gure ekintzei argia ematen dietelakoan zegoen. Uste zuen gizateriaren egiazko historia ipuinetan eta kantuetan bilatu beharra dagoela».
Iñaki Uriarte gaztelaniazkoan
Iñaki Uriarte Cantollaren (New York, 1946) Diarios 1999-2003 (Pepitas de calabaza) saritu dute Gaztelaniazko Saiakera sailean, «estilo arineko eta literatura kalitate handiko lana» dela iritzita. «Umore sen azkarrak eta bere buruarekin ironia erabiltzeko duen gaitasunak» atentzioa eman diete epaimahaia osatu dutenei. «Niaren subjektibotasuna defendituz, egileak oso errotuta dauzkagun zenbait gizarte arau gutxiesten ditu, zorroztasun menderakaitzarekin baina sentiberatasun handiarekin».
Iñaki Uriarteren lehen liburua izan da Diarios 1999-2003, baina dagoeneko bigarrena ere argitaratua dauka: Diarios 2004-2007. Parisen, Londresen eta Bartzelonan bizi ondotik, Bilbon bizi da 80ko hamarkadaz geroztik.
Literaturako Euskadi sariak
Karlos Zabalak irabazi du itzulpenaren saria, bigarren aldiz
Ivo Andritxen 'Zubi bat Drinaren gainean' lanak «elkarrizketa biziak eta sinesgarriak» ditu, epaimahaiaren iritzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu