Euskal Herrian soilik kantautore tradizionalak eta rocka entzuten direla esaten duten aurreiritziak aspaldi gelditu ziren atzean. Popa, reggaetona, rapa, trapa... entzuleek denetarik aurkitu dezakete euskal musika eszenan. Kataluniako runba ere bertan dago, eta, esaterako, horren adibide da 2021. urtean Kilimak taldeak ateratako diskoa. Euskal Herriko runba izan zen taldearen lehen diskoa. Bigarren diskoa kaleratu dute orain: Irrikitan. Runbaz gain, doinu eta erritmo latinoak txertatzera animatu dira. Taldeko abeslari Ione Zozaiaren esanetan, «Euskal Herria dantzan jartzeko asmoarekin».
Tituluak dioen moduan, taldea «irrikan» zegoen bigarren diskoa kaleratzeko. Zozaiak azaldu du abesti batzuk «aspalditik gordeta» zeuzkatela, eta horiek prestatuta edukitakoan Paxkal Etxepareren estudiora jo zutela. «Paxkali abestiak aurkeztu, eta esan zigun aurreko diskoan zeudenen oso berdintsuak zirela. Beste zerbait bilatzen hasi ginen orduan, esperimentatzen». Taldeko musikari bakoitzaren gustuak islatzen saiatu dira disko berrian, eta, horregatik, ukitu latinoak dituen musika nagusitu da. «Ez dakigu nola definitu zehazki, zer estilotan kokatuko genukeen, baina Karibeko eragina oso presente dago». Taldekideak uste du kanta bakoitzak bere kolorea duela, kanta bakoitza estilo desberdinetatik ateratako zerbait dela.
Zortzi kantaz osatuta dago Irrikitan; euskarazko sei eta gaztelerazko bi jaso dituzte. Euskarazko musika egiteko apustua egin du taldeak bere lehen diskotik. «Euskal Herriko kultura munduko beste batzuekin fusionatu nahi dugu». Lehenengo diskoan Herrialde Katalanekin egin zuten harremana Zozaiak eta Agustin Garmendia gitarristak, eta orain, berriz, Karibeko herrialdeekin. Ez da kasualitatea gaur egun taldean bi kubatar egotea, abeslariaren ustez hori ere «erabakigarria» izan baitzen musika estiloa aukeratzeko. Diskoko abestietako batek Euskaraz du izena, eta «hizkuntzaren defentsan» eginikoa da, hain zuzen. «Euskaraz grabatzen ari ginenean emozio asko sentitu genituen; oso polita izan zen».
Kantuen hitzei begira, albuma aurrekoa baino «lan pertsonal eta intimoagoa» dela uste du Zozaiak. «Lehenengo diskoa ironikoki egindako kritika bat zen, gaur egungo gizarteari egindako kritika. Orain, berriz, gure bizipenetatik abiatuta idatzi dugu».
Musika ohiturak aldatu egiten dira belaunaldiz belaunaldi, eta Euskal Herria ez da salbuespena. «Euskal Herrian soilik rocka entzuten delako estigma erabat aldatu da, eta, era berean, euskaldunak mugitzen ez garelako aurreiritzia apurtu egin behar dugu. Guk gure kontzertuetan egiaztatu dugu hori ez dela egia». Musikariek irudipena dute jendeak «oso gustuko» izan zuela haien lehen diskoa, eta, diotenez, harrezkeroztik nabarmen handitu da «eskaria». «Kontzertu asko eman ditugu, ia gelditu gabe, eta geldiunea egin genuen momentuan buru-belarri aritu ginen disko berrian lanean».
Orain, ilusio handiagoa
Bigarren diskoa izanik, lehenengoan egindako akatsak zuzentzeko aukera izan dute. Zozaia: «Lehenengoan, adibidez, baxua eta perkusioa gutxiago entzuten ziren beste soinuen aldean, eta sumatzen genuen haien indarraren falta. Horregatik, emaitza akustikoagoa da Euskal Herriko runba diskoa, eta Irrikitan-en soinu elektronikoagoekin publiko zabalago batera iristea dugu asmoa». Abeslariaren esanetan, soinuan «hobera» egin izana sumatzen dute batez ere; «bereziki pozik» dira horrekin.
Apirilaren 5ean emanen dute bira berriko lehen kontzertua. Baionan izango da, eta hortik aurrera beste hainbat egiteko asmoarekin dabil taldea. «Oraingoz hamar bat kontzertu ditugu konfirmatuak, eta beste 30 bat ere ari gara antolatzen». Kontzertuan, musikaz gain, «showa» eskaini nahi du taldeak, argi jokoekin eta esketxekin, besteak beste. Kontzertu bira egiteko irrikan agertu da abeslaria: «Grabaketa prozesua gogorra izaten da, eta orain, lan hori bukatuta, ilusio handiagoz hartzen dugu dena».
Aurrera begira, musika estilo berriei ez die aterik ixten Zozaiak: «Batxata bat egiteko gogoarekin gelditu gara orain».