HILBERRIA. Derek Walcott

Karibearen poeta distiratsua

MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Umetako lehendabiziko oroitzapenetan, idazten ikusten zuen bere burua. Eta ama, Shakespeareren bertsoak etxean errezitatzen. Eta oso haur zenean hil zitzaion aita margolari eta bohemioa, poemak idazten. «Soinu horiek entzun nituen etxean oso txikitan. Beti jakin izan nuen zer egin nahi nuen: idatzi. Bereziki, poesia idatzi nahi nuen». Derek Walcotten (Santa Luzia, Antilla Txikiak, 1930-2017) genealogia laburra horixe. Eta hitz pare garrantzitsua: poesia eta soinua. «Soinu kolonialak», idatzi zuen inoiz. Eta sonoritate distiratsuko poemak sortu zituen. Santa Luzia, Karibe osoa kantatzeko. «Etxea» deitu ohi zien bere idazlanetan. Eta etxe horretan, berean bezalaxe, Afrikako sustraiak Europakoen eta beste hainbat tokitakoen ondoan bizi ziren. Idazle mestizoa zen Walcott, izan ere. Zentzu guztietan. Mendebaldeko kanona bai hizkuntzaz bai moldez nahierara moldatzen jakin zuen. Eta ez zuen poesia bakarrik landu. Antzerkia ere idatzi zuen; antzerkian ere ageri zuen etxea eta mundua ulertzeko bere era. Antzerkian ere landu zituen karibear identitateari buruzko bere gogoetak, arraza eta politika gatazken inguruan. Beti definitu izan zuen bere burua idazle karibear gisa. 1980ko urteetako poema batean idatzi zuen: «Herbeherear, beltz eta ingeles, nigan / eta edo ez naiz inor / edo nazio bat naiz».

Walcott bazen nor. Eta bazen idazlea. 14 urterekin argitaratu zioten lehen olerkia. The voice of St. Lucia egunkarian. Poema erlijioso espiritual bat zen —katolikoak gehiengoa ziren Santa Luzian, eta Walcotten familiakoak metodistak ziren—, eta gotzain katoliko batek blasfemotzat jo zuen jendaurrean.

Ikastea ez zuen bekatutzat—bere ama irakaslea zen—, eta Jamaikan egin zituen unibertsitate ikasketak Walcottek, 1950etik aurrera. Ingeles literatura, frantsesa eta latina ikasi zituen. 1953an, Trinidadera aldatu zen bizitzera. Antzerki eta arte kritikari lanetan aritu zen han. Ordurako, lehen poema liburuak argitaratuta zeuzkan: 25 Poems (25 poema, 1948) eta Epitaph for the Young (Gaztearentzako epitafioa, 1949).

Trinidaden zegoela, Rockefeller Fundazioaren beka bat jaso zuen. New Yorkera joan zen ikastera, 1957an. 1962an, In a Green Night (Gau berde batez) liburuarekin, kritikarien arreta bereganatu zuen lehen aldiz. Bere burua, karibearrak eta Karibearen historia testuinguru kolonial eta postkolonial batean kokatzen zituen lan hartan; Londresen editatu zioten; 1948 eta 1960 bitartean idatzitako olerkiak biltzen zituen.

1963an, atzera Trinidaden zegoen, antzerki talde propioa sortzen, lehen antzezlanak taularatzen. Antzerkilari gisa, berriz, Dream on Monkey Mountain (Ametsa Monkey Mountainen, 1971) lanarekin lortu zuen lehen arrakasta handia. NBC telebista kateak eman zuen, eta 1972an Negro Ensemble Company off-Broadwayk taularatu zuen New Yorken.

Karibeko hainbat unibertsitatetan irakasle aritu ostean, AEB Ameriketako Estatu Batuetara aldatu zen bizitzera. 1984an, arte dramatikoa eta literatura erakusten ari zen Bostongo unibertsitatean. Columbia, Rutgers eta Yaleko unibertsitateetan ere irakatsi zuen. Eta bi ikaslek salaketa jarri zuten haren aurka: proposamenak egin zizkiela, ezezkoarekin erantzun ziotela, eta, ondorioz, beren lorpen akademikoak oztopatzen aritu zela. Salaketok ez ziren epaitegietara heldu.

Eta Omeros poema epikoa eman zuen argitara. 1990 zen. Homeroren Iliada zekarren gogora, baina Walcottena zen. Walcotten lanik handiena, kritikari askoren ustez. Karibearen argia eta soinua zituen. Literaturako Nobel saria eman zioten 1992an. Saint-John Perse zen ordura arte Nobela jasotako idazle karibear bakarra. «Walcotten obra argitsua da oso, ikuspegi historikoa du oinarri, eta kultura aniztasuna hari. (...) Estiloa melodikoa eta sentibera du», adierazi zuten orduan Nobel Akademiako kideek. Hainbeste miresten zuen poetaren saria ere, TS Elliot saria, jaso zuen, 2011n.

Kariben hil zen atzo Derek Walcott. Santa Luzian. Hamaika aldiz poematu zuen etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.